argia.eus
INPRIMATU
Fatiok bereizi zuena ez dezala politikak ezabatu

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko apirilaren 25a
Fortunio Liceti italiarraren De monstris (1665) liburuko ilustrazioa. Garai bertsuan, Licetik
Fortunio Liceti italiarraren De monstris (1665) liburuko ilustrazioa. Garai bertsuan, Licetik "munstroak" deskribatu zituen eta Fatiok siamdarrak bereizteko ahalegina egin zuen.

Basilea (Suitza), 1689. Johannes Fatio(1649-1891) kirurgialari eta obstetrikalaria Elisabet eta Catherina ahizpa siamdar jaioberriak bereizten saiatu zen, eta lehenengoz kirurgia arriskutsuak arrakasta izan zuen.
200.000 jaiotzatik batean anai-arreba bikiak gorputzeko hainbat ataletatik batuta jaiotzen dira. XXI. mendeko teknologiarekin ere, maiz arrisku handiko ebakuntza eskatzen du biki siamdarrak bereizteak. Fatiok XVII. mendean lortu zuen balentria, eta doktore suitzarrari meriturik kendu nahi ez arren, zortea ere lagun izan zuen.
Elisabet eta Catherina biki siamdar xifopagoak ziren. Mota horretako siamdarrak ehun bigunetik soilik batuta egon ohi dira eta ez dute ezinbesteko organorik partekatzen; hala, ebakuntzaren ondoren bizirik irauteko aukera askoz handiagoa dute. Elisabetek eta Catherinak organo garrantzitsu bat partekatzen zuten, baina, zorionez, erabat berrosatzeko gaitasuna duen giza gorputzeko organo bakarra zen: gibela.
Fatiok berak ez zuen esperantza handirik izango, ebakuntza hasi baino lehen ahizpa itsatsiak bataiatzeko agindua eman baitzuen, zer gerta ere. Itxura guztien kontra, bikiak onik atera ziren eta aurrerantzean bizimodu normala egin ahal izan zuten. Fatiok, aldiz, ez zuen halako aukerarik luzaroan izan.
Johannes Fatio Basilean bertan jaio zen. Ikasketak jaioterrian hasi zituen, baina Valenceko Unibertsitatean (Frantzia) lortu zuen doktoregoa. Siamdarren bereizketa bikainaz gain, lan handia egin zuen haur kirurgian; umeen baldintza kirurgikoak sistematikoki aztertzen eta tratatzen lehena izan zen. Hainbat liburutan bildu zuen egindako lana, baina, arrazoi politikoak medio, ez zuen sekula jaso merezitako oihartzuna eta aitorpena.
Basileako udal gobernua kontseilu berezi baten eskuetan zegoen garai hartan. Pixkanaka kontseiluan bankariak eta goi mailako merkatariak sartzen joan ziren eta, azkenean, boterea gutxiengo aberatsenaren esku geratu zen. 1691n herritarrak boterea berreskuratzeko matxinatu ziren, baita lortu ere. Baina, berehala, kontseilu ohiak kontra-errebolta antolatu zuen, eta ordena zaharra berrezarri.
Matxinadaren buruzagietako bat izanik, Johannes Fatio atxilotu, torturatu eta 1691ko irailaren 28an hil zuten. Pediatra aitzindariak idatzitako liburuak konfiskatu eta erre zituzten. Eskuizkribu bakarra salbatu zen, hil baino urtebete lehenago idatzitako Helvetisch-Vernünftige Wehe-Mutter izeneko emagintzari buruzko tratatua. Gainera, obra hori ez zuten egilea hil eta handik 70 urtera arte inprentara eraman. Haren obra bakarra argitaratu bitartean, Elisabet, Catherina eta beste hainbat haurren osasuna izan zen Johannes Fatioren lanaren ordain isila.