argia.eus
INPRIMATU
80ko hamarkada luzea

Mikel Zurbano 2013ko apirilaren 25a

Thatcheren heriotza bere agintaldia berrikusteko aitzakia izan da. Komunikabide nagusiek atzera begira jarrita bere jokabide politikoak argilunak izan zituela ohartarazi dute. Argien bilaketa metaforikoan hasi eta etsita utzi behar izan dut berehala. Pinochet eta Hegoafrikako apartheideko erregimena lagun zituen emakume gerrazalearen argiak ezin izango ditugu bilatu politikaren arloan. Erresuma Batuko zentro politikoa eskuin muturrera desplazatzea izan zen bere dohain nagusia. Bere ekarpenik aipagarriena 1980ko hamarkadaz geroztik erregimen sozioekonomikoan, Reaganekin bat eginda, bultzatu zuen iraultza neoliberala izan zen, inondik ere. Orduan ereindako estrategia ideologiko eta politikoa gaur egungo krisiaren hazia izan da. Hamarkada horretako paradigma aldaketa liberalak segida luzea izan du, batik bat Europako eraikuntza instituzionalean eta ideologikoan.

Thatcher eta Reagan bikoteak ordezkatzen zuten iraultza kontserbadoreak lehentasunezko helburua izan zuen: komunismoaren beldurrak eraginda mendebaldean eraiki zen ongizate estatuari amaiera ematea. Ekonomi interes liberala gailendu zen eta horrekin batera balore politiko atzerakorrak ere. Eta halabeharrez eman zen igoera hori, izan ere, aurreko paradigma keynesiarra ez zen gauza izan aurreko hamarkadako krisiak sortutako estanflazio egoera (inflazioa eta langabezi tasa garaiak batera) berriari aurre egiteko. Keynesen jarraitzaileek desenplegua menperatu zuten baina ez inflazioa. Hutsune hori betetzera etorri zen liberalismo berritua.

Azkeneko hiru hamarkadetan iraultza kontserbadorea hegemonikoa izan da arlo ideologikoan, politikoan eta ekonomikoan. Mundu guztiko neoconek, batez ere AEBetako Bush (semea), Rumsfeld eta abarrek segida eman zioten Thatcherek irekitako olde liberalari. Nolanahi ere, 2007an hasitako Atzeraldi Handiak zalantzan ipintzen ditu paradigma neoliberal horren ardatz nagusiak. Hona hemen irizpide esanguratsuenak. Baiki, gaur egungo behategitik egiazta dezakegu ildo horien errakuntzaren tamaina.

Merkatua da irtenbidea eta estatua arazoa delako axioma ezaguna da liberalismo ekonomikoan. Haatik, bistakoa da finantza merkatuek ez dutela baliabideen esleipen egokia egin, horretarako askatasun osoa eman zaienean, eta krisia larrien nozitzen ari direnak estatu ahulak dituzten herrialdeak dira. Oligopoliorako joera duten finantza bezalako merkatu disfuntzionalen arazoak konpontzeko estatu eta ikuskatzaile indartsuak behar dira. Finantza sistemari emandako irtenbidean botere publikoaren esku-hartze indartsua ezinbestekoa izan da. AEBetako eta Japoniako esperientziek oso argi uzten dute hori, baina baita Europakoak ere, nahiz krisialdiko esku-hartzea mugatuagoa den EBean. Mendebaldean indarrean ipintzen diren egonkortze planek instituzio publikoen esku-hartze sistematikoa eta erraldoia ekarri dute, merkatuko mekanismoetatik kanpo geratzen dira eta ekonomiaren barneko botereen arteko indarrak berrorekatzeko eta finantza eragileen galerak sozializatzeko saioa dira.

Merkatuen desarautzea da kontserbadoreen helburu ekonomiko nagusia. Horretarako oinarriak 1980ko hamarkadako erdialdean ipini zituen Thatcherek Londreseko City finantzarioari bere negozio hedapena erabateko askatasunarekin egiteko aukera ireki zionean. Orduan hasi ziren finantza berrikuntzak eta botere finantzarioen askatasunak elkar elikatzen. Ondoren negozio bolumena eta diru sorkuntza biderkatu egin dira finantza sisteman, baina hipoteka eta kredituen titulazioa, arrisku garaiko fondoak edo bestelako produktu eratorri uherrak Atzeraldi Handiaren jatorri dira. Horiek guztiek Cityn dute iturburua eta bere ezaugarri eta profil esanguratsuenak han aurki daitezke oraindik ere.