Leon-kastillo neutroez
Aitor Zuberogoitia (Atabala bloga, 2012-12-17)
Besteak beste, honako hau izango da EITBko zuzendaritza berriaren printzipio gidarietako bat: ETB1 suspertzea, eta, aldi berean, ETB2 hauspotzen jarraitzea. ETB1 ZIUtik ateratzeko euskarazko eduki gehiago sortu beharra ei dago, harik eta ETB2rako ekoitzitako ordu-kopuruarekin parekatu arte. Desafio horri, gainera, aurrekontu-murrizketa garaian helduko bide zaio. (...) ETB1 eta ETB2, biak bultzatuko direla aldarrikatzea (bataren existentziak besteari desorekarik eragingo ez balio modura, ahulenaren aurrekontua argalduz, giza-baliabideak gutxituz, ikus-entzuleak eta publizitatea ebatsiz…), diskurtso politikoki zuzena da, baina, ezinezko metafisikoa planteatzeaz gain (ez baita posible txanpona airera bota eta ez leon ez kastillo aldera jaustea), eztabaida faltsutzen du, logika oinarrizkoenak argi dioskunari entzungor eginez: hau da, telebista kate bik esparru berean baldin badihardute, bietan ahulena indartuko bada, bietan indartsuena ahuldu behar dela; batak lekua irabaz dezan besteak espazioa desokupatu beharra daukala, alegia, bide batez bere diruen, giza-baliabideen eta ikus-entzuleen zati garrantzitsu bat parent pauvre-aren esparrura bidean jarrita. Hala egin ezean, 1986az geroztik bezala jarraituko dugu: txanpona airera beti, leonek eta kastillok, biek aukera berberak dituztelakoan, eta asturuak (ezin asmatuzkoak baitira Jaunaren bideak) gehien-gehienetan kastilloren alde zergatik egiten duen igarri ezinda.
Euskal telebista, euskararen minbizia
Juan Uranga (Sustatu.com, 2012-11-16)
ETB1en aurrekontuak loditu, programazioa hobetu, ikuslegoa ugaritu eta orokorrean euskararen mundua aberastea, etorkizun hurbilean burutu beharreko helburuak dira zalantzarik gabe. Baina nahikoak al dira? Nago ezetz. (...) Telebistaren indarrik handiena bere indar arau-emailea da. Eta ez naiz iritzi politikoak moldatzeko duen indarraz ari, jokabide sozialak oharkabe aldatzeko, indarrean jartzeko edo modaz kanpo uzteko duen eraginaz baizik. Ager dezakeen beste edozein eraginen oso gainetik kokatzen da indar arau-emaile hori. Eta alde honetatik, euskarari, ETB1en egiten denak hainbat, edo seguru asko oraindik gehiago, eragiten dio ETB2n egiten denak. (...) Ez al da harrigarria telebista normaltasunaren sortzailea izaki eta euskararen erronka normalizazioa izaki, telebistaren eragin hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza politika garatzea? Zertan gabiltza garrantzi txikiagoko hainbat aspekturen eztabaidan, indar nagusiaren gorabeherak zeharo bazter utzita? Batzuk ustekabez harrapatu ditu elebidun gero eta gehiagok erdararen alde egiten duten aukerak euren eguneroko bizitzan. Etorkizun euskaldunaren euskarri izan behar ziren gazteak tarte. Eskolaldi osoa euskaraz egin eta gero nolatan ematen diote bizkarra gure hizkuntza maiteari? Telebistan ikusi dutenari begiratuz gero ez dut uste erantzuna zaila denik. (...) Euskal telebistak erakutsi die “euskal” deitu daitekeela erdaraz eginez. Euskal (erdal) telebistak erakutsi die euskaldun peto-peto izan zaitezkeela nagusiki erdaraz jardunez telebistan. Norbaitek uste du herriak euskaldun petotzat jotzen duen jende erreferentziala nagusiki euskal (erdal) telebistan agertzeak ez duela mezu subliminalik? Ez duela normaltasuna arautzeko lanik egiten? (...) Elebidunak euskararen aldeko aukera egiten erakusten duen telebista behar dugu. Elebidun erreferentzialak. Telebistan behin eta berriz ageri direnak. (...) Amaitu egin behar dira behingoz simetriazko axolagabekeriak. (...) Telebistan euskaltzale agertzea da guztien artean ezinbestekoena. Telebistak fabrikatzen duelako egunero gure normaltasuna. Gaurkoa eta biharkoa.