argia.eus
INPRIMATU
ELA eta LABen arteko konponezina gainditu beharra

Juan Mari Arregi 2012ko ekainaren 27a

LAB sindikatuak 45.000 afiliatu ditu, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. Duela lau urte baino ordezkaritza zabalagoa du orain. Joan den astean zortzigarren biltzarra egin du Eraiki dezagun. Orain da garaia. Langileon Euskal Herria leloarekin. Biltzarra egin da gizartean eta politikan testuinguru garrantzitsua dagoenean. Finantza eta ekonomia krisia larriagotzen ari da langabezia, pobrezia, bazterketa soziala eta marjinazioa handitzen ari diren heinean. Era berean, gobernuek eta euren medioek sindikalgintza abertzalearen kontrako mezuak jaurtitzen dituzte. Eszenatoki politikoa aldatuz doa, ezker abertzalea sartzen ari baita Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala gisako erakunde garrantzitsuen gobernuan, eta Sortu ere legalizatu egin dute.

Testuinguru horretan, jadanik hainbat greba sustatu dituen sindikalgintza abertzaleak, zeregin asko dauka oraindik eredu ekonomiko, politiko eta sozial berriaren alde egiteko, beste fronte batzuek arbuiatzen duten Euskal Herriaren subiranotasunaren errespetutik, gainera. Norabide horretan, LABen biltzarrak aliantza tekniko-estrategikoa proposatu du sindikalgintza abertzalean, beharrezkoak diren aldaketa politiko eta sozialek funtsezko zutoinak izan ditzaten. ELA eta LABen arteko ekintza bateratua hautsi egin da azken hilabeteetan. Biltzar honen ondoren, konponezin hori gainditu behar da. Bi sindikatu abertzaleen artean 150.000 afiliatu baino gehiago dituzte, aktibo garrantzitsua da. Sindikatuek eszenatoki honetan izan behar duten paperaz eta estrategiaz adostasunera iristea, Euskal Herriko etorkizunari egin dakiekeen ekarpen politiko onena litzateke. Horretarako, protagonismo oro albo batean utzi eta kapitalismoaren kontra zuzenean borrokatu behar dute.