Krisiak aupatutako beste bat

FRANÇOIS HOLLANDE izango da seguruenik Frantziako hurrengo lehendakaria, baina adi, hamar egun falta dira oraindik maiatzaren 6ra arte eta denetarik gerta daiteke. Nicolas Sarkozyk, alabaina, oso zaila du Eliseoko giltza berreskuratzea. François Bayrouren zentrismoa eta Marine Le Peneren eskuin muturra ia osorik bereganatu beharko lituzke irabazteko eta hori ez bide da gertatuko.

Frantzia gogaitu da Sarkorekin eta listo. Hori da nagusiki lehen itzuliak adierazten duena: V. Errepublikako lehen lehendakaria da Eliseorako bigarren ahalegineko lehen itzulian galtzen duena.

Hollandek, aldiz, txukun eutsi dio eta, gutxigatik bada ere, irabazten hasi da. Ezker osoaren sostengua izango du hurrengoan, eta baita Sarkozyren aurkakoena ere. 1981ean hautatu zuten François Mitterranden ondoren, PSk lortzen duen bigarren lehendakaria litzateke, eta nahiko gertaera harrigarria batez ere ikusirik azken urteetako PSren barne giro nahasia eta beheranzko joera.

Baina krisia dago tartean, horrek azaltzen du gehiena. Sozialdemokrata edo eskuinekoa izan, herritarrak irtenbideak behar ditu, eta botoa medio, dagoeneko Europako hamar gobernu erori dira krisiaren ondorioz. Oraingoan, Frantzia sozialaren zati handi bat gogotik beldurtu da ongizate estatuaren apurkako desegitearekin.

Baina krisia bakarrik ez, Sarkozyren bost urteko ibilbide loriatsua ere giltzarri da emaitzetan. Bere handinahikeria, autoritarismoa eta estilo zakarrak frantziar askoren arbuioa ekarri du, izan hauek ezkerreko edo ez; besteak beste, frantziar politesse-aren aurkako sinbolo bilakatu da agintari eskuindarra.

ALTERNATIBA kutsua izan da Hollanderen hauspoa. Merkatuekiko berba jario gogorra erabili du, batez ere aurrekanpainan; estatu soziala defendatu behar dela aldarrikatu du; ez datorrela bat Merkelekin eta ez dela haren meneko izango, Europar Batasuna bere zain dagoela aldaketei ekiteko, austeritate politika bakarrik ez, hazkundea bultzatuko duten politikak ere beharrezkoak direlako. Eta jendeak sinetsi dio.

Beste gauza bat da lehendakari hautatzen badute noraino aldatuko diren Merkelen eta Europar Batasunaren egungo norabideak. Eta errealista izanda, ez dago esperantzarako tarte handirik. Europako sozialdemokraziak ere urteetan jorratu du egungo barazki hauek ematen dituen baratze neoliberala. Orain ez dela bere gustukoa? Ez dago argi, ez behintzat Grezia, Portugal eta Espainian sozialdemokraziak izandako jokaera ikusita.

Aitzitik, bada arrazoi asko pentsatzeko krisiaren aurkako norabidea oso antzerakoa izango dela. Batetik, Alemaniaren eta merkatuen indarrari aurre egiteko borondate nahikorik ez da antzematen EBn eta herritarren presio nahikorik ere ez. Finantza munduaren kontrola eta arautzea giltzarri dira norabide horretan, Europako Banku Zentralak egiazko banku publikoaren funtzioa eskuratzea ere bai, eta baita zorraren ordainketan baino ekonomia hazkundean inbertitzea ere. Ez dirudi Hollandek ezinbesteko aldaketa handi horren lidergoa hartzeko asmorik duenik. Maiatzaren 6an Sarkozyk irabaztea baino ezusteko handiagoa litzateke hori.

ESKUIN MUTURRARENA da hauteskunde hauetako emaitzik kezkagarriena. FNk inoizko emaitza onena lortu duelako: alabak (%18) aitak (%16) 2002an baino bi puntu gehiago lortu ditu orain. Eta kezkagarria bai, baina ez berria, ez FN beraren ibilbideagatik, ezta ere azken urteetan eskuin muturra eta jarrera xenofoboak Europa osoan izaten ari diren gorakada kontuan hartzen badugu: Austria, Belgika, Italia, Hungaria, Eslovenia... Europako Legebiltzarreko 2009ko hauteskundeetan 17tik 35era pasatu ziren gisa honetako alderdien eserlekuak. Krisiak, beldurrak eta ezjakintasunak bultzatutako norabidea da, 1929ko krisiaren atarian ere Europa osora indarrez zabaldu zena. Autoritarismoa izan zen orduan estatu askok krisiari emandako erantzuna eta, gaur egun ere, tentaldi bera antzematen da demokrazia labelaren atzean ezkutatutako hainbat gobernuen atzean ere.


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


Eguneraketa berriak daude