argia.eus
INPRIMATU
Garunera
Jakoba Errekondo 2012ko martxoaren 06a
Erromeroa, Rosmarinus officinalis.
Erromeroa, Rosmarinus officinalis.

Nire goraintzian Rosmarinus officinalis, erromeroa, errituetarako besterik ez zuen erabiltzen gure amona Joxepa zenak. Kristautasuna bezala Mediterraneotik ekarria izaki, sekta haren meza kontuei lotua dut oroitzapenean, erramua (Laurus nobilis), ihia (Juncus sp.) eta palmondo hostoa (Phoenix canariensis) bezala. Inguruan ditudanen akorduan ere bedeinkatze bidean ziren kandela-sortei lotutako adarra da duten erromeroaren gogoramen bakarra. Euskaldunon gomutan zuhaixka honek ez du leku asko hartzen...

Gerora izan dut bere berri. Erromeroaren esentzia eta olioa azaleko ez azaleko arazoak sendatzeko erabiltzen dira: burusoiltasuna, giharretako minak eta abar. Bi lanetan da iaioa landare hau: odolaren ibilia errazten du eta antioxidatzaile indartsua da. Odol-ibilia hobetuta oxigeno gehiago iristen da eta dena delako giharrak aiseago lan egingo du. Antioxidatzaile, zahartzea atzeratzen du eta endekatzea dakarten hezueria edo artrosia bezalako gaixotasunak artatzeko bezala, zahartzearen itxurari aurre egiteko kosmetikan gogotik darabilte.

Gogoan urrun izanagatik, bururako ona. Azalean musuaren bisajea txukuntzen digu. Sakonean garunera oxigenoa eramanez memoria hobetu. Bai, buztin-lurra kareak bezala medeatzen du erromeroaren urak gure memoria.

Batez beste kilo eta erdi eskaseko giharra izanagatik, arnasten dugun oxigenoaren %22 garunak harrapatzen omen du. Omen. Batzuetan besteetan baino biziki nabarmenago izaten den oxigeno eskasia tutarrez urritu baino lehenago erromero-ura hartu. Hartzazu. Zuk bai, zuk. Elkarrekin hartuko dugu.

Ez asko, baina lan bera egiten duten landareak beti izan dira gurean: ahabia (Vaccinium myrtillus), milorria (Achillea millefolium) eta ezkaia (Thymus vulgaris), adibidez…