Hutsa :: Hutsa
MusikHerria.
iraupena :: 27´48´´
8 euro.
Zer da zuentzat kafe bat hartzea? Barealdia? Epeltasuna? Hausnarketa? Sormena?
Kafe bat hartzeak guretzat zoramen honetan, irakurtzeko, lagunekin hitz egiteko, pentsatzeko, berotzeko... geldiunea irudikatzen du.
Kafea, musika bezala, bere horretan, purutasunean bizitzen al da askotan?
Kafea eta musika, diruditena baino gehiago dira beti, pertsona bakoitzarentzat zentzu ezberdina dute; eta, jakina, bai kafea, baita musika ere, era ezberdinetan hartzen ditugu gure momentuen arabera.
Folkaren biluztasunaz eta pop-rockaz gain, musika latinoak eta bossak ere zuen bihotzak samurtzen ditu, ezta?
Musika dago gure bihotzean eta honi ateak ireki dizkiogu ateratzeko baimen osoarekin, horregatik hainbeste estilo, hainbeste akorde gurutzatuta... Ea bide honetan gurea dena topatzen dugun, musikak berak, bihotzak erabakiko du.
“Hutsa”-k gelditzen zarete kantuekin barruak hustu ostean? Huts horrek bultzatzen zaituzte kantak egitera? Hutsa da funtsa?
Hutsa izan da proiektu honen funtsa, barneko hutsak, kanpoko hutsak, sentimendu hutsak, ohe hutsak... Hori guztia bideratu nahian musikak husten gaituela konturatu ginenetik hori izan da bidea beti. Kasu honetan, barne-barnekoak ateratzeko eta gure barruan hutsak betetzeko erabili dugu.
Musikaren itsasoan MusikHerria da igeri egiten ikasteko modu aproposenetako bat?
Dagoenaren artean behintzat koherenteena da. Guretzat kultura zaindu beharreko ondarea da, hori da lehentasuna, gero norbanakoarena, baina lehenik eta behin gizartearena; eta bide horretan ezin ditugu ulertu gauzak beste era batera, SGAE eta Sacem bezalako enpresei ez diegu etekinik emango, eta MusikHerrian, hori argi daukagu. Gure helburu eta filosofiarekin bat egiten du arlo askotan.
Zer ematen dizue ildo akustikoak zuen beste taldeek ematen ez dizuetena?
Sentsazio ezberdinak, beste mundu batean esperimentatzeko aukera, aniztasun musikala eta batez ere, sentimendu ezberdinak bai konposatzerako orduan, baita eszenatokietan ere. Polita da tartekatzea, aberasgarria.