argia.eus
INPRIMATU
Musuak bularretan
  • MIQUEL MARTÍ i POL::Marta maitea

    Denonartean

    iraupena ::118 orrialde

    prezioa ::9 euro

Igor Estankona 2011ko abenduaren 06a
Miquel Martí i Pol (Roda de Ter, Osona, 1929 -Vic, 2003), tornulariaren eta kotoi fabrikako langilearen semea, gerra eta zikinkeria ezagutu zituena, desagerrarazi nahi zuten Katalunia defendatu zuena lumarekin eta hizkuntzarekin, gaixotasunak makaldua, aita, alarguna, senarra bigarrenez… ederra da, nostalgiaren puruan, gizon honen Marta maitea hartzea, Joxemari Sestorainek itzulia. Lluís Llachen eta Maria del Mar Boneten Mediterraneoko pinudietako haizea ekarri dit, eta haize horrek, bitxia da, Joseba Sarrionandiaren itzulpenen aparra eta Andolin Eguzkitzaren gozamen malkoak. Horrela korapilatuko zaizu zuri ere bizitza bihotzaren eta sabelaren arteko puntu horretan. Marta maitea erabat orekatua da, sakona eta sinplea. Horregatik da aparta.

Vint-i-set poemes en tres temps (Hogeita zazpi poema hiru alditan, 1972) idatzi zuenerako, Martí i Polen gorputzean esklerosi anizkoitzak egina zuen bere zuloa. Ezinbestean, garai hartako bere poesiak bakardade, oinaze eta heriotzaren gertutasunerantz egiten du: poeta bere baitan biltzen da. Baina, era berean, zorroztu egiten ditu ikusmena eta ukimena, muga fisikoak zehazki non dituen horien bitartez ikasten hasten da-eta. Horrela, Cinc esgrafiats a la mateixa paret (Bost esgrafiatu horma berberean, 1975) lanean nabari denez, katalanak ez errenditzea erabakitzen du. Suspertu eta Quadern de vacances (Opor-liburua, 1976) idazten du. Apurka-apurka, fenixa bezala, biztu egiten da Martí i Pol, poesia bitalista eta gero eta distiratsuagoa eginez. Estimada Marta (Marta maitea, 1978) baikortasun, sentsibilitate eta izadiarekiko maitasunaren gailurretako bat da, hausnarketa sozialaren, erotismoaren eta etorkizunarekiko konfiantzaren bideetatik doana: “Ez nintzateke loriatuko inork pentsatuko balu itxurakeriaz luzatu naizela eskuburdinaz eta girgilez lotu nauten mugak xeheki azaltzen. (...) Garbi geldi bedi ez nauela heroismoak erakartzen eta ez nabilela eredugarri izan nahian”.

Hitzaren eta sentimenduen uztartze perfektua da Martí i Polen poesia. Lumaren bitartez barne-munduak deskribatzen maisua da. Ez dauka hitz bat alferrik, ez dago estridentziarik, dena da fintasuna. Zergatik maite dugu hainbeste, gainera? Marta maitea honetan ageri den legez hurbila delako beti, eta ez diolako inoiz bere buruari penarik hartzen. Atsekabeak atsekabe beti dauka berba gozo zehatz bat Martí i Polek.
«Egiten duguna hemen eta orain disfrutatzeko da, baina gerorako gelditzea ere ondo legoke»

Ahalegin handia behar da bakarrik aurrera egiteko?

Ahalegin handia egiteaz gain, egiten duzun horretan erabat sinetsi behar duzu, ezinbestekoa da. Garai hauetan taldearen alde lan egin eta maila onari eustea oso zaila da. Baina gure buruekin oso zorrotzak gara.

Non gelditu zen Chico Boom? Lana eta kredituak banatzeko unea heldu da?

Inoiz baino gusturago nago. Chico Boom bakarkako proiektu gisa jaio zen eta gerora talde bihurtu zen ia halabeharrez. Orain talde bat gara eta guztiok ardura berdina dugu. Chico Boom lozorroan dago momentuz.

“Bultzada hartzeko teklatu jotzailea jarri iezadazu eta urrun helduko naiz (bateria gutxietsi gabe, jakina)”. Hori al da zure leloa?

Oso zoriontsua naiz mundu zati honetako bi musikari onenetarikoak alboan ditudalako. Biek duten teknika, jotzeko era eta izateko modua ikaragarriak dira.

“Hereafter”. “Hemen eta orain” jada ez da nahikoa?

Jakina baietz. Egiten dugun guztia hemen eta orain disfrutatzeko da, baina horrek guztiak jarraipena izatea nahiko genuke, hor gelditzea.

The Who, The Soundtrack Of Our Lives eta Beatles gabe hemen egongo zinateke?

Guztiaren ama dira aipatutakoak, baina badira bestelako eragin batzuk ere: batez ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako artistak. Musika konposatzerakoan estiloei zein gure eraginei begiratu gabe musika ona egiten saiatzen gara.

Gaur egun oso talde gutxik zaintzen dituzte koro eta armoniak zuek beste…

Lan handia dakar eta zaila da afinazioari eustea. Inoiz ahotsak bakarrik lantzeko entseguak egin izan ditugu, nork eta nola egitea erabakitzeko.

Chico Boom abiadura bizian heldu zen, baina desagertuz joan zen. Zer lehentasun emango diozue Supersweeteri?

Chico Boomek oztopo asko izan zituen aurrean: lana, osasun arazoak, bestelako proiektuak… Orain hau da gure proiektu bakarra; hortaz, galdutako erritmoa berreskuratu nahi dugu.