“Aitaren kontsultan jendea zain. Gripea zenean, ilara luzeak, igandean ogitara baino luzeagoak. Kontsultako horman zintzilik, egutegiak, Suitzako irudiak, mendi ikusgarriak, elurtuak. 1947an zegoen eskasia kontuan harturik, arrazionamendu kartilak ikusitakoa naiz ni txikitan, eta bestalde, Suitzako mendi haien edertasuna ikusgarria zitzaidan, mundu zoragarria! Beste egutegi batean, berriz, Asentzio Martiarenaren lanak, haren kolore gorriak, urdinak… Nik ikusten nituen koloreak askoz argi-ilunagoak ziren! Liluragarria zitzaidan, garai hartan ere. Eta Moneten San Lazaro Geltokia ikusi, trenaren tximiniatik kea zeriola, baina kea urdinez!, bada, mutikoa zen honi modernoa iruditzen zitzaion, nahiz eta kolore festa hura aztertzeko gai ez nintzen. Zoragarria”.