argia.eus
INPRIMATU
San Francisco 1896, bidegorri eske

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko urriaren 05
1896ko uztailaren 25ean milaka txirrindularik bizikletentzat bide egokiak aldarrikatzeko agerraldia egin zuten San Franciscon. Ezkerreko irudian, XIX. mendeko txirrindulari klub estatubatuar bateko kideak.
1896ko uztailaren 25ean milaka txirrindularik bizikletentzat bide egokiak aldarrikatzeko agerraldia egin zuten San Franciscon. Ezkerreko irudian, XIX. mendeko txirrindulari klub estatubatuar bateko kideak. www.nycvintageimages.com

San Fancisco (AEB), 1896ko uztailaren 25a. Milaka txirrindularik bi gurpileko garraiobidearen aldeko martxa egin zuten hiriko kaleetan, Good Roads (Bide Onak) mugimenduak antolatuta. Biharamunean The San Francisco Call egunkariak adierazi zuenez, 100.000 bizikletazale inguru bildu ziren, txirrindulariak nahiz oinezkoak kontuan hartuta.

Hamar bat urte lehenago, aurreko gurpil erraldoia zuen bizikleta arriskutsua baztertu eta tamaina bereko bi gurpileko bizikleta modernoa nagusitu zen. 1889an, gurpil pneumatikoak bizikletan ibiltzea are gehiago erraztu zuen. Hala, bizikleten salmenta eta erabilera izugarri hazi zen. Bizikletek AEBetako hainbat hiritako kaleak hartu eta berehala, erabilera mugatzeko arauak sortu ziren: gehienezko abiadura, ordutegi bereziak... Baina baita muga horiei aurre egiteko mugimenduak ere. 1880an League of American Wheelmen delakoa sortu zen Rhode Islanden, eta txirrindulariak herrialde osoan biltzen eta antolatzen hasi ziren.

Ez da harritzekoa San Franciscoko mugimenduak Good Roads izena izatea, horixe baitzen hiriko txirrindularien premia nagusia: bizikletentzako bide egokiak. San Franciscoko bide sarea hiriak 40.000 biztanle zituenean planifikatu zuten, baina XIX. mendearen amaieran 360.000 biztanleko metropolia zen. Ordura arte nagusiki tranbiak eta gurdiak zebiltzan kaleetan eta, horregatik, zorua lokatzez, galtzadarriz eta tranbiaren errailez josita zeuden. The San Francisco Callek zioen moduan, bizikleta aurrerabidea zen, eta hiriak bizimodu berrira egokitu behar ziren.

1896ko martxa hark berehalako erantzuna izan zuen: 1898an txirrindulariak Market Street zolatu berrian gora eta behera zebiltzan. 1899an 1.200.000 bizikleta saldu ziren AEBetan.

Hamar urte geroago, 1909an, 160.000 besterik ez ziren saldu. Bi gurpilak lau bihurtu ziren, petrolioak zangoen indarra ordezkatu zuen, eta kaleak auto pribatuen mesedetan zolatzen hasi ziren.

1997ko uztailaren 26an, 101 urteren ondoren, txirrindulariek berriro hartu zuten Market Street eta, orduz geroztik, hilero egiten dute martxa, egunero egiteko aukera helburu.