Baratze ekologikoen paradisua

  • Berlingo periferian kokatzen da Eden kolonia. XIX. mende bukaeran jaio zen, ohiko gizarte eta ekonomia eredutik ihesi, eta lur kooperatiboetan eta baratze ekologikoetan oinarritzen da oraindik, baina gorabeheraz betetako ibilbidea izan du 118 urte hauetan.

 120 hektarea ditu Eden koloniak, 14 kilometro bideetan eta 1.500 biztanle inguru. Irudian, komunitatearen sarrera.
120 hektarea ditu Eden koloniak, 14 kilometro bideetan eta 1.500 biztanle inguru. Irudian, komunitatearen sarrera.Irati Elorrieta

Berlin hiriguneko iparraldean trena hartu eta hogei minutu eskasera Oranienburgen nago. 40.000 biztanle inguruko probintzia-hiriburu honetatik Eden koloniara dauden 3,5 kilometroak bizikletaz egin daitezke. Seinale batek iragartzen du kolonia, eta armarri estilizatuko hiru zuhaitzak proiektuaren jatorriko hiru zutabeen sinbolo dira: lurraren, ekonomiaren eta bizitzaren erreforma. Kolonia begetariano gisa sortu zen Eden, 1893an, Bizitzaren Erreforma mugimenduko 18 gizonek Berlingo Ceres jatetxe begetarianoan egindako bileran hala erabakita. Gerora ere, Edengo kide aktiboenek barazkijale izaten jarraitu zuten, baina koloniako kide izateko baldintza izateari utzi zion 1901ean.

Eden izenak Bibliako lurreko paradisuari egiten dio erreferentzia zuzena, kooperatibaren helburua aditzera emanez: hirigunetik urrundutako bizimodu naturala lur komunitarioan. Hesituta agertzen da dena, eta espero nituen balizko bizimodu alternatiboaren bereizgarri estetikorik ez dut aurkitu. Ustekabeko tokiren batean kokaturiko gauzen edo ezohiko funtzioren batekin moldatutako objektuen xarmaren zantzurik, bat ere ez. Normaltasuna eta ordena nagusi.

Hesien eta konifera garaien erruz ikusi ezin ditudan lurren jabea kooperatiba da; lursailak errentan banatuta daude. Horixe izan da Edenen oinarrizko egitura 118 urteotan. Hori, eta biztanleek derrigor fruta-arbolaz eta baia-zuhaixkez hornitu behar dituzten baratzeen ustiapen ekologikoa. Mundu berezi batera nentorrela uste nuen, satelite batean lur hartzera ia. Eta Berlingo periferian kokatutako bizitegi-gunea aurkitu dut. Hemendik aurrera, artean XX. mendea hasi gabe zegoela, idealista talde batek zituen kezka eta etorkizun-sen utopikoetatik gaur zerk bizirauten duen arakatzera bideratuta daude nire peskizak.

Zenbakitan: 120 hektarea, 14 kilometro bideetan eta 1.500 biztanle inguru. Sortzaileak hiritarrak ziren, Berlingo kazetari, ingeniari zein iturginak, eta Edenen bidez erantzun alternatiboa eman nahi izan zioten laborantza gizartetik gizarte industrialerako jauzi gordinaren aldaketa ekonomiko eta sozialei. Bizitzaren Erreforma mugimendua bere gorenean zegoen XIX. mende bukaeran eta lurra erostea erabaki zuten, trenez Berlinekin lotura zuen eta merkea zen leku batean. Idealista erabatekoak ziren ordea: zaldi kaka gurdikada asko behar izan zuten ardien bazkaleku izandako lur hareatsua emankor bihurtzeko. Edenek, garai berean sortutako antzeko beste hainbat proiektuk bezala, lurraren balio igoerari aurka egin nahi zion kooperatiba sortuta, lurra ez zedin izan espekulazio iturri. Gainerako helburu erreformistak ideia horretatik abiatzen direla erakusten dute Adolf Damaschke Edengo kidearen hitzok: “Lurraren politika egokirik gabe, ezin bizimodu osasuntsurik egin”. Bizimodu osasuntsua ulertzeko erak hainbat eremu biltzen zituen (jabetza, lana, elikadura, astialdia, hezkuntza) eta egun oraindik ez du gaurkotasunik galdu ikuspegiak.

Familia engaiatu bat: Eisenbergtarrak.

Igandero, zukua egiteko fabrika izandakoaren egoitzan zabalik egoten da kafe-etxea eta ohikoa da mahai luze batera bilduta jubilatuen taldea topatzea. Eisenberg jaunak egin dit harrera, emaztearekin batera 1962an kolonian instalatu zen Lanbide Heziketako irakasle erretiratuak. Eisenbergtarrak ezagunak dira komunitatean, Edengo bizitza sozial eta kulturalean oso modu aktiboan hartzen dutelako parte: Dieter, erakusketaren arduraduna da; Waltraud, aldizkariko erredakzioan ibilia, elikadura osasuntsurako sukaldaritza taldekoa da; eta Susanne, alabetako bat, haurtzaindegiko zuzendaria izateaz gain, asteartero zabalik dagoen liburutegian aritzen da.

Komunitateko bizitzan interesik ez dutenak ere badira. Nukleo gogorra 150 pertsona inguruk osatzen dutela kalkulatzen du Dieter Eisenbergek, kideen %10ak. “Jatorrizko idealetatik zerbait geratu da, baina batzuei berdin zaie. Jende hori erakartzea da helburua. Ez behartuta, baizik eta konbentzituz”. Eisenbergtarrak ez ziren idealengatik iritsi Edenera: “Berlinen ikasten genuen Waltraud-ek eta biok, eta Etxebizitza Sailaren bidez jaso genuen etxea hemen. Hainbatek Mendebaldeko Alemaniara ihes egin ostean, lursail asko hutsik geratu eta administrazio publikoaren esku egotera pasa ziren. Gure antzera, familia ugariri Edenen bizitzea egokitu egin zitzaion. Gero, ordea, guztiz murgildu ginen hemengo egituretan!”. Irakasle ohiaren iritziz, koloniak gaur duen arazo larriena ekonomikoa da, kooperatibaren finantzazioa alegia. “Bere garaian fruta-fabrika izan zuten. Baina orain nola mantenduko ditugu eraikin komunitarioak? Nola eutsi kooperatibarentzako lan egiten dutenen soldatei?”. Bere belaunaldiak ekonomia planifikatuaren sasoia bizi izan zuen, erregimen komunistaren menpeko paralisi-egoera. Eden produktuak Mendebaldeko Alemanian ere saldu ahal izateko, Frankfurt-etik hurbil enpresa bat sortu zuten, baina 1961etik aurrera, enpresaren gehiengoaren jabe izatetik %17 izatera pasa zen kooperatiba. 1972an jabetza nazional bihurtu zen fruta-fabrika. Eta 1989ko aldaketa politikoek berriz, abiapuntu berri baten aurrean jarri zuten Eden.
1991n, ezer esan gabe Frankfurteko kideek saldu egin zuten Eden produktuen enpresa. Salmentarekin lortutako diruz, besteak beste, haurtzaindegia eta nagusientzako etxeak eraiki zituzten. “Diru hori ondo etorri zitzaigun, baina produzitu gabe, bukatu egiten da dirua”, dio Eisenbergek kezkatuta. “Norberaren beharretatik harago ekoizteak errentagarri izateari utzi zion eta Eden-kide askok baratzeak ustiatzeari uko egin zion hein handi batean. Gaur, berriz ere barazki eta fruta propioa ekoizten du askok, baina salmentarik ez dago. Beste diru iturri batzuk bilatu behar ditugu”.

Urrezko garaiak erakusgai

Kafe-etxea irekita dagoenean, Edengo erakusketa ere bisitatu daiteke. Bertako artxiboetan agerian geratzen da historia gordetzeari eman dioten garrantzia. Engelman jaunak, irakurketan bere baitara bilduta, euskal txapelaz jantzitako burua altxatu eta irribarrez hartu gaitu. Ingmar Engelmanek tren billete soil batekin egin zuen ihes Mendebaldera 1959an, eta aurretiko erretiroa hartuta bueltatu zen 90eko hamarkada hasieran. Bere familia 1920az geroztik bizi izan da Edenen eta aitonak urte askotan kooperatiba kudeatu zuen. Engelmanen antzera, gaur Edenen bizi diren jubilatuetako asko bertan jaioak eta haziak dira; hainbat urtez kanpoan bizi ondoren (lanagatik, familiagatik) berriro itzultzeko hautua egin dutenak. “Edenen iragana arrakastatsua izan zen. Orainaldia ez”, diosku. Egun oraindik, ekologikoki ustiatu beharreko fruta-arbolak eta zuhaixkak dituzte denek baratzean, baina horrek ez du ahalegin berezirik eskatzen. Batzuek nahiko lukete kooperatiba zorrotzagoa izatea, baina bi gizonek nabarmendu dute tolerantzia ere funtsezko oinarria dela Eden sortu zenetik. “Tolerantzia hau behin urratu zen larriki –ohartarazi du Engelman jaunak–, nazionalsozialismoaren garaian”. Orduan ere, dena den, baziren kolonian bizilekua zuten juduak.

Bigarren Mundu Gerra arte iraun zuen koloniaren loraldiak, Bizitzaren Erreforma mugimenduan integratuta. Kontsumo propiorako behar zutena baino gehiago ekoitzi eta fruta-ustiapen fabrika sortu zuten 1898an; zukuak eta mermeladak produzitzen hasi ziren madariekin, baiekin, sagarrekin, marrubiekin. Eden produktuak ziren, halaber, tomate zukua, intsusa zukua, sauerkraut zukua edo landare-gurina. Berlingo azokan eta Delikatessen dendetan saltzen zuten soberakina. 1920ko hamarkadan, Alemaniako Reformware edo produktu osasuntsu/natural delakoen ekoizle handienen artean zegoen Eden eta lehenengo Reformhaus katearen sorburuan parte hartu zuen. Saltoki ekologikoen aitzindari, Reformhaus-ak produktu alternatibo haiek merkaturatzeko sortu ziren. Orain, arazo ekonomikoak dira koloniaren mehatxu nagusia.

Ideia berriak garai berrietarako

Dena den, gaur egun ere badira zerbait berria hastera eta ideiaz beteta iritsi direnak. Koloniaren erdigunean, “Sagar eta usain-belarren baratzea” aurkitu dut eta bi ameslari ezagutu ditut bertan: Diana Reichenberg eta Fred Rempel. 1945etik libre zeuden hiru lursail errentan hartu zituzten 2007an. Ilusio handiarekin heldu ziren Edenera, naturarekin eta bizilagunekin harremanean bizitzeko gogoz. “Baratzea ametsa izan da beti niretzat –dio Reichenbergek–. 1945era arte fruta-ortua izan zen lursail honetan arboladi zahar zoragarria deskubritu genuen eta laborantza ekologikoko baratzea sortzeko ideia izan genuen. Nire ametsa gauzatu dezaket hemen. Gainera, Edengo estatutuetan zehaztutako ideiak oinarri ezin hobea dira gure egitasmorako”. Printzipio erreformistak ditu gogoan: “Gure ekarpena egin nahiko genuke, Edengo tradizioei eusteko eta berauek garatzeko, batez ere laborantza ekologikoari dagokionez”.

2008ra arte, lanbidez idazkari izan da Diana Reichenberg eta bere kabuz ari da orain laborantzaz ikasten, esperimentuen eta eskarmentuaren bidez. Hasierako garaietan ere, Edengo kide gehienak ezjakinak ziren nekazaritza kontuetan eta harea eta lurra izandakoan kalitate goreneko produktuak ekoiztea lortu zuten. Reichenbergek baratzea lantzeko duen modua berezia da: “Printzipio nagusia da, naturari ahalik eta gehien bere kabuz egiten uztea. Esaterako, ureztontziak erabiltzen ditut, baina oso gutxitan ureztatzen dut, landareek gai izan behar dute lur azpian ura bilatzeko. Simaurra zabalduz, belar txarrak asko gutxitzen dira, eta gainera, ez dut lurra aitzurtzen, zizareei lan egiten uzten diet. Arraro begiratzen didate batzuk –dio umoretsu–, baina lehengo batean auzoko emakume bat hurbildu zitzaidan kontatzera senarrari esan ziola, ‘Dianarenean funtzionatzen badu, gurean ere bai’, eta ordutik askoz ere lan gutxiago dutela baratzearekin”.

Azken finean, baratzea naturarekin batera lan eginez ustiatzea da idazkari ohiaren sekretua. Aurretik, hori bai, proba asko egin behar izan ditu, geldoa izan baita lurra emankor bihurtzeko prozesua. “Zuhurtziaz ari gara aldaketak egiten; baratzea naturatik hurbil dagoen bizi-espazioa izan dadin, hamarkadetan sortutako espezieen bioaniztasuna eta oreka ekologikoa gordez eta sustatuz”. 6.000 metro koadroko azaleran, zenbait gune antolatu dituzte bisitariek metodo ezberdinak ezagutu eta, nahi izanez gero, beren kabuz proba ditzaten. 20ko hamarkadako fruta-arbola zaharrekin batera, berriak landatu dituzte; aranondoetako baten adaburuaren azpian ortu borobila ezarri dute, permakulturaren eran usain-belar, barazki eta tomateak landatuz; ongarri-kulturaren arauei jarraiki, barazki tradizionalak, antzinako espezieak –15 patata mota ezberdin!–, topinamburra eta labore zaharrak haziko dira, simaur gisa zabaldutako belar eta orbelen artetik. Baso eremu bat ere badago, baia eta usain belar basatiekin; txoriek eta kirikinoek ohol multzo bat bizitoki inprobisatu bilakatu dute. Diana Reichenbergek maitasunez begiratu dio baratzeari; bere inguruan denak dauka izateko arrazoia. Itxura basatia du, hezigabea, desordenatua.

Familia gazteak

Edengo familia gazte arruntak ezagutzeko asmoz hurbildu naiz haurtzaindegira. 90 umeetatik 30 inguru bizi dira Edenen bertan, gainontzekoak hurbileko herrietakoak dira. Egoitza deigarria da: ekologikoki eraiki dute, ohol koloretsuekin, belarrez estalitako teilatuarekin eta adobe gordinez eraikitako hormekin.

Bikote batekin egin dut topo egoitza aurrean: emaztea Edenekoa da eta senarra bertara ezkondua; ez dute komunitatearekiko lotura eta konpromiso handiegirik erakusten, baina naturatik hurbil bizitzea atsegin dute. Gainera, bertan bizitzea oso merkea dela nabarmendu didate, eta hala ere, 19 lursail libre daude oraindik. Horietan eraikitzeko baimena lortu nahi bada, bi urtez baratzea ustiatzeko gaitasuna frogatu behar da. Baldintzekin beldurtu egiten dira asko, edo atzera egiten dute lursaila erosi ezin delako.

Baldintzek beldurtu ez zuten bikote batekin aritu naiz hizketan: hirugarren umea izan eta Edenera etorri ziren bizitzera, duela bost urte. Baratzea nahi zuten eta komunitate giroko inguru soziala. “Topatu dugu nahi genuena eta erraza egin zaigu, umeen eta baratzearen bidez, gainerakoekin harremanak egitea, bai lehendik zeudenekin eta baita etorri den jende berriarekin ere”.

Susannek, haurtzaindegiko zuzendariak, parte hartzera animatu nahi ditu gurasoak, beti erraza ez den arren. Koloniaren helburuen artean elkarrekin gauzak egiteko nahia dagoela azpimarratu du, nahiz eta denek ez daukaten helburu hori, batzuek lasaitasuna bilatzen dutelako, “eta ulertzen dut, informazioz bonbardatuta bizi garen garaiotan, nor bere baitara gordetzeko joera. Gainera, Edenen hastapenetan, jendea liluratzeko gaitasuna zuten karismadun pertsona horiek falta zaizkigu gaur. Eta ez soilik Edenen”.

Itzul gaitezen naturara

Sarri aipatzen diren sorrerako garai loriatuek ere izan zuten gorabeherarik. Hona Oskar Mummert Edengo kideak 1918an idatzia utzi zuen pasadizoa: “Bainu-toki publikoa ezartzeko izan zituzten zailtasunetatik ondorioztatu daiteke, existentziaren aldeko borroka gogorrak zenbateraino oztopatzen zuen Bizitzaren Erreformaren aldarrikapen garrantzitsuak bete ahal izatea. Bainuaren momentuan pasioz, eta gehienetan kanpokoek akuilatzen zituzten debateek, laster eragin zuten Edendarrek, nork bere lurretan, bakean eguzkia hartzea hobestea”.

Kontuak kontu, lur komunitarioaren egituran eta baratzeen ustiapen ekologikoan gauzatzen bada elkartea, iraun duen hori ez da gutxi. Aitzitik, Edenetik kanpo normalizatu diren hainbat jarrera, ia desagertu egin dira kolonian. Barazkijaleen kontzentrazioa, esaterako, litekeena da hiriburuko zenbait auzotan Edenekoa baino handiagoa izatea. Gainera, muga horietatik at ere bizi-bizirik daude berriz utopia erreformisten oinordekoak. Rousseauren eta naturisten lemak berpiztu dira: itzul gaitezen naturara! Eden bezalako komunitateak abiapuntu egokia izan daitezke horretarako. Izan ere, gero eta jende gehiago dago sistemaren kolapsoari aurrea hartu nahian, landan babestokia bilatuz, han, paradisuan bezala, natura gurtuz gero, gehiegi nekatu gabe zuhaitzetatik fruitu helduak biltzeko itxaropenarekin.


ASTEKARIA
2011ko ekainaren 19a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude