Okupazioaren kontrako borrokalaririk sutsuena ote?


2011ko apirilaren 03an

Gobernuan posiziorik ez duen arren, Irakeko buruzagirik handienetakoa da Moqtada al-Sadr. Aiatolah baten semea den al-Sadr-ek ospea jaso zuen 2004an, estatubatuarren kontrako matxinadari ekin zionean.

Babes handiena Bagdadeko Sadr City auzo txiroan eskuratu ohi du al-Sadr-ek historikoki. Bertakoak ziren, hain zuzen, berak bultzatutako Mahdi talde armatuko kide asko. Gerlariok oposizio bortitza egin zieten amerikarrei gerraren lehenbiziko bost urteetan. Baina Kerbala hirian berebiziko erasoa jasan ostean, al Sadr-ek armak uztea eskatu zien 2008ko abuztuan.

2010eko hauteskunde orokorretan, “amerikar inbaditzaileen kontrako bozka” eskatu zien al-Sadr-ek irakiarrei. Sadr alderdiak 40 eserleku lortu zituen Parlamentuan, Irakeko alderdi “bisagra” bilakatuz. Nuri al-Malikiren zerrenda bigarrena izan arren, Sadr alderdiarekin egindako koalizioari esker lortu zuen boterean mantentzea egun lehen ministroa den al-Maliki-k.

Aurtengo urtarrilean, Moqtada al Sadr-ek diskurtsoa eman zuen Najaf hirian eta han AEB eta Israel “Irakeko etsaitzat jo zituen. Naomi Klein analista estatubatuarrak dio Moqtada al-Sadr amerikarrek Iraken duten etsairik handiena dela. Hainbat adituren ustetan, Iranen ustezko esku sartzearen eragile nagusia ere bada egun 38 urte dituen buruzagi xiita. Al-Sadr Iranen dago egun, 2008an hasitako aiatolah izateko ikasketak egiten.


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude