Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aspaldi gabiltza “ziklo amaiera” gora eta “golde aroa” behera. Han eta hemen nabari da tarteko helmugaren sindromea, alegia, belaunaldi batek –nireak– frankismoaren hondarretan hasitako etapa bete dugula eta beste berri bat hastear ote den. Eta euskaldunon tribua mapari begira jarri gara berriro, ea nondik jo aurrerantzean. Beti ere, biziraupena helburu.
Non gauden. Iragan luze batetik gatoz, ikerkuntza lerro berrienen arabera homo sapiens zaharraren ondorengo zuzenak ere izan omen gaitezke. Eta asmatu dugu irauten, agian 35.000 urtez jakin izan dugu galerak onartzen funtsezkoena geroratzeko, abilak izan gara zailtasunak gainditzen.
Azken txanpa egin dugu ikastola eta euskaltegi, euskara plan eta hizkuntza politika, aldarri eta eraso artean. Inoizko esparru eta maila batzuk lortu ditugu euskararentzat, beste batzuk galtzen ari garen bitartean. Esango nuke oro har aurrera goazela, baina gero eta motelago. Zenbaitetan hain motel, gu baino indartsuagoen aldean atzean ari garela gelditzen. Hortik ziklo amaierak eta golde aroak.
Tresna berriak. Azken boladan, ordea, soinu berriak entzuten dira. Batek hitz egingo dizu hizkuntzen ekologiaz eta bioaniztasunaz, eta tokiko hizkuntzari berez dagozkion eta eman behar zaizkion egitekoez. Besteak aipatuko dizu hizkuntzarekiko asertibitatea eta erakutsiko nola eutsi zure hizkuntza-hautuari errazegi amore eman gabe. Ondokoak kontatu digu hiztunen artean badela jendea armairutan gordeta, barne korapiloak askatu ezinean. Soziolinguistek ere ekarri dituzte esparru honetara lidergoa, erakargarritasuna, hegemonia, arnas gune eta beste hainbat kontzeptu interesgarri.
Aro sinpleago batetik gatoz, aldagai gutxirekin jokatu izan dugu, pentsatuz indar guztia puntu batean jarrita Arkimedesen palankak mugituko zituela euskararen oztopo guztiak. Orain osagai gehiago hartzen ditu analisiak eta neurri horretan aberasten ari da. Zailtzen ere bai, osagai guztiak bateratu behar baitira, bakoitzari dagokion pisua emanda, gainera.
Hausnarketa. Tribuaren auzune ezberdinetan sumatzen da etorkizunaz kezka eta biziraupenerako berrikuntza premia. Nik lan horretan topatu dut euskaldunon elkarteen Topagunea, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea) fakultateko irakasle talde baten laguntzaz. Hausnarrean ari dira aspaldion, galdetu, jaso, eztabaidatu eta harilkatzen. Helburua da artikulazio eta diskurtso berria ematea euskal komunitateari, hurrengo etapan ere lor dezagun biziraupena.
Euskaldunon elkarteek hogeita bost urte inguruz egin duten ibilbidean lorpen handiak eta aje galantak aurki daitezke. Eta ziklo amaierako une honetan elkarteok ere ahul daude, ipar eta metodo egokien faltan. Baina horrekin batera ardura eta grina berriak nabari zaizkio elkarteen federazioari. Horregatik, egindakoa modu kritikoan irakurtzen bada eta aldatu behar dena adorez aldatzen, txanpa indartsua egin daiteke berriro.
Izan ere, Topagunearen bueltan badira –bagara– 20.000 bazkide, 450 profesional eta 1.400 boluntario. Pertsona horiek guztiak egoki antolatuta sekulako hezurdura osa daiteke, gizarte zabalean eragin handia izan lezakeen tresna.
Prozesuaren ardatz den txosten mardul eta bikaina irakurri ahal izan dut egunotan, eta itxaropena piztu zait. Otsailaren 26an aztertuko da Bilbon, XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteen Kongresuan. Zu ere deitua zaude. Iraun dezagun.