argia.eus
INPRIMATU
Mugarrotik Ipinabarrera
Jakoba Errekondo 2011ko urtarrilaren 25a
Mugarrotik Ipinabarrera
Mugarrotik Ipinabarrera

Zuhaitz tantai edo lizarretatik abiatu, txaratik barrena igaro eta mugarro hauskorren gerizpe arriskutsuan hartu genuen abaro. Mugarroari tarteka hostoz jantzitako abarrak moztu eta mandioan jasotzen ziren negu partean abereei majeran emateko. Inork ezagutzen al du lan hau egin izan duenik edo, hobe, eusten dionen bat? Gustura borobilduko nuke abaro ilunabar bat harekin, galdera batean: zein ilargitan mozten dituzu? Zein zuhaitz da egokiena? Zer izen du hosto ihardun adar sortak? Zumearekin ala zein piru edo hederekin lotzen dira sorta horiek? Bazka honek zein zapore eransten dio aziendaren okelari, esneari, gaztari? Eta abarrez abar.

Gure basoaren tantai-lizar, txara, motz-modorro-mugarro milaka urtetako bidezidorra ipinabarretan loratzen da, hortxe jotzen du goia. Bide honetako hurrengo urratsa ipinabarrena da, bai. Izenak berak dioen eran zuhaitzaren abarrak ipini egiten dira, ipintzen zaizkio. Zuhaitz mugarroaren garapen bat da. Mugarroari adar berezi batzuk osorik utzita egiten da ipinabarra. Geurean bi adar uzten ziren, zuzena bat eta okerra bestea. Bi adar handi hauek etxeen eta ontzien eraikuntzarako beharrak asetzeko uzten ziren. Tamaina eta forma berezikoak ziren. Zurokerrak erabiltzea ondo gure kulturarena da: asto-zaldiak etxegintzan eta ontzigintzako zuakerrak. Aipagarria da azken hauen forma, ontzien egiturarako okerdura jakin batekoak behar baitziren. Oraindik ere horretan jakitun direnak harritu egiten dira gure ontzioletan egiten ziren ontzitzarren osoko zuroker berdin-berdinak ikusten dituztenero. Okerduran zaildutako egurra oso-osorik jartzen da lanean, aldenik alde zuntzak ebaki gabe dituelarik. Zurak aparteko sendotasuna, iraupena eta hauskaiztasuna ditu.

Mugarrotik ipinabarrerako urrats honek, lehenaz gain, basoari ikaragarrizko etekina erantsi zion: larreari eta erregaiari eraikuntzarako materialarena, alegia.

XVI. eta XVII.eko kanpoko ontzigileak eta gaur egungo makina bat arkeologo, basozale, historialari eta abar txundituta ditu basoa lantzetik abiatzen den jakintza tzar honek.