Txaratik mugarrora

taxratik mugarrora
Argazkia: Jakoba ErrekondoArgazkia: Jakoba Errekondo
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Basoa ekonomia osoaren oinarria zen garaietan, zuhaitzak arrasean moztu eta berritzean sortutako txara zen hura ustiatzeko era nagusia. Txarak istiluak sortzen zituen: abereek ezin zuten bertan bazkatu, berritzen ari ziren landareak jango baitzituzten. Hura komeria!
Egurzaleen eta aberezaleen arteko iskanbila epaituz epaitu zen. Epaituz, epetuz, moztuz. Lepoa mozteak askatu zuen buruhaustea. Lepatu, zuhaitzei lepo egiten zitzaien. Lepatu, mugarrotu egiten zen zuhaitza, hiru bat metrora zast moztu. Han goian berrituko da, adar mordo bat emango du. Hainbat urtez behin, adarrok behar dugun tamainakoak egin direnean berriro bertan mugarrotu. Guk egurra eskuratu dugu eta zuhaitza goi horretan berrituko da. Behor lepaluzeenaren zorrortzetatik urruti. Zuhaitzaren ipurdian eta enborrean sortutako altsumak harrapatu eta jango ditu abereak, baina hori ona da, goiko adar berriak indartuko dituen inausketa. Honela sortzen dira zuhaitz motzak, modorroak edo mugarroak. Basogintza perfektura hurbiltzen den paisaia kulturala, bertako kulturaren ekonomiaren premiak denak asetzera bideratutakoa: abereen bazkak, ikazkinen egurrak eta arotzen zurak.

Mugarroak basoan bakarrik ez dira izaten. Katuaren mugarroen barruko etxe bueltan, hesietan, sailen mugetan, bide ertzean... Nonahi topatuko dituzu mugarrotutako zuhaitzak. Hauetako gehienei beste etekin bat kendu izan zaie: hostoz jantzita zeudenean adarrak moztu eta hostoak ihartzean jaso: abereentzat negurako bazka. Gaur egun mugarro gehienak hirietako plaza eta kaleetan ikusiko dituzu. Itzala da bere emari onena.

Arazo handi bat du, baina, mugarroak, urtea joan eta urtea etorri toki beretik moztearen mozteaz zuhaitza ahitu egiten da eta enborreko erreserbak galdu. Ondorioz enborra hutsa dute mugarroek. Mozteari utzitakoan adar gero eta handiagoei eutsi behar diete eta jo eta hautsi eta adarrak erortzea ohikoa da. Kontuz beraz, kaleko mugarroen azpian...


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...