Josebe Blancorena izan da “ideia zoroa”. Hedabideen bitartez egin zuen deialdia: “Gure seme-alabei Gasteizen euskaraz jolasteko aukera oparitu nahi diegulako bil gaitezen azaroaren 6an”. Hamahiru familia elkartu ziren.
Josebe Blancok eta Luismi Atxak hiru urteko alaba dute, Maddi. D ereduko eskolan dago izena emanda. Hala ere, nekez hitz egin dezake euskaraz albokoekin, gaztelaniaz egiten baitiote ia denek. Lakua auzoan bizi bada ere, Alde Zaharrera doa eskolara eta hiru haur euskaldun ditu ikaskide. Etorkinak dira asko. Jatorriaren arabera, gaztelaniaz, arabieraz, euskaraz edo woloferaz egiten dute. Elkartzen direnean berriz, D ereduko haurtxoek gaztelaniaz egiten dute. Sozializazio garai bete-betean dago Maddi txikia, elebakarra da eta beraz, gaztelania hiztunez inguratuta ez dago eroso, ez ikastetxean ezta kalean ere.
Josebe Blanco antzuolarrak (Gipuzkoa) helburu bat du buruan: haurrak euskaraz bizi ahal izatea askatasun eta erosotasun osoz. Maddik bi haur euskaldun topatu zituen auzoko jolastokian eta ia elkar ezagutzeko astirik gabe amek telefonoak trukatu zituzten, tartean behin elkarrekin geratzeko. Hurrengo pausoa hedabideen eta ahoz ahokoaren bidez deialdia zabaltzea izan zen, alegia, Gasteizko ume euskaldunak eskola orduetatik kanpo, jolaserako, elkartzea.
Lehenengo deialdi hartara, urtebeteko umetik hasi eta bederatzi urteko umera arte, 17 haur euskaldun elkartu ziren, gurasoekin. Gehienak bi eta lau urte bitartekoak ziren. Josebe Blanco oso pozik zegoen lortutako emaitzarekin, ez baitzekien inor azalduko zenik ere. Elkartutako familiak Gasteizko hainbat auzotakoak dira eta haur denak D ereduan ikasten ari badira ere, hainbat ikastetxetakoak dira, hala nola, Armentia, Olabide eta Landazuri ikastolakoak.
Ume horiek guztiek euskaraz ikasten dute, ama hizkuntza euskara dute eta gurasoak euskaldunak. “Jolas parkean euskaldunak elkartzeko beharra daukazue?”, galdetu diogu Blancori: “Zuei, agian, martzianoa irudituko zaizue egiten ari garena, ume euskaldunak bereizi eta jolasteko elkartu, baina guk nahi dugun gauza bakarra, beste haurrek beren hizkuntzan duten bezalaxe, gureek euskaraz aritzeko aukera izatea da”. Ideia izan zuenean lagun batzuekin komentatu zuen eta galdetu zioten ea ziur zegoen egin behar zuenaz, ez ote zitekeen izan arrazista, snob edo sabinista. Blancok aitortu du beldurra bazuela, eta horrelako deialdi bat egitea tristea iruditzen zaiola, “baina momentuz ez dut beste biderik aurkitu”, auzoka ume euskaldunen sarea antolatzea baino.
Eskolaren mugak eta zailtasunak gogorarazi ditu Maddiren amak. Badira D eredu naturala eskaintzen duten ikastetxeak Gasteizen. Bertako haur denak euskaldunak direla ziurtatzen dute, gero beti hala ez den arren. Talde txikiak izaten dira eta gelako ratioetan ez dira sartzen; bertan behera geratu ohi dira gela horiek. Ghettoak sortzeko arriskua behin eta berriz jartzen da mahai gainean. Beste joera bat da, haur euskaldunak gaztelania hiztunekin eta beste hizkuntzetako hiztunekin nahastea, ume euskaldunek ikaskideen artean euskara zabal dezaten. Blancok argi dauka: “Hizkuntza politikek lortzen ez dutena nola lortuko dute bada txikitxoek?”. Haur euskaldunak batzen badira batzen direlako eta batzen ez badira batzen ez direlako, ez da erraza euskara erabiltzeko aukerak sortzeko bideak aurkitzen. Hori bai, ama hizkuntza euskara dutenak gaztelania hiztunekin egonda “gure haurrak beti galtzaile”.
Badirudi guraso euskaldun gasteiztarrek ez dituztela euskaldunekiko sakabanatuta izan nahi haurrak. Azaroaren 6az gain, hil horren 27rako bigarren deialdia egin zuten eta hiru familia gehiago agertu ziren. Bloga ireki dute (amahizkuntza.blogariak.net) familiak harremanetan jartzeko eta berriak erakartzeko. Bestelako informazioa gehitzen ere hasiak dira. Esate baterako, Gasteizen euskarazko zerbitzua eskaintzen duten denda, enpresa eta bestelakoen zerrenda osatzen hasi dira.
Hurrengo deialdia urtarrilaren 15erako egin dute. Guraso batzuen soroan zuhaitzak landatzera joango dira. Blancok esan digunez, helburua ez da erraldoia, poliki-poliki hasi dira eta ikusiko dute ekimen honek zein tankera hartzen duen.
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]