“Zin dagit sukaldari ona naizela!”

  • Bai, hondarribiarrak bikingoak dira.
Robinfood
Dani Blanco

Alardearena konpontzeko errezetarik bai?


Elkarri ostiaka hasi zirenean utzi nion ateratzeari. Bertakoa izan arren ez dut ulertzen, baina ez duzu uste bonbardeatuko bagintuzte berriz zerotik hasiko ginatekeela?

Sukaldari bat bonbardaketa eske?! Ez al zineten gure herriaren enbaxadore gorenak?


Mesias berriak garela dirudi, baina oso sukaldari gutxik gainditu zuen batxilergoa! Ni oso harro nago nire ofizioarekin, baina nahikoa da. Nire herriarentzat enbaxadore formatuagoak nahi nituzke.

Jatetxe ospetsuetan janariaren partez esperientziak saltzen direnetik...


Laino horietan hegan egiteak gatibatu nau urteetan, baina hortik askatzea lortu dudanetik, abdominalak lantzeraino egiten dut barre. Ez zait ofizioa intelektualizatzea gustatzen.

Ai, frustrazioak...


Egungo sukaldaritzan dena da arintasuna, berrikuntza, benetakotasuna... Sukaldaritzak ez du justifikaziorik behar. Sukaldariaren lekua sukaldea da, ez pulpitua. Eltzeak jartzen gaitu gure lekuan.

Horregatik egiten duzu lasaiago lo Arguiñanoren pulpitua ordutegiz aldatu denetik?


Arguiñanorena beste liga bat da, Championsa. Jende asko ikusi dut bera imitatu nahian erridikulua egiten. Nik ez dakit txisterik kontatzen, memoria txarra daukat, berak baino 100 kilo gehiago eta 23 urte gutxiago daukat... Zer arraio egin behar dut nirea ez bada?


Guarrindongadak, irainak eta hitz larriak bata bestearen atzetik bota…


Zer erru daukat nik kalean gurutzatzen ditudan umeek “Biba Rusia“ esaten badidate? Ados, kamera aurrean jartzeko aurpegi galanta behar da, nirea bezalako programa batek ez du sukaldari ona izatea eskatzen, baina zin dagit sukaldari ona naizela!

Hori kritiko gastronomikoak telebista programak epaitzen hasten direnean ikusiko dugu!


Ez zaizu iruditzen kritikoek jendea tontotzat hartzen dutela? Lainoen usaina esplikatzen diguten bakoitzean, barrearen barrez, abdominalak egiten jarraitzen dut. Ez al zenekien 100 jatetxe onenen zerrenda sukaldariek euren buruak famatzeko muntatutako parafernalia dela?


Nik zuk kritikak idazten dituzula dakit.


Baina irakurlea ni baino argiagoa dela pentsatzen dut beti! Erridikulua iruditzen zait jatetxeak puntuatzea. Lainoetatik ihesi nabil, berdin zait berenjenak potasioa duen ala ez, nik plazera transmititu nahi dut!

Plazera? Janariarekin obsesionatuta gaude-eta!


Okerragoa da zer janik ez daukazulako obsesionatzea! Obsesiboki pentsatuta, ez dago hain gaizki gosaldu, bazkaldu, afaldu, eta tripa beteta lo egin dezakezun gizarte batean bizitzea.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude