Iñigo Muguruza

"Biktimen elkarteek harresi asko eraiki dituzte"

  • Moskuko petril mitikoan egin dugu zita. Ohitura zaharrei eutsi behar zaie... Onak direnean, batez ere.
Sustrai Colina
2010ko azaroaren 21a
Iñigo Muguruza
Dani Blanco

Apaizen artean ikasteak bizitza markatzen omen du.


Irudipena dut frantses iraultzak erlijio-gizon asko bidali zituela Gipuzkoara. Esaterako, nik La Sallen egin nituen ikasketak, eta halakoen lezioak jasotzea egokitu zitzaigun. Gurea ala eskola nazional katoliko espainola ziren aukera bakarrak, eta bi beso erlijioso horien artean harrapatuta egonik, alde guztietatik jotzen zizkiguten ostia fisiko zein psikologikoak. Onartzen dut nire buruarengan eragin izugarria izan zuela horrek, eta egiari zor, inbidia ematen dit alabak beste hezkuntza mota bat jasotzen duela ikusteak. Konstruktibismoak eta abarrek euren akatsak izango dituzte, baina gure hezkuntza erlijioso fundamentalista baino hobeak direla ziur nago.

Kontzienteki ala inkontzienteki, zuen etxean heziketa musikala jasoko zenuten. Ezin da kasualitatea izan hiru anaiak musikariak izatea.


Eta izatekotan, kasualitate handitxoa litzateke. Gure gurasoek ez zuten inolako instrumenturik jotzen, baina amari esku-soinua izugarri gustatzen zitzaionez, oso umetan apuntatu gintuen klaseetara. Baina garai haietako klaseak oso gogorrak ziren, oso direktiboak, eta guri atzerakoa ematen ziguten. Javierrek oso ondo jotzen ikasi zuen, baina goizetik gauera, zeharo nazkatuta, jotzeari utzi zion gerora berriz hasi bazen ere. Ferminek urte batzuk eman zituen, eta hark ere betiko utzi zuen, nahiz eta inoiz disko batzuetan esku-soinuarekin kolaboratu. Nire bidea motzagoa izan zen, hiru-lau urte pasa eta ikasketa metodo eta ereduaz erre-erreta atera nintzen. Gaur egun gitarra klaseak ematen ditut, eta ikasleak kontuan hartzen saiatzen naiz, baina orduan ez zen halakorik, irakasleentzat haragi sarraskitua baino ez ginen. Eskerrak musika esku-soinua baino gehiago zela jabetu ginen.


Zer zen orduan musika zuretzat?


Nire bizitzako zatirik garrantzitsuena. Nik ere neure egiten dut rock and rollak bizitza salbatu didala dioen esaldia. Oso gaztetan, anaia zaharragoen eraginez, Víctor Jara, Paco Ibañez, Kilapayoun eta enparauak entzuten hasi ginen, baita Pantxoa eta Peioren estiloko euskal musika ere, baina niretzat Deep Purple eta AC/DC bezalako taldeak deskubritzea mundu berri baterako atea irekitzea izan zen. Pentsa, oraindik gogoan dut 15 urterekin Ingalaterran izan nintzela eta ACDC-ren partitura liburua eta MXR distortsio pedal batekin etorri nintzela bueltan. Anaia Javierren anplifikadorean entxufatzen nituen gitarra eta pedala eta sekulako gozatuak hartzen nituen.


Kalean arnasten zen giroak jarri zuen zainetan zenekarrena irakiten?


Gure zonan punk talde mordoa ateratzen hasi zen eta guk ere Kortaturen lehen akordeak afinatzeari ekin genion. Puri-purian zegoen dena, batzuk disko gehiago saltzeko “Rock Radical Vasco” deitu zutena sortu zenean. Une hartan olatu erraldoi bat jaio zen. Irrati libreak, fanzineak zein musika taldeak harrien azpitik ere ateratzen ziren. Gaztetxeen mugimenduak ere hortxe hartu zuen indarra, eta gu olatu erraldoi horren gainean mugitzen hasi ginen. Izugarria zen, edozein herritara joan eta ez dakit zenbat taldeko kontzertuak zeuden, sekulako mugida. Ez da ahaztu behar ordea, oso garai ilun eta latzak ere izan zirela, errepresio handia pairatu genuela, eta egun oso garai idealizatuak izan arren ez zela hainbesterako izan. Urte ederrak izanik ere, oso peaje garestia ordainarazi zigutela.

Zer leku zeukan euskarak saltsa horretan guztian?


Kuriosoa da Natxo de Felipe edo Ferminen gisara, orduan indartsu agertu zen jende asko euskaldun berriak izatea, edo Ruper-en kasuan bezala, euskara galdu eta berreskuratzen ibilitakoa izatea. Kortaturen kasuan argi daukat asko lagundu zigula gazteleraz kantatzen hasteak. Gure lehen diskoaren 100.000 ale saldu ziren, eta jende askok leporatzen bazigun ere, ukaezina da gazteleraz hasi izanak gerorako oinarri bat eman zigula. Gu ere gure gabeziaz kontziente ginen, eta Ferminek bosgarren diskoa euskaraz egingo genuela iragarri arren, aurreratu egin ginen, eta gure laugarren diskoa, Kolpez kolpe, euskaraz da. Euskarak oso sentipen bereziak bizitzeko aukera eman dit. Oso berezia da aita zenarekin hogei urte baino gehiago erdaraz hitz egiten pasa ondoren euskaraz mintzatzen hastea. Gure alabek ere euskaraz ikasten dute, eta esan daiteke gure etxean euskararen gainbeherari buelta ematen asmatu dugula.

Garai haietan, zuen zirkuituan ibiltzeko jarreraz gogorra izan beharra zegoen?


Ez ginen kamikazeak, baina orduko guztiek bezala, guk ere ostiak jaso genituen. Gogoan dut, behin Gasteizen jo genuela, eta antolatzaileek argi esan zigutela gertatzen zena gertatzen zela kontzertua ez genuela eten behar. Grisak behin eta berriz kargatzen ibili ziren, eta gu hantxe jo eta jo, antolatzaileen lemari ohore eginez. Beste batean, Fermini botila bat jaurti zioten, eta lurrean botata odoletan ikusi nuenean, senetik irten eta publikora saltatu nuen errudunaren bila. Lehen lerroetan zeuden alemaniarrak erraldoiak ziren eta nire asmoa errudunari burukada bat aurpegi erdian ematea zen, baina era berean, ikusten nuen ez nintzela pare horretara iritsiko. Eskerrak ohartu nintzen neska batek bota zuela botila, nahigabe jo zuela Fermin, eta laguntzeko borondate osoa zeukala. Hortik pentsatu zer kamikazea nintzen...


Zuk ere laguntzeko borondate osoa izango zenuen, Kortaturen etapa itxi eta Nikaraguara brigadista joan zinenean.


Sei hilabete pasatzera joan nintzen eta lau aguantatu nituen. Oso gogorra egin zitzaidan, eta beste istorio batzuk tarteko, itzultzea erabaki nuen. Sandinistak oraindik gobernuan zeuden arren, mugimenduaren azken hatsa izan zen. Euskal Herriko eta Europako jende asko geunden bertan, eta Europan “Nikaragua sandinista” esatea jendearekin konektatzeko modua zen orduan. Tamalez, ni han nengoela, hauteskundeak galdu zituzten, eta nahiko etsita egin nuen etxerakoa. Amaieraren hasiera izan zen porrot elektoral hura. Gu Hondurasko mugan geunden eta jendeak etengabe galdetzen zigun zergatik ez generaman armarik. Aldi berean, oso lotura estuak geneuzkan bertako jendearekin. Gauetan, suaren bueltan, gauza askori buruz mintzatzeko parada izaten genuen, eta horrek ez dauka preziorik. Ez dakit egoera latzek momentu onak are hobeak bihurtzen dituztelako den, baina Nikaraguakoaz oroitzean gure aitonek soldaduskaz esaten zutena etortzen zait burura: momentu on eta txarrenak hantxe. 

Nikaraguatik bueltan, Negu Gorriak-ekin igo zinen olatu gainera. Gaur egunetik begiratuta Herrera de La Manchako kontzertuak edo Mikel Anestesiaren intsumiso auziak zientzia-fikzioa dirudite.


Denbora aurrera joateak etengabeko aldaketak dakartza. Alferrik da irakurketa nostalgikoak egitea. Kortaturen eta Negur Gorriak-en garaiak ez dira bueltatuko. Gaur egun, oso memento politiko interesgarrian gaude eta hori kontuan hartuta planteatu behar dira asmoak. Segur aski, Herrera de La Manchakoa bezalako asmo zoroa plantan jarriko bagenu debekatu egingo lukete. Gauza asko aldatu dira. Sasoi hartan, euskal kausak askoz babes zabalagoa zeukan Espainiako Estatuan, eta Anestesiaren auziaren kasuan, intsumisoen mugimenduaren indarrak sekulako zilegitasuna ematen zigun. Baina euri asko egin du ordutik, eta orduan existitzen ez ziren biktimen elkarteek harresi asko eraiki dituzte. ETA-k Miguel Ángel Blanco hil izanak dena zaildu duen burbuila leherrezina sortu zuela uste dut. Estatuan Euskal Herriaren askapen borrokak babes handia galdu zuen, egurra areagotu egin zen, eta gaur egun indarrean dagoen debekuaren filosofia gailentzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka.


Gisako debekuek edo Galindoren salaketak inoiz ikaratu zaituztete?


Negu Gorriak-en ostean, Joxe Ripiaurekin Madrilen jo behar genuen batean, bertako lagun kazetariek “van a actuar en Madrid los altavoces de ETA” zioen emaila zabaltzen ari zela abisatu ziguten. Pentsa Joxe Ripiauk zer konponente politiko zeukan, baina hala ere, kontzertua haustera joan ziren, bonba abisuak egin zituzten behin eta berriz, eta sekulako mugida muntatu zen. Hori ikusita, jakina pasatzen duzula beldurra, baina hemengo alardean askoz izu gehiago pasa izan dut. Galindorena beste plano bateko kontua da. Alde batetik ikusten duzu jendea zurekin dagoela, defendatzeko, laguntzeko, eta zure proiektua bultzatzeko gertu, eta bestalde, badakizu Galindo kakatan sartuta dagoela eta ez daukala askorik esateko. Gure ahotik atera zirenak orduko gizarte zibilaren gehiengo handi batek sinatzeko modukoak izateak ere zilegitasun izugarria eman zigun. Itzela izan zen artikulatu genuen erantzuna, Esan Ozenki-ko talde guztiek eman zuten kontzertua, batutako dirutza... Oso aberasgarria izan zen, ia-ia Galindo jaun txit gorenari eskerrak emateko modukoa.


Gaur egun auto-ekoizpena asko aipatzen den arren, zuek aspaldi ikusi zenuten Esan Ozenki, zuen diskoetxea, sortzeko beharra.


Ez da kasualitatea gure bi diskoren izenburuak Gure jarrera eta Ideiak zabaldu izatea. Gure jarrera islatu eta gure ideiak zabaltzea zen gure filosofia. Zentzu horretan berehala ohartu ginen guk kontrolatu behar genituela ematen genituen pausoak, eta horretarako Esan Ozenki bezalako tresna behar genuela. Baina gaur egun diskoetxeentzat asko aldatu dira kontuak. Internetek politika eta ekonomiaren panorama itxuraldatu duen gisan, kulturarena ere eraldatu du, eta gaur egun ezinbesteko elementua da merkatua ulertzeko. Salmenta datuei erreparatzen zionak argi eta garbi ikusten zuen olatuak industria azpian hartuko zuela, eta lehen diskoetatik ateratzen zuten dirua kontzertuetatik ateratzen saiatzen dira orain. Egun, diskoak aurkezpen txartelak baino ez dira. Dirua atera nahi duenak buruari eragin beharko dio, eta esaterako, Elkar-ekoek diskoetatik ateratzen zuten dirua irabazi ahal izateko, Gu Gira bezalako proiektu batekin egin beharko dute aurrera. Lanik eta irudimenik gabe ez dago txanponik, baina tira, uste dut gutxiagorekin bizi daitezkeela, bizi gaitezkeela, eta zorionez ala zoritxarrez, hala bizitzea tokatuko zaigula.

Musikaz gain, zinemagintzan, antzerkigintzan eta liburugintzan sartu-irtenak egindakoa zara, baina orain aitatasuna da bizi nahi duzuna.


Sartu-irten horiek aita izan aurretik egin ditut. Orain beste fase batean nago, alaba txikiak dauzkat, eta oso garrantzitsua iruditzen zait beraiekin egotea. Horretarako ireki nuen parentesia ez ixteko, eta nire burua stand by egoeran mantentzeko ahaleginean ari naiz. Gerora, baliteke dena batera lehertzea, astindu ostean zabaldutako xanpain botila bezala. Ez dizut ukatuko ideia asko pasatzen zaizkidala burutik, baina sinetsita nago aita lanari eman behar diodala lehentasuna. Bestela ez dit konpentsatzen. Ez pentsa erabaki erraza izan denik. Iazko udan oraindik jotzen ari ginen, eta konturatzen nintzen etxean alabekin ez nintzela behar bezala moldatzen, ez nien puntua hartzen. Horregatik erabaki nuen eten bat egitea, baina ez nago oporretan. Aitatasunak denbora eta ahalegin asko eskatzen dit, eta gitarra klaseak ematen ere segitzen dut. Baina sormenak, nik ulertzen dudan gisan behintzat, beste exijentzia batzuk ditu, zure munduan, zure burbuilan sartzea eta beste guztia kanpo utziz zureari soilik erreparatzea. Egun, ez dakit sortzeari berrekiten diodanean zer aterako zaidan. Kantak egiten jarraituko dudala uste dut, baina auskalo zer formatutan. Agian Interneten zintzilikatuko dut nire lana, akaso dohainik, liburu bat aterako zait beharbada... Denborak esango du.
Nortasun agiria
1964ko abenduaren 17an jaio zen Irunen Muguruza anaietan gazteena. Bere gitarra eta baxu akordeak zein ahotsa eskaini dizkie Desband, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeei. Bestalde, Nahia izeneko film laburra zuzendu du, Ezekiel antzerkiaren eszenaratzea landu, eta haurrentzako liburu bat argitaratu.
Azken hitza
Delirium Tremens
“Kortaturen azken kontzertua Delirium Tremensekin egin genuen, eta taldean sartzeko eskaintza luzatu zidaten. Nikaraguara joatekoa nintzenez ezezkoa eman nien, baina itzuli nintzenean eskaintzak zutik zirauenez taldekide bihurtu nintzen. Deliriumen oso zalea izan naiz beti, eta izugarrizko abentura zen Irundik Mutrikura Dos Caballos batean entseatzera joatea. Bi urte pasa nituen eurekin herriz herri kontzertuak ematen, taldeko bateria-joleak eta furgoneta eramaten zuenak Saturrarango Venezia diskoteka ireki zuten arte. Hantxe eman genuen Deliriumen azken kontzertua, eta esango nuke, diskoteka bat irekitzeagatik desegin zen talde bakarra garela”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


2019-03-17 | ARGIA
Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Zarautzen, etxegabeen neguetxea irekitzearen aldeko kontzentrazioan

Manifestari bat eta kazetari bat identifikatu dituzte larunbatean, etxegabeen aterpea ireki ez izana salatzeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Udalaren "utzikeria" salatu eta honela adierazi dute igandeko prentsaurrekoan: “Geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da”.


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


2019-03-17
Pierre Prouvze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


2019-03-17
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


Lute como Marielle

Martxoaren 14an urtea bete da Marielle Franco Rio de Janeiron tiroz hil zutela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude