wilow-CC By SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Musikariak lanabesa, musika tresna hartu eta muturra ahoan pausatzen du, gozo. Muturraren muturra txorrotxa da, Arundo donax kanaberazko mihia du. Kanabera ahoduna da, sorbatz mindaria du, zorrotza. Haragizko mihiak kanaberazkoa miatzen du. Bi mihien punttek elkar miazkatzen dute. Neure erara esango dut: musikariaren muturreko ahoko mihiak eta musika tresnaren mutur txorrotxeko kanaberazko mihiaren ahoak elkar miazkatzen dute. Musikaren aireak eta musikariaren haizeak gero etorriko dira. Bi mihiak jarriko dira dar-dar eta dantzan, vibrato agian. Haizea aire. Musika.
Musikak eta zurak elkarrekin bizi dute historia. Makina bat loria. Dar-dar egokia sortzen duten zurak dituzte gogoko luthierrek eta instrumentugileek. Luthierrek harizko instrumentuak sortu eta konpontzen dituzte. Izen hau frantseseko luth-etik dator eta hau al-`ūd arabiarretik. Bi hitzok laut, instrumentua, adierazten dute; jatorrizko arabiarrak, ordea, esan, zura esan nahi du. Ebanista finenen artekoak dira luthier onenak. Zurginak.
Era askotako zurak erabili izan dituzte luthierren hatz iaioek. Gehienetan zur astunak, hazkunde mantsoak trinkotu dituenak gustatzen zaizkie. Urtez urte enborra osatzen duten eraztun meheak, estuak eta beta fina dutenak. Durundi berezia eransten diote nonbait aireari. Fruta-arbolen enborrak beti miretsi izan dituzte: sagarra, udarea, gerezia, intxaurra, gaztaina... Hemen nagusi ditugun asko ere bere dituzte oso: lizar, haritz, pago, ler, urki, hagin, ezpel... Astigarra, Acer campestre, izan da, hala ere, hemengo instrumentugileen kuttuna: halako soinu txikirik, halako pianorik... Gaur egun nonahiko egurrak dituzte hemen eta han lehengai: ebanoak, kokoboloa, grenadilleak, wenge, sassafras, jarrah, padauk, bubinga, kaobak... Zurginen zuhaitzen izenen musika.