André Courrèges, ilargiko nekazaria

Paris, 1975. André Courrèges diseinatzaileak Aro Espaziala izenburuko udaberri-udako bilduma aurkeztu zuen eta modaren munduan iraultza ekarri zuen emakumezkoen jantzi sorta hark. Courrègesen lanaren kutsu futurista urrun zegoen bere sorterriko frontoietatik. Edorta Kortadik 1974an Zeruko Argian egin zion elkarrizketan hala aurkeztu zuen moda sortzailea: “André Courrèges Nafarroa Beherekoa da. Espaiñolez ederki mintzatzen da. Eta euskaraz, behar denean, ez da gibel gelditzen. Alabari izen euskalduna ezarri dio. Pilotan ere egin ohi du”.

Hamar urtez Balenciaga maisuaren ikasle aritu eta gero, bere enpresa sortu zuen. Mary Quantekin batera minigonaren sortzailetzat jo ohi da, 1965ean bertan jostun britainiarraren gona laburra modernizatu eta hedatu baitzuen. Itxura metalikoko ehunak eta plastikoak erabiltzen lehena izan zen. Forma geometriko eta erosoak sortu zituen. 45 urte geroago zaharkituak geratu ez diren diseinuak dira. Gazteentzako arropa erosoa egin zuen, goi mailako joskintzako bezero nagusiak aristokraziako emakume zaharragoak zirela jakitun. Hala, ez zuen beharbada Chanel, Dior edo Balenciagaren beraren ospe handia lortuko, baina bere asmoa goi joskintza demokratizatzea zen, ekoizpen eta banaketa kostuak murriztuz. “Borroka eta lan egiten duten izpiritu gazteko emaztekiak jazten ditut. Besterik ez”, esan zion Zeruko Argiari.

“Loreekin mintzatzea zait gustatzen, lore grisik ez baitago. Koloredunak dira. Nik egin jantziak ere halaxe izan daitezela nahi dut. Mundu alaiago bat egin nahi nuke”. Kolore biziek hainbesteko garrantzia zuten bere diseinuetan, ezen hainbestetan erabili zuen mitxoleta gorriari Rouge Courrèges esaten baitzaio oraindik.

“Ilargiko nekazari bat nauzu. Beti nere irudimenean aztarrika ari naiz. Ez zait besteen eritzia axola. Milioika urtetan dabil mundua itzulika. Bizitza bat ez da ezer asko. Jendea joan egiten da”. Baina André Courrègesek 87 urte ditu eta oraindik lanean ari da.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude