‘Mac’ Maharaj

"Askatasuna ez da zapalduarentzat bakarrik, zapaltzailearentzat ere bada"

  • “Hasieratik ikusi nuen Mac arazo txiki bat izango zela guretzat kartzelan. Gogorra zen, zaindariei erantzun egiten zien, azkarregia zen, beti punta atera behar, argumentatiboegia, ez zizun puntu batean ere etsiko nahiz eta eztabaida aspalditik irabazia izan. Bere onerako, inteligenteegia zen”. Mandelaren hitzak dira Maharaj-en Shades of difference (Ezberdintasunaren ñabardurak) liburuko hitzaurrean. Pretorian, Presidentzian duen bulegoan hartu gaitu Hegoafrikako gatazkako sinboloetako bat izan den Afrikako Kongresu Nazionaleko (ANC) kide historikoak.
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2010ko uztailaren 25a
Lander Arbelaitz
Indiar komunitateko kidea, Hegoafrikako Newcastle herrixkan jaio zen Maharaj, 1935eko apirilaren 22an. Gaztetatik ANCn eta Hegoafrikako Alderdi Komunistan ibili zen, gatazka irabaztea helburu. Torturatua, hamabi urte egin zituen kartzelan, eta ondoren urteak egin zituen klandestinitatean. Garraiobideetako Ministro izan zen Mandelaren Gobernuan. Egun, herrialdeko Presidentetzan egiten du lan, Kanpo Harremanetarako aholkularitzan.

Jaio zinenean, zer espero zezaketen gurasoek zuretzako?


Meatzarien herri batean jaio nintzen eta azal iluneko biztanleon aukerak oso mugatuak ziren. Zaila zen pentsatzea indiar bat mediku edo abokatu bilaka zitekeela. Nire anaia zaharragoek eskola utzi zuten doan izateari uzten zion urtean. Eskolan ongi ibili eta adibidez, irakasle izatea izan zitekeen nire gurasoek niretzako espero zezaketen gauzarik altuenetakoa. Irakasleak komunitatean oso pertsona errespetatuak ziren.

13 urte zenituen apartheid erregimena indarrean sartu zenean. Momentuan ohartu al zinen aldaketaren tamainaz?


1948an aldaketa handia izan zen gure bizitzetan. Nahiz eta gure auzoan gehiengoa indiarra zen, baziren afrikarrak eta zenbait zuri txiro ere. Elkarrekin egiten genuen jolas. Baina ume afrikaner zuri horiek gurekin borrokan hasi ziren apartheida indarrean sartu zenetik. Gunea utzi zuten, eta erregimenak trenbideetan lana eman zien. Oso nabarmena izan zen beltzen eta zurien arteko banaketa ordutik aurrera.


Noiz erabaki zenuen zutik jarri eta borrokarako prest zinela?


1952an gurasoen etxea atzean utzi nuenean, ikastera joan nahi izan nuen unibertsitatera. Beltzok baimen bereziak behar izaten genituen herrialdean bidaiatzeko. Azkenean Durbango Natal unibertsitatean amaitu nuen, eta bertan sortu zitzaidan politikarekiko kezka.


Eta ez al zinen beldur?


Bi aukera genituen: ez bazenuen ezer egiten eguneroko umiliazioarekin bizi beharko zenuen, eta zure eskubideen alde zutik jartzen bazinen, arazoak izan zenitzakeen. Bigarren aukerarekin behintzat duintasuna mantentzen zenuen.

Robben Uharteko espetxera hamabi urterako bidali zintuzten. Gogoratzen al duzu bertan pasa zenuen lehen gaua?


1965eko urtarrilaren 5ean joan nintzen. Ez nekien nor zegoen sekzioan, denak ordurako beren ziegetan giltzatuta baitzeuden. Bakardade-gelan sartu ninduten, eta gau oso hotza izan zen. Gero jakin nuen preso politiko guztiak atxilotuta zituzten kartzelan eta Mandela eta beste batzuk zeuden sekzioan nengoela.


Bizitzako Unibertsitatea izenez ere ezaguna zen kartzela, zuen artean.


Muga asko zegoen, zer ikas zitekeen eta zer ez. Agintariek zailtasun handiak jartzen zituzten liburuak lortzeko. Hala ere, presoon erabakia izan zen, baimena lortu edo ez, gure buruak heziko genituela. Beraz, hezkuntzaren bat izan zuenak bestei eskolak ematen zizkien. Politika, gure gatazkaren historia, marxismoa...


Nola gida zezakeen Afrikako Kongresu Nazionalak gatazka, lidergoaren parte handi bat kartzelan edukita?


ANCk biziraun bazuen, nire ustez, atxilotuek Nelson Mandelaren bidea jarraitu genuelako izan zen. Epaiketak erabiltzen genituen erakusteko askatasuna kendu ziguten jendea ginela. Hori inspirazioa izan zen gure jendearentzat. Horrez gain, ANCk jende asko bidali zuen erbestera eta handik borrokatu zuten horiek. Batzuk Radio Freedom emititzen hasi ziren herrialdean, ilegalki. Beste batzuk erakunde lana antolatzera bidali zituzten, eta abar. Azkenik, egunkariak irakurtzen zituen gure jendea konturatzen hasi zen mundua gu babesten hasi zela. Gure mina ez zen desagertu, eta babesak bizirik mantendu gintuen.

Egia al da zuk transkribatu eta kartzelatik atera zenuela Mandelaren Long walk to freedom autobiografia?


Bai, 1976an.


Nola egin zenuen?


1975eko abenduan sortu zen ideia, 1976ko urtarrilean hasi zen Mandela idazten eta apirilerako kanpora aterea genuen. Karpeta eta liburu azalen barruan konpartimentuak sortu eta barnean ezkutatuta, gure ikasketa liburuekin batera ateratzen genituen.

Behin kartzelatik aterata, Vula Operazioaren ideologoa izan zinen.


1965ean ANC eta gainontzeko alderdiak erbestetik ekitera behartu gintuzten, baina ezin genuen muga gurutzatu eta bertan geratu, herrialde bizilagunen egoera politikoak medio. Lusakan (Zanbian) genituen baseak, eta jendea Hegoafrikara bidaltzeko, ilegalki gurutzatu behar izaten genituen tarteko herrialdeak. 1976an Sowetoko ikasleen altxamendua izan zen eta liderrak sortzen hasi ziren herrialdean. Apartheidaren aurkako jendea gatazkaren garaipenera nola bideratu? Gure lana indar hauek guztiak batu eta herrialdean lidergo bat sortzea zen. Horregatik, sabotajeak egitera bidaltzen genuen jendeaz aparte, liderrak bidali behar genituen barnera, bertako liderrekin harremanetan jartzera. Hori zen Vula Operazioaren helburua, adar politiko eta militarra gidatuko zituen lidergoa osatzea.

Ongi funtzionatu zuen, alderdiak legeztatu eta Mandela askatu bitartean. Nola gogoratzen duzu Mandela askatu zuten eguna?


Denontzat egun ikaragarria izan zen, Mandela kartzelan 27 urtez izan baitzen. Alde batetik inspirazioa zen hainbeste urte kartzelan egin ostean, tinko biziraun zuela ikustea, inspiragarria erabat. Nazioarteko apartheidaren aurkako mugimenduek ere garaipen bat lortu zutela ikusi zuten, eta animoak indartu ziren borrokan jarraitzeko. Une oso konplexu batzuetan sartzen ari ginela bagenekien, baina arrakasta izateko aukerak genituela ikusten genuen.

“Zenbat eta luzeagoa guda, orduan eta gehiago kostatzen da estrategia aldatzea”, esan zenuen Donostian, Garak antolatutako Insurgentziatik demokraziara hitzaldian. 1990eko abuztuan ANCk borroka armatua amaitzea erabaki zuen. Zergatik?


Mandela askatu ostean, lehen aldiz ANCren eta gobernuaren arteko bilera ofizialak hasi ziren. Presoen kaleratzeaz, erbesteratuen etxeratzeaz eta abar eztabaidatzen genuen. ANCko Komisio Exekutibo Nazionala bildu eta apartheidaren gobernuarekin izango genuen bilerara zein jarrerarekin azaldu eztabaidatu genuen. Erabaki genuen hurrengo bileran arerioa ezustean harrapatzea, borroka armatuaren suspentsioa mahai gainean jarrita. Inongo baldintzarik ez genuen jarri. Horrek, munduaren eta gure jendearen aurrean jarrera indartsua lortzea ahalbidetzen zigun, eta apartheidaren gobernuari presioa ikaragarria jarriko zion, pausoren bat eman zezan. Mugimendu taktikoa izan zen negoziazioak serio har zitzaten. Jokaldi ona izan zen, azaroan negoziazioak hasi baitziren.

Nor da Mandela?


Mundu osoko gatazka guztietan, askatasuna lortzeko borrokak gizabanako batzuk lider bilakatu ditu, ezaugarri jakin batzuk dituztelako. Osotasuna mantentzen dute, gauzak garbi ikusten dituzte, gatazkarekin leialak dira eta ez dute etsitzen. Beren idealak defendatuz jendearen zerbitzura egoteagatik errepresioak sortutako min handia pairatzen dute. Mandela horietako bat izan da. Bere ekintzak, gure jendearen irudimena harrapatzeaz gain, inspirazio izan dira. Munduak apartheidaren preso guztiak irudikatzeko sinbolo gisa erabili zuen, eta identifika zezaketen irudi horretan oinarrituz, preso politiko guztien askatasuna eskatu zuen.


Negoziazio formalak hasi zenituztenean, bakea lortzeko euren asmoak zintzoak zirela sinetsi zenuen?


Batzuek diote konfiantza elementu garrantzitsua dela negoziatzeko orduan. Ni prozesuko idazkari izendatu ninduten, eta esperientziaz diot, konfiantza ez zela elementu garrantzitsua izan. Herriaren interesak babestera zoaz hara eta erabakiak hartu behar dituzu. Negoziazio bidez, arrakasta lortzea da helburua. Konfiantza ez zen hasieratik hor izan, pixkanaka sortzen joan zen adostasunetara heltzen joan ginen neurrian. Baina ez dut uste apartheid erregimenean sekula konfiantza izatera heldu nintzenik. Kide batzuk errespetatzera bai, baina nire baitan, isilean, ez nuen sekula alboratu euren interesak nolabait mantendu nahi izango zituztela. Normala da. Ez dut jendea egun batetik bestera aldatzea espero, euren pribilegio guztiei uko eginez.


Negoziazioak aurrera zihoazen neurrian, zenbaterainoko mehatxua ziren ultra-eskuindar zuriak?


Arazo serioa. Herrialdea eskura izan zuten, baina Mandelaren eta gure lidergoaren abilezia izan zen beren xantaian ez erortzea. Neutralizatu egin genituen. Erabaki zuzenak hartu genituen eta 1994ko hauteskundeak heldu zirenean, jende guztia harrituta geratu zen oso baketsuak izan zirelako. Ondorioa: beti egongo da aldaketa saihestu nahi duen indarren bat. Bere burua etorkizunaren arkitekto ikusten duen mugimendu politikoaren erantzukizuna da helburuen bidea eginez, beste aldea zatitu eta ahultzea. Ez indarrez, baizik eta logikaren eta erabakien bitartez.


“Ez gaitu mendekuak gidatu behar”, zure esaldia da. Beltzen komunitateak nola barkatu horrenbeste urtetako sufrimendua?


Barkamena ez da erlijioaren zentzu hertsian hartu behar. Mendekuak motibatzen bazaitu, askatasunaren alde egiten ari zinen bidea atzean uzten ari zara. Ahaztu egin duzu gatazkan zure herria bizitza hobe batera eramateko sartu zinela. Apartheida babestu zuen jendearen sufrimendurik handiena, Hegoafrika ez-arrazista eta demokratikoan bizitzen ikastea izan da. Beren pentsamendu eta balore guztiak hankaz gora jarri baititugu. Garai hartan mendekua hautatu izan bagenu, zurien aldaketa prozesua zaildu besterik ez genuen egingo. Nahita hartutako erabaki politikoa izan zen, momentuko eskaerak betetzen zituen estrategia.


Txaboletan bizi den jende asko engainatuta sentituko da zuekin...


Ziur naiz, lanik gabe, txaboletan era miserablean bizi den jendeak engainatuta sentitzen den egunak dituela, eta bidezkoa da gainera. Baina jende bera optimista sentituko da beste hainbatetan. Adibidez, orain hiru aste Zuma presidentea, hedabideekin batera, pobrezia handiko eremu bat bisitatzen izan zen eta erabat harrituta geratu zen bertan ikusitako miseria gorriarekin. Atzo bueltan joan zen gobernuaren eta zenbait alderdi pribaturen babesa mobilizatuta, eta etxe batzuk eraikitzen hasi ziren. Argazkiak ikusten badituzu, “bizitzak ez du esperantzarik” zioen jende bera esperantzaz beteta ikusiko duzu. Esperantza ez galtzea da kontua, arazo hauek ezin baitira egun batetik bestera konpondu. Baina lanean jarraitu behar dugu eurak laguntzeko gaudela gogorarazteko. ANCk bere sorrerako ideiak bultzatzen baditu, egindako akatsak zuzentzen baditu, herrian esperantza sortzeko gai izango da.


Uste al duzu herritar zuriak konturatzen direla hegoafrikar beltzek hartu duten jarrerarekin zelako zortea izan duten?


Bai eta ez. Askatasuna ez da zapalduarentzat bakarrik, zapaltzailearentzat ere bada. Baina zapaltzailearentzat, gainontzekoak zapalduz izan dituen pribilegioen ostean, askatasunak egin dion ekarpenaz konturatzea zaila da. Eurek egindakoaren ondorioen erantzukizuna onartu eta esan behar lukete: “Egin dezagun lan denok batera hau konpontzeko”. Geroz eta zuri gehiagori erakutsi behar diegu beltzekin batera bidea eginez, Hegoafrikako seme-alaba guztientzat etorkizun hobea eraikiko dugula, berenak barne.


Hamasei urte dira demokrazia ezarri zenutela. Pozik zaude herrialdearen bilakaerarekin?


Independentzia osteko hamasei urteetan beste edozein herrik baino askoz ere lorpen gehiago egin dugu. Baina akats ikaragarriak ere egin ditugu eta hauetatik azkarrago ikasiko bagenu, hobe geundeke. 1994ak gure jendeari ekarri zion itxaropenak hazten jarraitzen du, dena den. Pobrezia munduko kontua dela pixkana ulertzen hasi den mundu batean bizi gara. Pobrezia da herrialde baten desorekarako iturri nagusia eta munduak badu nahikoa baliabide pobreziarekin amaitzeko. Denok batera lan egingo bagenu, ez Hegoafrika soilik, mundu osoa hobetuko genuke. Hegoafrikak erakutsi du pobreziak sortutako gatazka hauek elkarrizketa eta negoziazio bidez konpon daitezkeela. Munduak gauza bera egin behar du.

Beste gatazka batzuetarako erabilgarri izan litekeen leziorik ikasiko zenuen urte hauetan...


Gizabanakoaren askatasuna benetan gauza preziatua dela. Mundu osoan, askatasuna ukatu zaion pertsona zutik jarri da. Pertsona bakoitzari, bere bizitza erabaki eta moldatzeko aukera ematea da demokrazia. Gizartean beti izango dira gatazka sortzen duten interesak. Demokrazia da giroa ahalbidetzea, gatazkan dauden interes horiek gudan amaitu gabe konpontzeko, elkar hil gabe. Humanoago egiten gaituen pauso bat aurrera eman behar dugu.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hegoafrika

Hegoafrika kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-29 | Axier Lopez
Israelek Apartheida gainditu du

Sadikoa, mendekuzalea, hiltzailea… Nahi beste adjektibo atxiki dakioke palestinarrak azpiratzeko Israelek urtez urte perfekzionatu duen estatu-politikari. Harrigarria ere aipa genezake. Areago  joatea ezinezkoa dirudienean, Israelek katea gehiago estutzeko duen gaitasunagatik. Sentsazio hori barreiatu da pasa den astean.


Bi andreok hamar zentral nuklear gelditu dizkiete Zuma eta Putini

Makoma Lekalakala eta Liz McDaid ohoretu dituzte Goldman Ingurumen Sariz hamar zentral nuklear gelditu arteko kanpaina eraman dutelako. Hegoafrikako Gobernuak Errusiako konpainia atomiko publikoarekin elkarlanean eraiki nahi zituen. “Herritarrek lortu dezakete agintariek herria ez uztea salgai preziorik onena eskaintzen duenaren eskuetan”, azaldu dute pozik mugimendu sozialetan urte luzeak daramatzaten bi ekintzaileek.


Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak dimititu egin du

Bere alderdiak (ANC) eskatuta dimisioa eman du Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak asteazken gauean, ustelkeria kasuen erantzule zela eta.


2017-12-05 | Axier Lopez
Kapitalismoari aurre egin gabe, arrazakeria ezabatzen saiatu zen ikonoa

Gaur, abenduak 5, munduko agintariak Nelson Rolihlahla Mandelaren izaera goraipatzen ari dira, heriotzaren laugarren urteurrenarekin bat. Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borrokan “terrorista” izandakoa, bakearen aldeko ikur dugu egun, baita gerra eta biolentzia munduan barreiatzen ari diren agintarien ahotan ere. Nolatan bada?


2015-12-13
Kontakizunaren borroka

Abenduaren 5ean bi urte bete dira Nelson Rolihlahla Mandela hil zela. Hego Afrikako apartheidaren aurkako borrokaren –baita armatua ere– aurpegi ezagunena da Madiba. Robben Uharteko kartzelan 27 urte gatibu izan zuten “terrorista” bakearen aldeko ikurretako bat da egun mundu osoan.


2014-05-07 | Ane Lusarreta
Mandela hil ondorengo lehen hauteskundeak Hegoafrikan

2013ko abenduan Nelson Mandela hil zenetik lehenengo hauteskundeak dira asteazkenean egiten ari direnak, Afrikako Kongresu Nazionala (AKN) da faborito, Mandela 19 urtez buru izan zuen eta egun gobernuan dagoen alderdia.


2014-01-08 | ARGIA
Bortxaketa zentzagarria, Hegoafrikako biolentzia lesbofoboaren eskandalua

Lesbianak heterosexual bihurtzera derrigortzea da “bortxaketa zentzagarria”-ren helburua eta 2000. hamarkadaren hasieratik ugaritzen ari dira mota horretako erasoak Hegoafrikan, The Independent egunkariak argitaratu duenez.


2013-12-16 | ARGIA
Ehortzi dute Mandela jaioterrian

Ehortzi dute Nelson Mandela, Hegoafrikako lehen presidente demokratikoa. Qunu jaioterrian izan da, estatu hileta baten ostean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude