Bilboko Burtsa, gainerako burtsak bezala, mundu teknologizatu eta globalizatuaren egoera berrira egokitu zen. Eta eragiketak nahiz horien eboluzioa “kantatzen” zituzten truke eta burtsa agenteen multzoak pantaila elektronikoek ordezkatu zituzten. 1989an izan zen, Bilboko Burtsak 100 urte bete zituenean, hain zuzen. Hala, ordenagailu bidez mundu globalizatu osoarekiko interkonexioa gauzatu zen. Merkatu jarraitua da. Diruak mugarik ez duen eta espekulazioa beste kontrolik ez duen mundua. Pertsonek, aldiz, ezin dute aske ibili mundu horretan bertan.
1989ko ekainaren 26an Bilboko Burtsaren Elkarte Gidaria eratu zen. Fineco Equities, Iberagencia, Mercagentes, Norbolsa, BBV Interactivos, Eurofinanzas, Eurocapital, BSN, Dinver eta HispanoBolsa taldeek osatu zuten elkartea. 2002ko otsailean Espainiako Estatuko lau burtsek (Madril, Bilbo, Bartzelona eta Valentzia) azkenekoz bat egin zuten “Bolsas y Mercados Españoles” (BME) erakundean. Hamahiru elkarte artekari ditu: ACA Sociedad de Valores, Ahorro Corporación Financiera, Banesto Bolsa, BBVA, Euskadiko Kutxa, Fineco, La Caixa, Mercagentes-Credit Agricole, Norbolsa, Renta 4, Santander Investment Bolsa, Societé Generale España eta Galea Invest.
Azken hogei urteotan, 38,4 milioi eragiketa baino gehiago, 1,6 bilioi eurotik gorako balioa eta 107 milioi eurotik gorako mozkin gordinak –zergen aurretik– izan ditu Bilboko Burtsak. Soilik 2006-2008 hirurtekoan, Bilboko Burtsak 46 milioi euroko mozkin gordinak lortu ditu.