Udalbiltza auzia

Nazio eraikuntza akusatuen eserlekuan

  • Datozen egunotan 22 euskal herritar epaituak izango dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Udalbiltza auziaren barruan. Frogarik ez dago haien kontra, Udalbiltza ETAren menpe zegoela dioten poliziaren txostenak baizik. Fiskalak, ordea, akusazioa mantendu du, eta ataka zailean jarri ditu udal jardueretan aritutako hautetsiak.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2010ko uztailaren 18a
Rau Bodajo/Argazki Press
Udalbiltzako hogeita bi auzipetuetatik ia guztiak kargu publikoak dira, herritarrek aukeratutako hautetsiak. Zehazki, lau alkate, hamabost zinegotzi eta Udalbiltzan lanean zebiltzan hainbat langile epaituko ditu Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak. Udaletan zuten arduraren bidez Udalbiltzan parte hartu zuten guztiek, eta parte-hartze horregatik prozesatu zituen Baltasar Garzon instrukzio-epaileak. Fiskaltzak eta Herri Akusazioak (Dignidad y Justicia talde ultraeskuindarra) “talde terroristako kide izatea eta kolaboratzea” leporatu diete auzipetu guztiei, eta horrez gain, zenbaiti “diru publikoa bidegabe erabiltzea” ere bai. Funtsean, akusazioek diote Udalbiltzak ETAren egitura gisa funtzionatzen zuela, horretarako froga zehatzik aurkezten ez duten arren.

Egunkaria auziko absoluzio epaia jakin zenean, Udalbiltzakoek adierazi zuten epai berbera espero dutela. Egunkariako epaiak agerian utzi zuen akusazioaren jokabidea okerra zela, indukzioa atzekoz aurrera egin zuelako. Udalbiltzaren kasuan ere halaxe egiten du: lehenik hipotesia formulatzen du –“Udalbiltza ETA da”– eta ondoren froga izaera ematen dien polizia-txostenak aurkezten ditu.

Egunkariako epaia aurrekari positiboa da, baina Udalbiltza beste auzi bat da. Maribi Ugarteburu auzipetuaren ahotan kontrakoa idatz dezakete “lasai asko” –Berriari eskainitako elkarrizketa–. Kezkatzekoa da, esaterako, Fiskaltzaren jarrera. 2007ko kalifikazioan akusazioa mantendu zuen, Garzónen tesia bere eginez, nahiz eta ordurako egina zuen Egunkaria auzia artxibatzeko eskaera.

Zazpi urteren ondoren, Udalbiltzaren kontrako ahozko epaiketa uztailaren 15ean hasiko da, goizeko 10:00etan, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Uztailaren 16, 22 eta 23an izango dira hurrengo saioak, eta ondoren, iraileko bigarren eta hirugarren astean jarraituko du epaiketak, beste sei egunez. Auzipetuentzat 14 eta 22 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu Dignidad y Justicia elkarteak eta 10 eta 15 urte bitartekoak fiskalak. Auzipetuen esanetan, epaiketak iraun bitartean 200.000 euro beharko dituzte bidaia, alojamendu eta beste gastuetarako.

Epaiketari begira, gogor ari dira lanean ahalik eta babes sozial zabalena lortzeko. Laguntza taldeak sortu dituzte herrietan; Europan, Eusko Legebiltzarrean, udal batzarretan, 2.000 hautetsien artean... ari dira elkartasuna jasotzen. Eta alderdi politiko oso ezberdinetako ordezkariek ere eman diete azkenaldian babesa. Hilaren 17an manifestazio nazionala deitu dute Bilbon, Udalbiltza aske! lelopean.

Auziaren ibilbide gorabeheratsua

2003ko apirilaren 29ko goizaldean Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen beren etxeetan. Horrez gain, poliziak Astigarragan, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean Udalbiltzak zituen egoitzak miatu eta itxi zituen. Operazioa Baltasar Garzónen aginduz egin zen eta hurrengo egunean atxilotu guztiak espetxeratu zituen Auzitegi Nazionaleko epaileak. Garzónek, ezker abertzaleko hautetsiek kudeatutako Udalbiltzari “Udalbiltza-Kursaal” deituko dio, eta bere esanetan 2001eko otsailean Donostiako Kursaalen egindako bileraz geroztik, erakunde hori “ETA-EKINek zuzentzen duen egitura terroristan sartuta” zegoen.

Ordurako, ezker abertzalea hurrengo udal eta foru hauteskundeetako zerrenda independenteak osatzen ziharduen –bi aste lehenago Auzitegi Gorenak Batasunaren ilegalizazioa berretsi zuen–, baina Udalbiltzaren kontrako operazioa gertatu eta hiru egunera Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak zerrenda horien kontra egin zuen Auzitegi Gorenean. Arrazoien artean Garzónek Udalbiltzaren kontra hasitako instrukzioa zegoen, erakunde horrek zerrenden osatze prozesua “koordinatzen” omen zuen Espainiako Gobernuaren ustez. Ángel Acebes Barne ministroak jadanik esana zuen hori, atxiloketak egin eta ordu gutxira: “Udalbiltza da azken asteetan kandidatura hauek  diseinatzen bakarrik ez, baizik kontrolatzen aritu dena”.

2003ko maiatzaren 10ean manifestazio erraldoia egin zen Bilbon auzia salatzeko, Eusko Jaurlaritzako Barne sailak debekatua zegoen arren. Hortik gutxira beste hiru kide espetxeratu zituen poliziak, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria tartean. Garzónek instrukzioarekin jarraitu zuen eta agindua eman zuen Udalbiltza elkartearen jardueraz gain, bere baitako bi entitateren (Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa) jarduera ere eteteko eta Zuberoako garapen proiektuetarako bildutako 400.000 euro konfiskatzeko. Hurrengo hilabeteetan atxiloketa eta espetxeratze gehiago izan ziren.

Azkenik, 2004ko irailean Garzónek 21 lagun auzipetu zituen ETAko kide izatea egotzita. Geroago Ibon Arbulu ere auzipetuko du. Ordurako kide gehienak aske zeuden, baina Miriam Campos, Xabier Alegria eta Joseba Garmendiak preso segitzen zuten –2004ko abenduan geratu ziren libre–. Baltasar Garzónek bere autoan, besteak beste, hainbat Zutabe aurkeztuko ditu froga modura. Horietan ETAk Udalbiltzaren inguruan dituen iritzi baikorrak hartuko ditu kontuan: “Helburu bera bilatzen dute guztiek, ordena konstituzionala irauli eta bake publikoa urratzea”, dio. Horrez gain, ETAk ustez Bixente Lizarazu futbolariari bidalitako gutuna ere aipatzen du autoak. Gutunean, “nazio eraikuntzaren alde egiten duten mugimenduei” dirua emateko aukera ematen dio ETAk futbolariari: “Udalbiltza, ikastolak, euskarazko komunikabideak…”. Aipamen horrekin Garzónek ondorioztatzen du “kutxa bakarra” dagoela mugimendu horien guztien artean eta honela dio: “Berdin du ETAri zuzenean ordaintzea, edo Udalbiltzari edo beste egitura batzuei ordaintzea, bistan delako honen kontrolpean daudela, eta ez direla ETAren ordezkaritza besterik”. Loren Arkotxak “logika ilogiko” gisa deskribatu zuen autoan esandakoa. Aitzitik, Fiskaltzak logika eta argudio horiek erabiliko ditu Udalbiltzako hautetsiak akusatzeko, geroago ikusiko dugun bezala.

2005ean Fiskaltzak Udalbiltzaren jardueren etetea luzatzeko eskatu zion Garzónen ordezko Fernando Grande-Marlaska epaileari. Juan Moral fiskala jatorrizko prozesamendu-autoan oinarritu zen horretarako, eta Grande-Marlaskak –euskal gatazkarekin zerikusia zuten gatazketan erabat kateaturik– Garzónek urratutako bideari heldu zion, Udalbiltzaren suspentsioa hiru urtez luzatuz. 2007an suspentsio epea berriz amaitu zenean, fiskalak iritziz aldatu zuen ordea, etenaldia bertan behera uzteko eskatu baitzion Auzitegi Nazionalean bueltan zegoen Garzóni: “Jadanik beharrezkoa ez delako”. Garzónek fiskalaren eta defentsen eskaera onartu zuen. Hortik gutxira jakin zen fiskalak auzipetuen kontra egindako zigor eskaera: guztira 240 urteko kartzelaldia.

Ia bi urtez, auzipetuak tentsio konstantean izan dira, epaiketa noiz egingo zain. Zaila egin zaie ezjakintasun hori. Behin baino gehiagotan piztu dute alerta, mobilizazioak egin eta babesa lortzeko. Azkenean, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak apirilean jakinarazi du epaiketa noiz egingo den. Beste zehaztapen batzuk ere egin ditu, hala nola onartutako eta baztertutako lekukoak, perituak eta frogak zein diren, eta epaimahaia definitiboki nork osatuko duen: Javier Gómez Bermúdez (presiditzen), Manuela Fernandez Prado, eta Javier Martínez Lázaro.

Zertan datza akusazioa?

2007ko irailaren 11n dataturiko 44 orrialdeko kalifikazioan, Auzitegi Nazionaleko fiskalak dio ETAk Udalbiltzarekin bete nahi zuela “fronte instituzionalean sortu zaion hutsunea”, eta oinarri politiko eta ekonomiko modura erabili nahi zuela, etorkizuneko alderdi politiko baten “hazia” izan zedin: “Udalbiltza-Kursaal ETAk zuzenean eta modu zehatzean kontrolatzen duen plataforma da”, dio.

Pentsa liteke kategorizazio horiek egiteko froga sendoak dituela fiskalak eskuetan. Baina kalifikazio osoan ez da froga bat bera ere aurkezten, interpretazio ugari izan ditzaketen zantzuak baizik, polizia-txostenetan oinarrituak. Esaterako, kalifikazioak dio Kursaaleko Biltzarraren ondoren hautetsi ia guztiak EHkoak zirela eta Udalbiltza Partzuergoa osatzen zuten udaletan ere EHk gehiengoa zuela. Silogismo horrekin ondorioztatzen du Udalbiltza eta haren inguruko erakunde guztiak “ETA-EKINen menpe” zeudela.

Finantzazio arloan ere akusatzen du fiskalak. Zehazki, udaletako aurrekontuetako dirua Udalbiltza “eta ondorioz, ETA erakunde terrorista” legez kontra finantzatzeko erabiltzea leporatzen die Loren Arkotxa, Joseba Garmendia, Xabier Iragorri eta Xabier Alegriari. Kontrara, Udalbiltzako erabaki guztiak publikoak ziren, aurrekontuak eta proiektuetarako ematen zituen diru-laguntzak Gipuzkoako Aldizkari Orokorrean agertzen ziren: Euskal Meteorologia Institutua, Pika haurrentzako aldizkaria, Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia, euskararen aldeko kanpaina Zuberoan, garagardo fabrika laguntzea, euskal selekzioaren eta komite olinpikoaren eraketa, barne turismo sarea, industria katalogoa, ondare dokumentalaren inguruko ikerketa, hezkuntza curriculuma… Horiek dira ustezko delituen frogak. Ekimen horietako askok, gainera, beste erakundeen laguntza ere jasotzen zuten. Esaterako, Zuberoa 2010 plana Europar Batasunak, Frantziako Gobernuak eta Atlantikoko Pirinioetako Departamenduak ere finantzatzen zuten.

Azken batean, Garzónek bere autoan erabilitako arrazoibide berak erabiltzen ditu, eta kasu askotan baieztapen harrigarriak egiten ditu fiskalak. Adibidez, denboran atzera salto egin, eta esaten du 1978ko Euskal Herriko Biltzarre Nazionala izan zela Udalbiltzaren aurrekaria, ETAk kontrolatua hura ere.

Herri akusazio gisa aurkezten den Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, fiskalaren argudioak “fusilatu” ditu bere kalifikazioan, pasarte ugari hitzez hitz kopiatuz. Zigor eskaera da aldatzen den bakarra, kartzela urte gehiago eskatu baititu auzipetuentzat.

Poliziak peritu, informeak froga
Poliziak, delitu bat dagoenean, frogak bilatu eta biltzen ditu, argiketa egiteko. Azkeneko urteetan baina, “ETAn adituak” diren poliziei peritu izaera eman diete, eta hauek egindako informeak froga bezala eskaini dira. Horrela, poliziek hipotesia aurretik egina dute, eta ondoren, handik eta hemendik bilatutako zantzuen bidez, txostena idazten dute. Udalbiltzako auziaren kasuan nahierara harilkatu dituzte honakoak: beste sumarioetan erabilitako idazkiak, erregistroetan aurkitutako dokumentu bakan batzuk, telefono entzuketak, eta atxilotuen deklarazioak. Beti ere hipotesi poliziala justifikatzeko erabiltzen dituzte, eta ez alderantziz. Hortaz, indukzioa atzekoz aurrera egin da.

Epaimahaiak esan dezake poliziak egiten duen lana ez dela peritu batena –kontu teknikoetan laguntzea, alegia– eta epailearen ardura dela frogak interpretatzea eta ondorioak ateratzea. Horixe gertatu zen, esaterako, M-11ko epaiketan eta Egunkariakoan. Baina alderantzizkoa ere egin dezake, 18/98 makrojuizioan bezalaxe. Beraz, defentsaren abokatuek aldizkari honi azaldu diotenez, peritu-informeei emango zaien balioan dago auziko iltzearen gakoa. Akusazioak ez baitauka besterik –aurkeztu dituen lekuko eta peritu guztiak poliziak dira, mediku-forentseak izan ezik–.

Auzitegi Nazionalean aurkeztutako behin-behineko ondorioetan, akusazio guztiak banan-banan ukatzen dituzte auzipetuen defentsek –Jone Goirizelaia, Kepa Landa eta Kepa Manzisidor abokatuak–. Epaiketan fiskalaren eta DyJren baieztapen guztiak errefusatuko dituzte, eta horretarako Udalbiltzaren jarduera zein izan den azalduko dute, bai eta antzeko ekimenak burutu dituzten beste lekuetako adibideak hartu ere. Dena den, defentsarako aukera hankamotz geratu da, aurkeztutako 140 lekukoetatik 21 soilik onartu baitizkie Auzitegiak eta deklaratu behar zuten bi perituak eta frogak ere ukatu dizkiete. Bestaldetik, zantzu positibo gisa, badirudi akusazioari ere zenbait froga atzera bota dizkiola, gauza ezohikoa auzi hauetan.

Fiskalaren eta tribunalaren jarrera

Iturri batzuen arabera Juan Moral fiskala auzia saihesten aritu zen, Udalbiltzako auzipetuak akusatzea erabaki zuen arte. Izan ere, begi bistakoa da auziak ez duela funtsik, eta horregatik ibili da kontua luzatzen. Hori ulertzeko operazioaren jatorrira itzuli behar dugu. Garzónek 2003ko hauteskundeen testuinguruan hasi zuen instrukzioa; ikusi dugun bezala, Udalbiltzaren kontra jo zuen hautes-plataformak baliogabetzeko aitzakia bat egon zedin, nahiz eta horretarako ez zuen inolako frogarik. Behin hauteskundeak igarota, auziak haserako zentzua galdu zuen eta “patata beroa” Auzitegi Nazionalean geratu zen ez atzera ez aurrera.

Ez dakigu fiskalak zein jarrera hartuko duen epaiketan. Azkeneko iritzia 2007an eman zuen, behin-behineko ondorioetan auzipetuak akusatu zituenean. Ordutik hona ez da mugimendu juridikorik izan auzian, baina behin akusatzeko erabakia hartuta, ez dirudi erraza denik epaiketa osteko ondorioetan iritziz aldatzea.

Eta zer dakigu epaimahaiaz? Hasiera batean Angela Murillok presiditu behar zuen epaiketa –18/98ko auzian eta beste zenbait epaiketetan auzipetuekiko jarrera gogorra azaldu izan duen epailea–, baina iaz Egunkaria eta Udalbiltza kasutik apartatu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko buru den González Bermúdezek. Egunkaria kasuan bezala, González Bermúdezek presidituko du azkenean Udalbiltza epaituko duen tribunala, eta bere iritziak –eta jarrerak– eragina izango du azken epaian. Manuela Fernándezek ere epaitu zuen Egunkaria auzia, eta ideia kontserbadoreak dituen arren, itxura batez ez da hain pisuzkoa izango; berdin esan liteke Javier Martínez Lázarorengandik.

Jurisprudentzia berririk ba ote

Udalbiltza auziko ahozko epaiketako sententziak eragin nabarmena edukiko du aurrerantzean izan daitezkeen beste epaiketetan. Egunkariako absoluzio epai gogorraren ondoren, Udalbiltzakoan antzeko zerbait gertatzeak jurisprudentzia berria irekiko luke. Baina momentu honetan jurisprudentzia beste bide batetik doa eta “terrorista desarmatuak” zigilupean, makina bat pertsona sartu dute jada kartzelan.

2005ean Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segiren kontrako auzian esan zuen epaituriko 23 gazteak ez zirela  “ETAko parte” eta ezin zituela “terrorismo delituagatik” zigortu. Ostera, sententzia hori atzera bota zuen Auzitegi Gorenak eta gazteak kartzelan sartzeko agindua eman zuen. Gorenaren erabakiak ETAren entornoa juzkatzeko jurisprudentzia ireki zuen. Ondoren etorri dira 18/98, Askatasuna eta Batasunaren kontrako epaiak.

Jarrai-Haika-Segiko sententziaren ziaboga, hain justu gertatu zen bake prozesua zalantzan zegoen unean; testuinguru politikoak horrelako auzietan izan dezakeen pisuaren adierazgarri da hori. Udalbiltzako auzipetuek badakite, bultzada politikoa duen epaiketa izaki, auzitegietatik kanpoko estrategia politikoen menpe ere badagoela azken erabakia.
22 auzipetuak
-Juan Karlos Alduntzin. Pasaiako alkatea eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Xabier Alegria. Lezoko zinegotzi ohia, Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide ohia, eta Udalbiltzako langilea. 
-Miren Josu Aranburu. Urretxuko zinegotzia eta Udalbiltzako langilea.
-Loren Arkotxa. Ondarroako alkatea eta Udalbiltzako lehendakaria.
-Jasone Astibia. Zubietako zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Miriam Campos. Udalbiltzako langilea.
-Eider Casanova. Barakaldoko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide ohia.
-Imanol Esnaola. Lezoko zinegotzia eta Udalbiltzako langilea.
-Lander Etxeberria. Bilboko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Xarlo Etxezaharreta. Hazparneko zinegotzi ohia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko laguntzailea.
-Joseba Garmendia. Urretxuko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.

-Oskar Goñi. Berako zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Leire Idoiaga. Udalbiltzako langilea.
-Xabier Iragorri. Oiartzungo alkatea eta Udalbiltza Partzuergoa eta EGKFaren lehendakaria.
-Urko Irastorza. Lazkaoko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Espe Iriarte. Iruñeko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Txema Jurado. Atarrabiako zinegotzia.
-Miren Odriozola. Azpeitiko zinegotzia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Larraitz Sanzberro. Oiartzungo zinegotzia eta Udalbiltzako langilea.
-Maribi Ugarteburu. Amorotoko alkatea eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea.
-Karmele Urbistondo. Urnietako zinegotzia eta Udalbiltzako langilea.
-Ibon Arbulu. Bilboko zinegotzi ohia.

*Karguak auzipetu zituzten garraikoak dira. Miriam Campos eta Xabier Alegria preso daude 18/98 auziagatik.
Udalbiltzaren intrahistoria
Udalbiltza alderdi abertzaleetako 1.778 hautetsik sortu zuten 1999ko irailaren 18an, Bilboko Euskaldunan egindako bilkuran. Lehen erakunde nazional gisa aurkeztu zuten, eta bere helburuen artean lehena zen “Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea”. Lizarra-Garaziko bake prozesuak porrot egin zuenean barne liskarrak sortu ziren. Pixkanaka bi sektore nagusiak banatzen joan ziren, eta azkenerako praktikan bi Udalbiltza sortu ziren: EA eta EAJren hautetsiak gehiengo ziren Udalbiltza –Udalbiden bildua–, eta EHren hautetsiak gehiengo ziren Udalbiltza –AB eta independenteak han zeuden–. Batak zein besteak aldarrikatu zuen erakundearen ordezkaritza.

EHko hautetsiek gidatutako Udalbiltzak biltzar berezia antolatu zuen Donostiako Kursaalen 2001eko otsailaren 24an, eta bertatik ateratako ekintza-egitasmoari heldu zion, erakundea indar handiz berraktibatuz eta ekimen ugari burutuz esparru desberdinetan: Euskal Nortasun Agiria edota Euskal Herriaren Eskubideen Karta, Zuberoa Garatzen…

2003an Garzónen operazioa gertatu zenean, bi Udalbiltzetako ordezkariak berriz bildu ziren, harremanak sendotzeko asmoarekin. Dena den, Udalbiltza bakarraren ideia behin baino gehiagotan plazaratu den arren, bi erakunde bereizi gisa funtzionatzen dute oraindik.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Udalbiltza  |  18/98 sumarioa

Udalbiltza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-01 | Xabier Letona
Eztandaren aurreko barea

Igandean goizeko bostetan eskoletako ateetan egon behar dela diote batean eta bestean, behin eta berriz, hori da mezu nagusia nonahi Bartzelonan. Seietan Mossoak joango ei dira eskolak hustera.


Laura esaten zioten
MULTIMEDIA - solasaldia

Miren Odriozolak El Salvadorreko guduan parte hartu zuen, sanitaria gisa, hasiera batean, eta bestelako ardura ugarirekin gerora. Borroka anitzetan parte hartu zuen horren aurretik eta ondoren: ETAko kide, Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka feministaren parte izan zen;  Auzitegi Nazionalak Udalbiltzan egindako lanagatik auziperatu zuen. Odriozolaren bizitzari buruzko liburua da Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak. Leire Ibarguren da egilea, Euskal Herriko Bilgune... [+]


2015-05-12 | ARGIA
Udalbiltza #olanotarrak
MULTIMEDIA - Olanotarrak

Markel Olanoren (EAJ) eta Xabier Olanoren (EH Bildu) arteko eztabaida saioa osorik: www.argia.eus/multimedia/olanotarrak/olanotarrak


2015-01-21 | Malen Aldalur
Euskal Herria burujabetza energetikoaren bila

Udalbiltzak eta Bizi! mugimenduak "Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida" aurkeztuko dute ostiralean Baionan.


2014-12-12 | Malen Aldalur
Nafarroako Gobernua auzitara joateko prest Euskal Herri osoa islatzen duten bide seinaleengatik

Nafarroako Gobernuak “nazio marka” duten bide seinaleak kentzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Kendu ezean neurri legalak hartuko dituela ohartarazi du Juan Luis Sanchez Nafarroako presidenteordeak.


2014-11-26 | ARGIA
Nazio marka duten seinale berriak Gipuzkoako errepideetan

Udalbiltzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute Euskal Herriko nazio marka errepideetako seinaleetan erabiltzeko.


'Elkarrekilan Zuberoan' Euskal Herri osoko udalekuak antolatu dituzte

Ikastolen Elkarteak eta Uda Leku elkarteak elkarlanean aurrenekoz Euskal Herriko zazpi lurraldeetako lehen udalekuak antolatu dituzte. Uztailaren 24-30 bitartean egingo dute egonaldia Mauleko 'Agerria etxea' aterpetxean. Ipar eta Hego Euskal Herriko begiraleak eta 9-15 urte arteko 100 bat gazte elkartuko dira,“euskal lurraldeetako ikasleen arteko zubi lana egiteko” helburuarekin.

 


2014-07-11 | ARGIA
Estatuak euskararekiko erakutsi duen jarrera salatuko dute astelehenean Uztaritzen

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak egin dute deialdia. Uztailaren 14an, 18:00etan, Uztaritzeko Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute. Herriko Etxeak euskara hizkuntza ofizial izendatu du eta suprefetak, egun berean, erabakiaren aurka hitz egin zuen.


Aramaio izan da Udalbiltzaren Euskal Herriko irudi korporatibo berria erabiltzen lehena

Euskal Herri osorako irudi korporatibo berria aurkeztu zuen ekainean Udalbiltzak. Aramaio izan da erabiltzen lehena, Udalak herriko sarreretan jarritako seinaleen bitartez.


2014-04-24
Udalbiltzaren garapen proiektua Pirinioetan
MULTIMEDIA - erreportajea

Udalbiltzak, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren baitan, Euskal Pirinioen tokiko garapenaren egitasmo bat abiatu zuen 2014ko urtarrilaren 13an, Nafarroa Garaiko, Baxenafarroako eta Zuberoako 103 herritarako. Zerbitzuak edota ekonomia aldetik Euskal Herriko eremurik baztertuenetakoa da hura. Zonaldeko eragile, instituzio eta herritarrekin garatuko du proiektua Udalbiltzak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude