Brian Currin

"Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzen badut, nazioarteari diogun zorraren zati bat kitatuko dut"

  • Zuria izan arren, Hegoafrikan apartheidaren aurka urteak egin zituen borrokan, abokatu gisa. Behin demokrazia lortuta, etsai zaharrekin berradiskidetu da Brian Currin. Orain, urteetan bildutako esperientzia nazioarteko beste gatazka batzuk konpontzen laguntzeko erabiltzen du. Johannesburgoko bere bulegoan hartu gaitu Euskal Herrian gauetik goizera ezagun egin den abokatuak.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2010ko uztailaren 18a
Brian Currin
Brian Currin abokatuaLander Arbelaitz

Nola gogoratzen duzu zure gaztaroa apartheid garaian?


Herrialdea banatuta zegoen II. Mundu Gudan parte hartu zuten zurien eta Alemaniaren aldeko jarrera hartu zuten zurien artean. Nire familian, aitak gudan parte hartu zuen. Ni jaio baino bi urte lehenago, Alemaniaren alde egin zutenak boterera heldu ziren eta Hegoafrika afrikaner nazionalisten herrialdea izatera bultzatu zuten. Gaztetatik, sentsazioa eduki dut ez nintzela lehen mailako hiritarra nire herrialdean.


Beltzenganako jarreraz zer gogoratzen duzu?


Beltzek zurien guneetan ibili nahi bazuten, paseak behar zituzten. Poliziak kalean topatzen zituen beltzak geratzen zituen, eta paserik ez bazuten, furgonetetan eramaten zituzten. Horrez gain, ia zuri guztiek beltzak izaten zituzten etxean lanean. Gaueko ordu txikietan, polizia etxeetan sartzen zen eta beltzek lo egiten zuten gelak miatzen zituzten, paseak eskatuz. Dena oso fisiko eta agresiboa zen. SS polizia judu bila ibiltzen zen bezala, ia.
 

Noiz sortu zitzaizun kontzientzia politikoa?


Abokatu ikasketak amaitzean, apartheidaren hiriburura joan nintzen lan praktikak egitera: Pretoriara. Smangaliso Mkhatshwa apaiz beltz aktibista atxilotu zuen poliziak, eta Eliza babes legal bila hurbildu zitzaigunean, aukerarik merkeena nintzenez, niri eman zidaten kasua. Nire bizitza aldatuko zuen kasua izan zen. Orduan hasi nintzen lehen aldiz Hegoafrikako politika ulertzen. Etengabe kartzelan sartu-atera zebilen Mkhatshwa eta behin eta berriz defendatu behar izan nuen. Bere bitartez iritsi nintzen gatazkara, abokatu gisa. Gero sindikatuen batasuna defendatzen ere aritu nintzen, hamar bat urtez.


Pertsona zuria zinen, dena zure onurarako prestatua zegoen herrialde batean. Hala ere, 1987an Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Elkargo Nazionala sortu zenuen. Zergatik?


1987an, salbuespen egoera zegoen Hegoafrikan, eta abokatu gisa, behin eta berriz salbuespen egoerari muturrak ateratzen ibiltzea zen gure lana, biltzeko eskubidea, prentsa askatasuna, eta abar. Momentu batean konturatu nintzen arte, salbuespen egoera perfekzionatzen ari ginela horren aurka ari ginen abokatuok. Orduan sinetsi nuen giza eskubideen aldeko aktibista izateko, gauzak egiteko modua aldatu behar genuela. Lau hilabete kanpoan egin ostean, nahikoa babesekin itzuli nintzen. Herrialdean 140 pertsona inguruko lantaldea sortu genuen eta probintzia guztietan ordezkaritza genuen.

Ez al zinen beldur?


Garai hartan, 40 urteren bueltan gaztea eta idealista nintzen. Hasieran ez nuen arriskurik ikusten. Lanean ari ginela, ordea, konturatu nintzen hil egin nintzaketela. Gure etxea tirokatu izan dute, baita emaztea eta seme-alabak bahituko zizkidatela mehatxu egin ere. Urte gogorrak izan ziren. Segurtasun pribatua kontratatu behar izan nuen. 80ko hamarkadaren amaieratik nire lagun eta bezero asko hil zituzten. Niri ere gauza bera gertatu ahal zitzaidala nuen buruan eta gimnasiora joaten nintzen astean hirutan, noizbait tiroren bat botatzen bazidaten, bizirik ateratzeko aukerak handitu nahian.
 

Nola gogoratzen duzu Mandela askatu zuten eguna?


Galdera egin didazun momentuan, hotzikarak hartu dit gorputz osoa. Egun zoragarria izan zen. Egun osoa telebistaren aurrean egin genuen, itxaroten, itxaroten eta itxaroten, behar zuena baino hiru ordu beranduago askatu baitzuten.
 

Garai haietaz duzun oroitzapen sakonen bat?


Hauteskunde demokratikoen hurrengo egunean, Hegoafrika zaharretik berrira pasa ginen egunean, emaztea, seme-alabak eta ni probintzian agintzen zuen pertsonaren etxe kanpoan bildu ginen, Pretorian. Bertan bandera zaharra zeukaten oraindik zintzilik eta nola aldatzen zuten ikusi nahi genuen. Erabat hunkitu ninduen polizia afrikaner zuriek bandera zaharra zegoen mastara hurbildu, bandera zaharra jaitsi, berria aireratu eta agur militarra nola egin zioten ikusteak. Poliziek keinu hori egin zuten unean, nire polizia zirela sentitu nuen, lehen aldiz. Ordura arte nire arerio izandakoekin berradiskidetze pertsonala hor hasi nuen. Roelf Meyer zen horietako bat eta orain laguna dut, Euskal Herriko kontuan ere batera gabiltza.

Erraza izan al zen ANCrentzat (Afrikako Kongresu Nazionala) borroka armatua amaitzea?


Lehendik Thabo Mbeki-k egin zituen negoziazio saiakera batzuk, baina MK-n (ANCren beso armatua) ez zen pertsonarik maitatuena. 80ko hamarkadaren amaieran, ordea, ANCko “gogorrak” ziren horiek ere konturatu ziren Hegoafrikarentzat alternatiba bakarra zegoela: negoziazio baketsua. Bide horretatik jarraituz gero, herrialdea denontzat suntsituko genuela. Momentu hori oso garrantzitsua izan zen. Mandela kartzelatik atera zenean, horrenbestekoa zen jendeak zion errespetua, MK-n ados ez zegoen jendeak ere beregan jarri nahi izan zuela fedea. ANC babesten zuten milaka eta milaka zuluren aurrean, Mandelak oso hitz ezagunak esan zituen: “Har itzazue zuen lantzak, zuen armak, zuen pistolak eta bota itzazue itsasora”. Jendartetik batzuek oihu egin zioten, baina erronka bota zien. Bide bakarra bakea zela argi utzi zuen.
 

Nola deskribatuko zenuke Nelson Mandela?


Pertsona paregabea da. Benetako liderra hitzaren zentzu guztietan, mendean behin jaiotzen den pertsona horietako bat. Agian mendea baino gehiago beharko da horrelako beste bat jaiotzeko. Herri bat gidatzeko behar diren ezaugarri guztiak ditu eta bere lidergoa instintiboki jarraitzea erabakitzen duzu.
 

Eta Mandela askatu zuen De Klerk?


Desadostasun handiak izan genituen. Bere segurtasun indarrek, hirugarren indarra bezala ezagunek, sarraski askotan hartu zuten parte. Nahiko naifa zela uste dut, posizio zailean zegoen arren, indar horien existentzia ez baitzuen aitortzen. Baina esan behar da berak jokatutako rol hori gabe, ezingo genuela egungo egoerara heldu. Horregatik errespetatzen dut.


Trantsizioan paper garrantzitsua jokatu zuen Egiaren eta Berradiskidetzearen Komisioak (TRC). Zu sorreratik partaide izan zinen. Zer iritzi duzu prozesu osoaz?


Amnistia orokorra zela eta ez zela eztabaida handiak izan ziren herrialdean. Guk, giza eskubideen aldeko abokatu talde gisa, presio handia egin genuen komisioa sor zedin. Berradiskidantzan paper garrantzitsua jokatu zuen, dudarik ez. Entzuketak publikoak ziren, telebistan botatzen zituzten eta albistegietan beti entzun zitekeen egun hartan nork esan zuen zer. Hegoafrikar zuriei aukera eman zien ikusteko beren gobernuak zer egin zuen eta bide batez, ulertzeko beltzek zergatik borrokatu zuten.
 

Torturatuak barka al dezake torturatzailea? Familiako kide bat hil diotenak barka al dezake hiltzailea?


Batzuek bai eta beste batzuek ez. TRCren helburua ez zen barkamena. Ekintza kriminala egin zuenak iraganarekin haustea eskatzen zuen. Ez zuen damua bera ere eskatzen, nahiz eta askok azaldu zuten guztiz damututa zeudela. Nire bezeroetako batzuek barkatu zuten eta beste batzuek ez. Nik barkatu diet nire aurka egin zutenei, baina noski, nik ez nuen prezio gorena ordaindu.


Hamasei urte dira zure herrialdean demokrazia ezarri zenutela. Pozik al zaude bilakaerarekin?


Ez guztiz. Zenbait puntutan huts egin didala sentitzen dut. Ustelkeri handia dago eta hori onartezina da. Ekintzaile asko politikan sartu ziren eta hor zenbaitek beren jarreraz abusatu dute. Zerbitzu publikoekin ere ez nago pozik: garraioa, hezkuntza, osasuna... Gure jendearen gehiengoari ez zaizkio aplikatzen legez onartzen zaizkion eskubideak. Polizia eta etxegintzarekin berdin. Lehen aipatu ustelkeriagatik, maila ematen ez duen jendeari ematen zaizkio betebeharreko zenbait lan, diru asko poltsikoratuz. Badakit egun batetik bestera ezin dela dena konpondu, baina hala ere uste dut gobernuak gauzak hobeto egin zitzakeela.


Eta adiskidetasunari begira, zer balorazio egiten duzu?


Oso bide luzea egin dugu hamasei urtetan. Asko hobetu da, baina ez da egoera bikaina. Hegoafrikar zuri asko oso ongi bizi da eta pribilegiatuak dira. Orain zuri pobreak ere badaude, baina hegoafrikar beltzen gehiengoa ikaragarri pobrea da. Ez naiz ekonomialaria, baina zaila egiten zait ulertzea zergatik gobernuak ez duen garatzen enpleguak sortzen dituen ekonomia bat. Eskulangintza sektorea gehiago hazi behar da. Herrialde asiarretatik asko dugu ikasteko, negozio txikietan askoz kontzentratuago daude.


Beltz askok esan dit zuriak eurekin urrunak direla eta herrialdearekin oso kritiko.


Gobernu berriak indarrean jarritako zenbait legedik jendea sailkatzen du. Ados nago orain arte desabantailak izan dituztenei laguntza ematearekin, baina zenbait zuri diskriminatuak sentitu dira, eta hori ere ez da ona. Lege horien formulazioa eta aplikazioa gainbegiratu behar genukeela uste dut.

Pobrezian bizi den pertsonak, bestalde, ia ezer gabe bizi denak, herrialdea ez dela behar bezala garatu sentitzen du derrigor. Lana bultzatu behar da eta biztanle bakoitzari aukera eman bere abildadeak garatzeko. Behin etxea eta lana lortuta, jendea normal bizitzen hasten da, eta orduan arrazen arteko harremanak hobetzeko aukera sortzen da. Herrialde honen arrakasta, neurri handi batean, politika ekonomikoan dago. Egun baino hiru-lau aldiz gehiago hazi behar da ekonomia. Munduko Kopak lehen aldiz horretarako aukera eman digula uste dut.

Zer ekarpen egin dio Munduko Kopak berradiskidetzeari?


Handia. 1995. urteko Munduko Errugbi Kopa izan zen lehena molde honetako ekarpenak egiten. Baina orduan herritar beltzak izan ziren euren iritziak aldatu eta zurien kirola babestu zutenak. Ordutik zuriek oso interes gutxi erakutsi dute beltzen kirol eta interesguneekiko. Eta zoragarria izan da orain arte beltzen kirola izandako hau babesten ikustea. Beltzak horrelako keinu baten zain zeuden, eta esan didatelako dakit, asko poztu dira.


Bake prozesuek izan ditzaketen antzekotasunei buruz mintzatu nahi nuke...


Bake prozesua eraikitzeko osagai jakin batzuk behar dira nahitaez, Hegoafrikan, Ipar Irlandan, Ekialde hurbilean, Ruandan, Sri Lankan edo Euskal Herrian.
 

Konfiantza aipatu izan duzu nahitaezko osagai gisa. Ikusten al duzu konfiantzarik egun Euskal Herrian?


Gatazkako bi protagonista nagusiak diren ezker abertzalea eta Espainiako Gobernuaren artean, ez. Konfiantza ez da egun batetik bestera sortzen. Landu egin behar da. Euskal alderdi abertzaleen artean, ordea, konfiantza sortzen ari dela ikusten da. Euskal Herriko lider sozialista zenbaiten eta ezker abertzalearen artean ere zerbait sortzen ari dela ikusten dut.
 

Euskal Herrian jende askok uste du Espainiako Gobernuak ez duela gatazka hau konpondu nahi.


Konfiantza faltan dago galdera horren erantzuna. Laster hauteskundeak dira eta horrek ere eragina du. Madrilgo Gobernua itxaroten ari da ikusteko zer gertatzen den. Etorkizunean aukera ikusiko du Madrilek, eta jendeari imajinatzen zailak egiten zaizkion gauzak gertatzen direnean, Espainiako iritzi publikoa aldatzeko aukerak egongo dira. ETAk su etena baino, betirako amaiera aitortuko balu, adibidez. Eta hori gertatzean, aukera berriak sor daitezke.
 

Zergatik ari zara euskal gatazka konpontzen laguntzen?


Hamabost urte egin nituen bakearen eta justiziaren alde borrokan nire herrian. Urte mingarriak, zailak eta askotan oso bakartiak izan ziren. Nazioartetik zetorkigun babesa zen aurrera egiteko indarra ematen ziguna. Gogoan dut bere garaian pentsatzen nuela noizbait Hegoafrikako gatazka konpontzea lortzen bagenuen, ez nuela nazioarteko babes hori sekula ahaztuko, eta beharra zuenari lagunduko niola. Mundua nazioarteko komunitatea da eta gure betebeharrak gure herrialdeetako behar, esperantza eta nahietatik harago doaz. Gainera, Hegoafrikan asko ikasi nuen gatazka sozio-politikoez eta hauen ebazpenaz, eta jakinduria hori besteekin banatzea betebehar gisa ikusten dut. Hamahiru urte egin nituen Ipar Irlandan. Euskal herritarrak bakea eta denek parte hartuko duten demokrazia bat lortzeko etsi antzera zaudete. Nazioarteko komunitateko kide gisa, helburu hori lortzen lagun badezaket, nazioarteko komunitateari Hegoafrikan bakea eta justizia lortzen lagundu izanagatik diogun zorraren zati bat kitatuko dut.


Baikor izateko arrazoirik ba al dugu?


Arrazoi onak daude baikor izateko. Uste dut ezker abertzaleak heldutasunera pausoa eman duela. Badakite euren estrategia politiko berriak emaitzak eman ditzakeela. Sinesten dut bide horri eutsiko diotela eta ez dutela atzera egingo. Aurrera bultzatuko dute, ETAren buruzagitzak jarrera hori babestu arte. Ezker abertzalearen lidergoa aldatu dela uste dut, alde militarretik alde politikora pasa da gidaritza. Garrantzitsua da. Bestalde, ezker abertzalean badakite, aurrerapenik ezean, biolentzia gehiago gertatzen bada, eta ez badute garbi gaitzesten, beste alderdiekin lortutako babes osoa galduko dutela. Nazioarteko babesa ere galduko lukete. Nik uste ongi doala eta bidean aurrera egingo dutela.

Nortasun agiria
1950. urtean jaio zen, Hegoafrikan. Abokatu ikasketak egin ostean, bere herrialdeko giza eskubideen borrokatzaile sutsua izan da. Egiaren eta Berradiskidetzearen Komisioa ezartzeko orduan, garrantzitsua izan zen bere egitekoa. Behin herrialdeko zauriak itxita, Sri Lankan, Rwandan, Ekialde Hurbilean eta Ipar Irlandan urte luzez egin zuen lan. Euskal Herriaren txanda da orain.
AZKEN HITZA
Bakea
“Inongo biolentzia edo biolentzia mehatxurik gabe, prozesu demokratiko guztietan, bere zaleen helburu politikoak era legitimoan ordezkatzea ahalbidetu behar duen ebazpen politikoa. Legean eta konstituzioan oinarrituz, era aske eta gardenean, inongo errepresioren beldurrik gabe”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hegoafrika

Hegoafrika kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-29 | Axier Lopez
Israelek Apartheida gainditu du

Sadikoa, mendekuzalea, hiltzailea… Nahi beste adjektibo atxiki dakioke palestinarrak azpiratzeko Israelek urtez urte perfekzionatu duen estatu-politikari. Harrigarria ere aipa genezake. Areago  joatea ezinezkoa dirudienean, Israelek katea gehiago estutzeko duen gaitasunagatik. Sentsazio hori barreiatu da pasa den astean.


Bi andreok hamar zentral nuklear gelditu dizkiete Zuma eta Putini

Makoma Lekalakala eta Liz McDaid ohoretu dituzte Goldman Ingurumen Sariz hamar zentral nuklear gelditu arteko kanpaina eraman dutelako. Hegoafrikako Gobernuak Errusiako konpainia atomiko publikoarekin elkarlanean eraiki nahi zituen. “Herritarrek lortu dezakete agintariek herria ez uztea salgai preziorik onena eskaintzen duenaren eskuetan”, azaldu dute pozik mugimendu sozialetan urte luzeak daramatzaten bi ekintzaileek.


Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak dimititu egin du

Bere alderdiak (ANC) eskatuta dimisioa eman du Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak asteazken gauean, ustelkeria kasuen erantzule zela eta.


2017-12-05 | Axier Lopez
Kapitalismoari aurre egin gabe, arrazakeria ezabatzen saiatu zen ikonoa

Gaur, abenduak 5, munduko agintariak Nelson Rolihlahla Mandelaren izaera goraipatzen ari dira, heriotzaren laugarren urteurrenarekin bat. Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borrokan “terrorista” izandakoa, bakearen aldeko ikur dugu egun, baita gerra eta biolentzia munduan barreiatzen ari diren agintarien ahotan ere. Nolatan bada?


2015-12-13
Kontakizunaren borroka

Abenduaren 5ean bi urte bete dira Nelson Rolihlahla Mandela hil zela. Hego Afrikako apartheidaren aurkako borrokaren –baita armatua ere– aurpegi ezagunena da Madiba. Robben Uharteko kartzelan 27 urte gatibu izan zuten “terrorista” bakearen aldeko ikurretako bat da egun mundu osoan.


2014-05-07 | Ane Lusarreta
Mandela hil ondorengo lehen hauteskundeak Hegoafrikan

2013ko abenduan Nelson Mandela hil zenetik lehenengo hauteskundeak dira asteazkenean egiten ari direnak, Afrikako Kongresu Nazionala (AKN) da faborito, Mandela 19 urtez buru izan zuen eta egun gobernuan dagoen alderdia.


2014-01-08 | ARGIA
“Bortxaketa zentzagarria”, Hegoafrikako biolentzia lesbofoboaren eskandalua

Lesbianak heterosexual bihurtzera derrigortzea da “bortxaketa zentzagarria”-ren helburua eta 2000. hamarkadaren hasieratik ugaritzen ari dira mota horretako erasoak Hegoafrikan, The Independent egunkariak argitaratu duenez.


2013-12-16 | ARGIA
Ehortzi dute Mandela jaioterrian

Ehortzi dute Nelson Mandela, Hegoafrikako lehen presidente demokratikoa. Qunu jaioterrian izan da, estatu hileta baten ostean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude