ARGIA.eus

2021eko urriaren 28a
Musika

Melodiaren diktadurari aurre egiten

  • Ondoren datorrena idazten nagoela, Iron Maiden eta gure amama etorri zaizkit gogora. Niretzat musika –oso ona gainera– dena, harentzat zarata baino ez da. Orduan, zergatik ukatzen diet musika izaera nire belarrientzat zarata besterik ez diren zenbait soinuri? Alegia, zer da musika?
Unai Brea @unaibrea2
2010ko ekainaren 27a
Ed Jared
Ed Jared
Egin dizute inoiz entzumena ea ondo daukazun jakiteko proba horietako bat? Saia zaitez irudikatzen –soinukatzen zehatzagoa litzateke– tinpanoen osasuna neurtzeko entzunarazten duten txistu-hots horietako bat, baina askoz ozenagoa. Ondoren zarata, burrunba, esku erraldoia aluminiozko paperarekin bola bat egiten... Fabrika batean bazeunde bezala, baina zeharo desatseginagoa. Horrela hamar minutu. Gitarra-jotzaile bat irten da eszenatokira ondoren. “Jo” aditzak, kasu honetan, esanahi betea du. Musikariak, momentuz hala esan diezaiogun, jipoitu egin du tresna, lurretik arrastaka eraman du, ostikoak jo dizkio, hamaika teknika erabili du kontserbatorioan irakasten dituztenak izan ezik... eta gitarra batean sekula entzun ez ditugun soinuak eginarazi dizkio bereari.

Horrela hasi zen, maiatzaren 28an, Bilboko Zaratafest musika arraro jaialdia. Arraroa, seguru. Musika? Inkesta bat eginez gero, seguruenik %100ek erantzungo luke ezetz. Denok oso ondo baitakigu musika zer den, gertatzen dena da ez genukeela jakingo –horren beharrik bagenu– haren definizio egokia ematen.

Gure ezjakintasuna ulertzekoa da. Xabi Erkiziak, konbentzionalismoaren mugak aspaldi gainditu zituen musikari lesakarrak, dio berez ezin daitekeela musika definitu. Saiakeratxoa egin du hala ere, guk eskatuta: “Musika soinu ordenatuak dira. Hori da definizio neutroena, bidezkoena”. Zabalena ere bada, eta horrexegatik da bidezkoena.

Musika infinitua

Melodia kopurua infinitua da edo noizbait amaituko da?, galdetu izan dio batek baino gehiagok bere buruari. Galdera egite hutsak tranpa du bere baitan, musika gauza itxia balitz bezala aurkezten digulako, elementu jakin batzuekin egiten dena. Horren arabera, musika elementu horien konbinatoria izango litzateke, partituran bukatzen den zerbait. Hainbeste nota, hainbeste konbinazio. Matematika hutsa. Baina iruzurra dago hor, konbinazio berak oso emaitza desberdinak izan baititzake.

Musika ulertzeko, gauza anitz hartu behar da kontuan, gogorarazi digu Erkiziak: entzulearen egoera, interpreteak ematen dion ukitua... eta garrantzitsuena, espazioa. “Ez da berdina musika entzutea kalean, elizan, pilotalekuan edo auditorioan. Zer gertatzen da, melodia bat nahiz eta itxita egon, espazio batek melodia horri ateratzen badizkio harmoniko gehiago? Melodia bera da, edo beste bat? Noten konbinazioari gehitu beharko genioke espazioen konbinazioa, eta ikusi beharko genuke espazio bakoitzak gehitzen dituen harmonikoek ez ote duten sortzen melodia berri bat. Ez zait iruditzen melodia partituran bukatzen denik, alderantziz, hor hasten da”.

Eskalan preso

Baina partituratik harago ere joan daiteke. Mendebaldeko kulturak eskala jakin bat erabiltzen du, eta sistema hertsia du musika transkribatzeko: hamabi tonutako eskala dodekafonikoa –Do, Re, Mi-rekin hasten den zazpi notako segida gehi tonu erdiak–, baina joan munduko beste leku batera eta beste bat aurkituko duzu. Arazoa da Mendebalde ahalguztidunak denean agindu nahi izaten duela, eta horretan ere bai. “Etnomusikologiak egin duen akatsik handienetakoa da hori”, dio Erkiziak, “Arabiara edo Indiara joan ziren mendebaldetarrak eta hango musika hemengo moldeekin transkribatu nahi izan zuten, gure eskala dodekafonikoa besterik ez baitzuten ezagutzen”. Baina zergatik ez erabili hamabost tonutako eskala? Edo zergatik ez, besterik gabe, eskalarik gabe jokatu? Musika konkretuak, grabatutako zarata eta soinuekin egiten denak, arauak hautsi zituen XX. mendean. Zer eskalatan kokatzen ahal da auto batek egindako hotsa? Gure pentagramak ez ditu onartzen mikrotonuak, baina egon badaude: zenbat nota dago Do eta Do sostenituaren artean? Nahi beste. Muga bakarrak gure entzumenarenak dira.

 “Musika konkretua hasi zenean eskandalua izan zen, baina igaro dira hamarkada batzuk eta gaindituta dago”, dio Erkiziak. Hala ere, gaineratu du, gehienontzat musika arraroa da hori, kanonetik gehiegi aldentzen den edozein estilo bezala. Arraro diogunean, uler bedi gehienok ez dugula gustuko. Baina, musika denik ukatzeko eskubidea dugu? Auzi honek boterearekin zerikusia daukala ikusarazi digu Erkiziak: “Musika definitzeko erabili izan diren irizpideek sailkapen baten beharra salatzen dute, eta sailkapenak boterearekin dauka harremana”. Badago musikatzat ulertu behar dugunaren diktadura bat, eta diktadura horrek ezarri du aurreko orrialdeko argazkietan ageri direnak ez direla musika egiten ari, zarata baizik. Horren kontra, askatasuna aldarrikatzen du gutxiengo batek, musikaren definiezintasunak ematen duen askatasuna. Bilbon entzun genuena, orduan, musika zen ala ez? Norberak erabaki dezala.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
2010ko ekainaren 27a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude