argia.eus
INPRIMATU
Zorpetzea
Joxemari Ostolaza 2010ko ekainaren 03a
Zorra egiteko abildadea balio denean, zorgabea, zorrik egin gabe bizi ahal izatea gabezia izango da, eskasia. Zorretan ez bizitzea irakatsi ziguten, eta ezinbestean egindakoak kitatu bitartean ez-bizitzen, zorrari aurpegia eman eta hura berdintzea baitzen bizitzea. Eta orain, zenbait eta handiagoa zorra orduan eta aberatsagoa zorduna. Gobernuek erakutsi dute bidea, zorpetze prozesua deitu eta gaizkile ustelen prozesioa arrakastatsuen pasarela bilakatu. Herriko Etxeek duten kudeaketa bikainaren neurgailu ia bakarra beren zorra da, aberats egiten dituena. Biztanlea zorpetuz udaletxea aberastu. Kirol espektakulua dugu honen adibide argia, eta futbol elkarteak ikurrak. Gure bizi pribatura eraman nahi izan dugu sistema. Ortuak orube eta orubeak auzo berri bilakatzea izan da kirol espekulatzaile arrakastatsua zorpetzeko abildadea ahitu arte, eta beren zorrak kitatzen ikasi ez zutenek, auzoak eraikin eta orubeak zulo. Zorgabeek ordaindu beharko dute zordunen desmasia. Eta zordunei aurre eginez gero, intsolidarioen famaz bataiatuko dituzte erlijio berri honen sortzaileek, aurrerantzean ere eliza honetan kanonigo izaten jarraitu nahi dutenek, oro zorpetzeko abildadea dutenek.