Ehun urteko abstrakzioa

Lehen akuarela abstraktua
'Lehen akuarela abstraktua' (1910) lanaren bidez, Wassilly Kandinskyk pintura garaikidearen bide nagusietakoa zabaldu zuen.www.cv.uoc.edu
Munich, 1910. Wassily Kandinsky (Mosku, 1866-Neuilly-sur-Seine, 1944) margolariak Lehen akuarela abstraktua burutu zuen, inolako erreferentzia figuratiborik ez zuen lehenengo artelana, alegia.

Musika, folklorea eta etnografia zituen gustuko Kandinsky errusiar gazteak, baina zuzenbide eta ekonomia ikasketak egin zituen. 1889an Parisera bidaia egin eta Rembrandten koadroen erakusketa bat ikusi zuen; orduan piztu zitzaion pinturarekiko grina. Handik urte batzuetara, 1895ean, frantziar inpresionisten lanez osatutako erakusketa bisitatu zuen eta, karrera juridikoa baztertuta, pinturan jardutea erabaki zuen.

Hurrengo urtean Munichera joan zen lanbide berria ikasteko. Hainbat urtetan beste herrialde eta hiri batzuetan, bereziki Parisen, egonaldi luzeak egin eta gero, 1907an Alemaniako hirian finkatu zen. Hantxe nahiz Murnauko udako etxean abiatu zuen hiru urte geroago abstrakzioraino eramango zuen bidea. Paisaiak egin zituen batez ere. Kolore puruak, biziak erabiltzen zituen paisaia horietan, gero lan abstraktuetan bezala. Formak desegiten joan ziren, eta elementuak gero eta sakabanatuagoak zeuden errusiarraren obretan.

1910ean burutu zuen errealitatearen disoluzio prozesu hori, historiako lehen artelan abstraktua egin zuenean. Artelan iraultzailea izanagatik, euskarri apala eman zion Kandinskyk. Bigarren mailakotzat jotzen zen teknika erabili zuen, akuarela, eta, beraz, paperaren gainean egin zuen. Neurriz ere ez da artelan handia: 50 x 65 zentimetro neurtzen du, gutxi gorabehera.

Finean, esperimentua zen. Lehenago beste abangoardia batzuk hasi ziren artearen autonomia osoa lortzeko ahaleginean. Fauvismoak eta espresionismoak kolorea askatu zuten; kubismoak, aldiz, ohiko formak eta konposizioak hautsi zituen. Baina zuzenbidean lizentziatutako errusiarra izan zen azkenean osagai horiek nahastu eta abstrakzioaren formula aurkitu zuena.

ASTEKARIA
2010ko ekainaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Eguneraketa berriak daude