Marjorie Mayren 12. urtemuga

Chicago (AEB), 1930. Kotex konpresa ekoizleak Marjorie May’s Twelfth Birthday izenburuko liburuxka banatu zuen bere produktuekin batera. Erabili eta botatzeko zapi sanitarioak 1895ean asmatu zituen Curads & Hartmann’s etxeak, eta Johnson & Johnson etxeak ere behin erabiltzeko konpresak merkaturatu zituen. Baina menstruazioa tabua zenez, publizitaterik gabe produktuok ez zuten arrakastarik izan. Kotexek isiltasuna gainditu eta ama-alaben arteko hilekoari buruzko solasaldiak bultzatzea erabaki zuen, Marjorie Mayren hamabigarren urtebetetzea aitzakia.
   
Gustura zegoen Marjorie May hamabigarren urtemugaren festa ondorenean, baina kezka bat ere bazuen: “Ama, ez dut ulertzen hain alaia izan ohi den Margaret lehengusina zergatik zegoen hain isilik”. Neskatoaren galderak aukera eman zion amari aspaldian alabarekin izan nahi zuen solasaldia egiteko. Baina Margareti gertatzen zitzaionari buruz hitz egin baino lehen ama-alaben arteko harremanaz aritu zen ama: “Lehen ez zituzten igeriketa lasterketak egiten egun ditugun bainujantzi erosoetan. Ez zuten sekula tenisean elkarrekin jokatzen”. Amaren esanetan, “gauza garrantzitsu asko daude 12 urteko neskato batek jakin beharko lituzkeenak, baina, alabekiko intimitate faltagatik, amek jorratu ez dituztenak”. Eta, azkenean, lehengusinaren misterioa “argitu” zion: “Gaur, Margareten bizitzan lehenengoz, Naturak garbikuntza metodo berria abiatu du berarekin”.
   
Alabaren gorputza aldatzen ari zela gogorarazi zion amak eta garbikuntza –edo menstruazioa, testuan parentesi artean agertzen dena– aldaketa horien parte dela azaldu zion. Halaber, “barrutik garbi egotea kanpotik garbi egotea bezain garrantzitsua dela” esan zion eta, horretarako, nola ez, Kotex zapiak erabili behar zituela.
   
“Eta nola jakingo dut noiz etorriko den berriro?”, galdetu zion Marjorie Mayk. Orduan, amak hilekoaren lehen eguna egutegian markatu behar zuela esan zion eta handik 28 egunera berriro etorriko zela.
  
 “Informazio egokia jaso ez duten neskatoek gauza beldurgarriak esango dizkizute menstruazioaz, baina ez diezu jaramonik egin behar tarteka entzungo dituzun ideia eta sineskeriei”. Amak jakinarazi zion sineskeria horietako baten arabera hilekoarekin bainu hartzea kaltegarria zela, baina, alderantziz, inoiz baino garrantzitsuagoa zela higienea zaintzea.
  
 “Ama,” esan zuen azkenik neskatoak, “eskerrik asko laster biziko dudan esperientzia honen berri emateagatik”.
   
Egungo ikuspegitik testua inuzente samarra eta mugatua izan arren –besteak beste, hilekoaren eta ugalketa funtzioaren arteko lotura aipatu ere egiten ez duelako– berrikuntza handia izan zen duela 80 urte. Kotex konpresak merkatuan arrakasta lortzen lehenak izan ziren. Eta hilekoaren tabua gainditzeko bide mantsoan urrats bat behintzat egin zuten emakumeek Marjorie Mayk 12 urte bete zituenean. n

ASTEKARIA
2010ko maiatzaren 16a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude