Lakabe proiektua

Komunitatea oinarri

  • Gaztetxeak eta etxe edo baserri okupatuak ezagunak dira gure inguruan, ez horrenbeste herri okupatuak. Horietako bat da ekoaldearen barnean dagoen Nafarroako Lakabe; natura, komunitatea eta norbanakoa oinarri dituen 30 urteko esperientzia.
Uxua Larretxea
2010ko maiatzaren 09a
“Zoriontasunaren bila nenbilen, sistemaren gurpiletik at beste bizimodu bat nahi nuen etxebizitzak okupatzen hasi nintzenean”. 25 urtetik gora daramatza okupazio munduan Iñaki Garcia donostiarrak. Hasiera batean Donostia eta Oarsoaldean bilatu zituen bizilekuak, eta ondotik Nafarroa izan zuen jomuga; Iruñeko Euskal Jai gaztetxetik nekazal herri okupatuetara egin zuen jauzi. Lakabe du egun bizitoki; sistema ekonomiko, politiko eta sozial alternatiboak dituen Nafarroako Artze bailarako herria.

Hamar bat eraikin (tartean gaztetxe bat, bisitariak hartzeko eraikin bat eta etxebizitzak) ditu herriak, baratzeak, negutegi bat, egur tailerra, Mongoliako jatorria duen haima bat, animalia ugari... Eta bertan bizitzen eta elkarbizitzen, hogei bat lagun. Egitasmoa dagoeneko 30 urte betetzear da eta urtez urte, herritarrek bizitzeko modu berezkoa eraiki dute. Egun ere, horretan dihardute. Ekonomikoki burujabeak dira, baita beste hainbat arlotan ere; komunitate egitura sendotua eta oinarri materiala segurtatua dute, eta gainera, euren ekonomia gorantz doa. Lakaberi buruz nabarmendu daitezkeen ezaugarriak ugariak dira, baina akaso garrantzitsuena ez da berehala ikusten, nahiz eta beraiek asko landu: pertsonaren barrualdea eta komunitate filosofia.

Lakaberekin batera, Artze, Longida eta Urraulgoiti bailaretan dauden beste hainbat herrik (Ulibeiti, Arizkuren, Rala, Artanga eta Aizkurgi) ekoaldea osatzen dute. Ekonomia komuna –komunitate gisara antolatua– eta naturarekiko errespetua dute amankomun, baina eguneroko funtzionamenduak desberdintzen ditu.

Lakaberen edo Arizkunen kasuan, ekonomia eta egin beharreko lanak komunak dira; hots, irabaziak edo baliabideak berdintasunean elkar banatzen dituzte. Hori ez da beste herrietan gertatzen, ekonomia komuna izanik ere, etxe bakoitzean ekonomia ezberdinduak baitituzte eta herritik kanpoko bitartekoetan oinarritzen dute. Zertan sustengatzen da ordea Lakaberen ekonomia? “Ogia egin eta Iruñeko auzo eta inguruko herrietan saltzen dugu, hortik diru iturri esanguratsua datorkigu. Pentsa, ogia nola egiten dugun erakusteko ikastaroak antolatu ohi ditugu eta Donostiako, Bartzelonako edota Cartagenako jendea etorri izan da gurera ikastera!”, azaldu digu Iñaki Garciak. Horretaz gain, animalietatik (oiloak, ardiak, behiak, astoa, txerriak...) zein baratzetik lortzen dituzte, besteak beste, euren mantenurako beharrezko elikagaiak. Txerrikiak, gainera, tarteka herritik kanpo saltzen dituzte. Eurek egindako garagardoa ere badute.

Ekonomia bateratua

“Ez dugu kanpoan lan egin beharrik bizirauteko, dirua hemendik bertatik datorkigu eta horixe da hain justu xedea; modu jakin batean bizi nahi dugu eta egunero-egunero fabrikara joan beharko bagenu lan egitera eta soilik gauetan itzuliko bagina lo egitera, garai batean egin nuen moduan, zaila litzateke bizi proiektu hau aurrera ateratzea”, dio donostiarrak. Alta, bada kanpoan lan egiten duenik ere, baina ez behar ekonomikoagatik, bere lanbidea jorratu nahi duelako baizik, profesionalki garatu. Lortutako lansaria ere herriko ekonomia bateratura doa. Bestalde, azpiegitura bermatzeko materialak egundaino herriko egur tailerrean landu izan dituzte. “Orain gehienetan kanpotik ekartzen ditugu, ekonomikoagoa delako”.

Kanpoan lanik ez egiteak ez du esan nahi, haatik, etxean zereginik ez dagoenik, maiz ordutegirik gabeko lan horiek izaten baitira pisutsuenak. Garciak bere ohiko egun bat nolakoa den kontatu digu: “Astelehenetan, adibidez, ogia banatzen dut. Banaketa gehien egiten den eguna da. Gero nire semearekin egoten naiz, eta garbiketa edo janaria prestatzeko txanda egokitzen bazait, hori egiten dut, edo bestela mendian edo eraikuntzan lan egiten dut beharrik badago”. Izan ere, ardurak denen artean banatzen dituzte, garbiketa edo bazkaria prestatzea, kasu. Bi hilabetetan, hiruzpalau aldiz egokitzen zaio bakoitzari txanda, une horretan Lakaben dagoen jende kopurua gorabehera. Afaria bakoitzak bere kabuz egiten du, une horretan bizi den etxean –etxez aldatzen dira tarteka, Lakaben ez baitago jabetzarik–. Bestelako egitekoak gauzatzeko (ogia egin eta banatu, garagardoa egin, eraikuntza eta teknologia lanak, auto konponketa, eta abar) taldeka antolatzen dira.

Edonola ere, urtaroak badu zeresanik herritarren jardunean. Esaterako, udaberrian lurra prestatu eta lantzea egokitzen zaie eta udan, besteak beste, baratzean lan egitea. Hori komunitateko ardurekin, baina gainontzean norbera da bere denboraren jabe eta bakoitzak hautatzen du aisialdian zer egin.

Asanblada bidez elkarbizitza arautua

Komunitatean bizitzeak antolamendua eta elkarbizitza arautzeko gutxiengo irizpide batzuk ezartzea galdegiten du, eta asanbladak –beste ardura batzuen artean– horiek finkatzeko egitekoa du. Honela azaldu dizkigu Iñaki Garciak sistemaren nondik norakoak: “Asanbladan, herrian bizi garen kideak biltzen gara astero eta hainbat erabaki hartzen ditugu. Adibidez, gure egunerokoa arautzeko zein irizpide jarraituko dugun. Halere, arau horiek malguak izaten dira”. Gai ezberdinen inguruko iritzia emateko abagunea ere izaten dute herritarrek eta horretan adinak ez du mugarik: “Asanblada batean 50 urteko pertsona bat edo 6 urteko beste bat jardun daitezke beren iritzia ematen inolako arazorik gabe”. Kontuan izan behar da une honetan Lakaben belaunaldi ezberdinetako jendea ari dela elkarbizitzen, horrek dakarren aberastasunarekin.

Asanbladan erabakitzen dute baita ere ea onartuko duten herrian bizi nahi duen norbait. Dena dela, pertsona horri Lakaben benetan bizi nahi duen eta horrela bizitzeko gauza den pentsatzeko astia ematen zaio. “Norberak ideologia edo balore konkretu batzuk izan ditzake, baina ideia horiek ondoren praktikara eraman behar dira beste pertsona batzuekin elkarbizitzen, eta hori oso konplexua da”, azpimarratu du donostiarrak. Asanblada irekiagoak ere egiten dituzte, hiru astetik behin gutxi gorabehera, eta herriko kide iraunkorrez gain parte hartzen dute denbora bat igarotzen ari direnak, lan puntual batzuk egitera datozenak eta bertan bizi edo ez erabakitzen ari direnak. Azkenik, komisioen funtzioa betetzen duten asanblada txikiak dituzte, egin beharreko lanen inguruan aritzeko –hala nola, zein etxe berreraikiko duten hurrena– eta beste asanbladetako karga murrizteko.

Beste pertsonekin bizitzea ez da erraza, eta liskarrak sortu ohi dira. Horri aurre egiteko Lakaben irtenbide eraginkorra bezain gizatiarra dute: hitz egitea. “Asanblada hasieran nola gauden eta nola sentitzen garen azaltzen dugu; egoera deserosoa edo gatazka deritzona ere lantzen dugu eta pertsona batekin edo herriko martxarekin sortu diren arazoak aipatzen ditugu. Nolanahi, norbaitekin liskarren bat izanez gero, zuzenean berarengana jo eta arazoari irtenbidea bilatzen saiatzen gara lehenik”. Hain justu, egoera horietan nola jokatu ikasteko tailerrak ematen dituzte eta ikasitakoa praktikan jartzen dute ondoren egunerokoan. Garapen pertsonalari buruzko tailerrak, kanta eta dantza ikastaroak, zine sesioak, hitzaldiak eta jardunaldiak ere egiten dituzte. Musika da Lakabeko beste bereizgarrietako bat; kide denek jotzen dute instrumenturen bat. Horren uzta da agropunk estiloa lantzen duen herriko taldea.

AEK herritarrak euskalduntzen

Lakabeko kide batzuk euskaldunak diren arren, hartu-emana gaztelaniaz egiten da oro har. Egoera iraultzeko ideia bat otu zitzaien: eurak euskara ikastera joan beharrean, euskara irakaslea Lakabera bizitzera ekarriko zuten. Esan eta egin, AEKrekin harremanetan jarri eta adostasun batera iritsi baitziren: urtebetez irakasle bat bertan arituko da herritarrak euskalduntzen.

Euskaraz gain, akademikoki bestelako jakintzak ikasteko bidaltzen dituzte Lakabeko haurrak inguruko herrietako ikastoletara. Lehen, haurrak Agoitzeko ikastolara eramaten zituzten, baina urtegiak daukan arriskuagatik handik ateratzea erabaki zuten. Umeak ahalik eta beranduen eskolatzen ahalegintzen dira; aurten Lakabeko 8 urteko haur bat hasi da estreinakoz ikastolan. Ederki integratu dela eta zentzu askotan akademikoki beste haurrek baino ezagutza gehiago dituela baieztatu du Garciak.

Hori hezkuntzari dagokionez, baina nola moldatzen ote dira osasuneko beharrei erantzuteko? “Hemen ia denek medikuntza naturala (homeopatia) praktikatzen dugu. Batzuetan ospitalera joatea beste aukerarik ez dugu eta joaten gara. Bestalde, ekoaldeako beste herrietan bezala Lakaben ere amek erditze naturala izatea hautatzen dute”.

Natura dute bizileku Lakabekoek –baita hein handi batean bizitzeko bitarteko–, eta horrenbestez natura zaintzeko konpromisoa hartua dute. Ez da ahaztu behar autogestioa dutela proiektuaren ardatz eta beraz energiak berebiziko garrantzia duela: energia eta material berriztagarriak erabiltzen dituzte eta birziklatu egiten dute. Hori bermatzeko hornidura sare zabala dute: eguzki plakak, haize errotak, etxebizitzaren barruan beroa sortzeko sistema, eta abar. Pixa eta kaka ere bereizten dituzte, azken hori ongarri moduan berrerabiltzeko. Ez da, baina, Lakaben aurki daitekeen bitxikeria bakarra, olio birziklatuarekin dabilen ibilgailu bat ere bai baitute.

Lakabe proiektuaren bidelagun izan dira inguruko herriak ere. Ideiak eta proiektu ideologiko eta politikoak konpartitzen dituzten gisa berean banatzen dituzte lanabesak, autoak, haziak, makinak, elikagaiak, ezagutzak... Adibidez, beste herri batean baldin badago erleekin lan egiten duen norbait, bada, hara joaten dira ikastera. Tximinia bat nola egin, ferratu, errezeta bat nola prestatu… Berdin. “Elkar banatuz, elkar trukatuz eta elkarrengandik ikasiz bizi gara”. Ingurukoekin ez ezik, ekoaldearen baitan Euskal Herriaz gain atzerriko beste etxe edo baserri okupatuekin ere badute hartu-emana: Espainiakoak, Portugalgoak, Frantziakoak eta Ingalaterrakoak, besteak beste.

Sarri albiste dira tokian tokiko agintarien aginduz hustu izan dituzten etxe okupatuak eta gaztetxeak. Garciaren esanetan, herri okupatuak eta komunitateak hippyekin edo fundamentu gabeko jendearekin lotu izan dituzte. “Bailarako jendeak, ordea, ikusten du nola bizi garen, baina jakitun gara Nafarroako eta hemen inguruko herrien gobernuetatik ez dugula babesik izango, askatasuna bultzatzen dugulako, sistema patriarkala deuseztatzea eta garapenaren aurka egitea”. Ideal horien aldeko borroka garesti ordaindu du donostiarrak, Itoitzeko urtegiaren aurka egiteagatik kartzelan egona baita.

Edonola, bailarako gainontzeko herri okupatuekin alderatzen badugu, egoera pribilegiatua du Lakabek: legalki onartua dago –antzinako okupazioa delako eta politikoki une jakin batean babestu egin zutelako– eta bailarako kontzejuan herria ordezkatzen duen alkatea dute. Halaber, larreak izateko eskubidea dute eta kaleei izenak aldatu ahal izan dizkiote. Beste herri okupatuak, okupazio berriagoak izanik, oso bestelako errealitatea bizi dute; esaterako, Arizkurenen kostata lortu zuten erroldatzeko eskubidea. “Etorkizunean herri okupatu guztiek bailarako kontzejuan ahotsa izatea nahiko genuke, nola bizi nahi dugun eta bailarako ekonomia nola gobernatu nahi dugun adierazteko”. Bailarako lurrak ehiztarientzat soilik erabiltzen direla salatu du, eta ekonomia ez dela inondik inora euskara diruz laguntzeko, Artzeko festetarako edo pistak berreraikitzeko erabiltzen.

Errespetua eta tolerantzia, horixe aldarrikatu ditu Iñaki Garciak beste modu batera bizi nahi dutenentzat: “Bakoitzak nola bizi nahi duen erabaki behar du, eta nik besteen bizitzeko modua errespetatzen dudan moduan, haiek nirean trabarik ez diezadatela jarri eskatzen dut”.

Bestelako mundua osatzen du Lakabek, berezko filosofia duena; gauza materialek ez dute garrantzirik, bai aldiz, naturak, inguruak, pertsonek eta norbanakoak.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iņigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


2018-10-15 | Zero Zabor
Eskandalua Paris-Ivryko erraustegian: baimena eman duen ministrordea erraustegien patronalekoa da

La France Insoumise mugimendukoa Mathilde Panot diputatuak salatu du: Paris metropoliaren XIII. eremuan Ivryn dagoen erraustegia –Europako handiena– zaharberritzeko baimena eman duen ministroa Veolia errausketa eta hondakinen kudeaketako konpainia erraldoiaren zuzendaritzan egon da Emmanuel Macronek Trantsisio Ekologikoko estatu idazkari izendatu artean.


2018-10-15 | ARGIA
Errefuxiatuen aldeko kanpaldiarekin jarraitzea erabaki dute Bilbon, Udaltzaingoak igandean hustu arren

Astelehen goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute kanpaldiarekin jarraituko dutela asteazkena arte, nahiz eta igande gauean Bilboko Udaltzaingoak hau hustu. "Kanpingak berriro ere kentzen badizkigute, herritarrei eskatuko dizkiegu". Igande gauez hustu zuen gunea Bilboko Udaltzaingoak, 22:00 aldera. OEEk (Ongi Etorri Errefuxiatuak) jakinarazi duenez, Hiritarren Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierroren aginduz esku-hartu dute agenteek, nahiz eta deialdia legezkoa izan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude