2.000 urteko negozio katolikoa

  • Konstantino enperadoreak jabetzak izateko eskubidea eman zionetik, Eliza Katolikoak ondare ekonomiko itzela bildu du, sarri ondasun horiek publiko bihurtzeko egindako ahaleginak saihestuz. Azkena Nafarroan bertan izan da: Elizak Hipoteka Legearen zirrikitu bat aprobetxatu du euro gutxiren truke 1.000 eraikinetik gora bere izenean jartzeko.
Jesusek esana: errazagoa da gamelua jostorratzaren zuloan sartzea, aberatsa Zeruetako Erreinuan sartzea baino.

Baina Konstantino enperadoreak (272-337) Elizari ondasunen jabe izateko eskubidea eman zionetik, zaila izan zaio etsenpluaren bidez predikatzea. Konstantinoren oinordekoek kultu paganoa debekatu zutenean, tenplu eta ondasun paganoak kristauen eskuetara joan ziren. Berehala fededunak mortis causa dohantzak egiten hasi ziren Elizaren mesedetan eta V. mendean ohitura zabaldua zen hiltzean ondasunak elizgizonen eskutan uztea, ez soilik oinordekorik gabeko pertsonen artean, baita seme-alabak zituztenen artean ere. Hala, ostrogodoen errege Teodoriko Handiak dohantza horiek mugatzeko legeak bultzatu zituen familia askoren porrota saihesteko.

Erdi Aroan Eliza Katolikoaren ondasunak izugarriak ziren. Datu zehatzik izan ez arren, Prospere Boissonade historialariaren arabera, X. eta XI. mendeetan Europa mendebaldeko ondasun higiezin guztien erdia eta herenaren artean Elizaren eskuetan zeuden. Frantzian, XV. mendearen amaieran Elizaren eta Estatuaren diru-sarrerak berdintsuak ziren; Luis XIII.aren erregealdian Eliza herrialdeko lurralde guztien herenaren jabe zen. Eta 1380an Ingalaterrako parlamentuak ere Elizak uhartearen herena zuela salatu zuen.

Baina, feudalismo betean, Eliza ez zen soilik fededunen borondatezko dohaintzei esker aberastu. Zergak biltzen zituen, hamarren ezagunak nagusiki. Abade-etxeak eta monasterioak kreditu-erakunde gisa jardun zuten sarri, Elizak lukurreriaren kontrako mezua zabaldu arren –XII. mendean Normandiako abadietan kredituen interesa %15ekoa izan ohi ze–.

Eta prekarioen bidez lur-eremu zabalak eskuratu zituen; kontratu horien arabera, jatorrizko lurjabeak lurra ustiatzen jarraitzen zuen baina jabegoa Elizaren esku uzten zuen. Gainera prekaristak errenta finkoa ordaindu behar zion Elizari. Kontratua sinatzea erabakitzen zuen ustiatzaileak, modu horretan, nekazarien ekonomia gorabeheratsua eta etorkizun iluna saihesten zuen eta bere egoera egonkortzen. Eta Elizarentzat jokaldi borobila zen hura: jabegoa eskuratzen zuen, errenta jasotzen zuen eta ez zuen ezertxo ere ordaindu behar, zerga-salbuespena zela-eta.

XIII. eta XIV. mendeetan, hirien goraldiarekin bat, eraikinen jabetzak izugarri handitu zituen Elizak. Katedralak, monasterioak, elizak eta hilerriak herritarrek ordaintzen eta eraikitzen zituzten, baina jabegoa eliztarrek zuten eta haiek ustiatzen zituzten ondasun berriak.

Erreforma eta iraultza liberalak

Aro Modernoan jaurerri feudal laikoak desegin ziren Europa osoan, baina Elizak botere ekonomikoari eutsi zion zenbait herrialdetan. Beste batzuetan, Erreformaren eraginez, gobernuek Elizaren ondasunak sekularizatu eta saldu zituzten. Horixe gertatu zen Ingalaterran eta Alemanian.

Frantzian eta Espainian, aldiz, Kontraerreforma nagusitu zen eta Elizak Erdi Aroan pilatutakoari eutsi zion, gobernu liberalek egoera aldatzeko ahaleginak egin zituzten arte. Elizak bildutako lur-eremu eskergak arazo bihurtu ziren gobernu burgesentzat. Onibarrak ez zituzten ustiatzen edo garatu gabeko sistemen bidez lantzen zituzten, produktibitatearen kaltetan, ez zuten zergarik ordaintzen, eta gainera, indar feudalen erresistentzia politikoa babesten zuten. Finean, garapen ekonomiko eta politikoa oztopatzen zuten. Frantzian 1789ko Iraultzaren ondorioz, Elizaren ondasunak sekularizatu, nazionalizatu eta saldu zituzten. Espainian, berriz, desamortizazio ahaleginak beranduago iritsiko ziren eta ez ziren hain eraginkorrak izan. Horrenbestez, gaur egun ere Eliza Katolikoaren ondare ekonomikoa oso bestelakoa da Hego eta Ipar Euskal Herrian.

Desamortizazio antzuak

Espainiako desamortizazio ahaleginik ezagunena Mendizabalek 1837an abiatu zuena izan arren, lehenago ere izan ziren beste saiakera batzuk. 1766 eta 1808 urteen artean, Karlos III.aren eta IV.aren erregealdietan, gobernuak Jesusen Konpainiaren, ospitaleen, umezurtz-etxeen eta erruki-etxeen ondasunak desamortizatu zituzten.

Jose I.a Bonapartek ere, Espainiako errege izendatu zuen Napoleonen bideari jarraiki, Elizaren ondarea murrizteko ahalegina egin zuen. Baina benetako desmortizazioa baino, gerrako gastuak ordaintzen laguntzeko aldi baterako desjabetze edo konfiskatzea baino ez zen izan. Legez ez zion jabetza Elizari kendu eta, gainera, 1814an Independentzia Gerra amaitu zenen, Elizak ondasunak berreskuratu zituen.

1835ean, Maria Kristina erregeorde zela, Juan Alvarez Mendizabal Ogasun ministro izendatu zuten eta handik hiru hilabetera, presidente. Karlismoari aurre egin ahal izateko diru-sarrera premia bizia zuen eta, horregatik, desagertutako ordena erlijiosoen ondasunak saltzeko agindua eman zuen, bide batez nekazaritza-ekoizpena bizitzeko eta zor publikoa murrizteko asmoz. 1836an Mendizabal dimisioa aurkeztera behartu zuten, baina Espartero jeneralak boterea lortu zuenean, berriro izendatu zuten Ogasun ministro. Orduan, Esparterok klero sekularraren ondasunak desamortizatzeko legea (1837) indarrean jarri zuen.
Mendizabalen desamortizazioak elizaren ondasunak eta pribilegioak –besteak beste, hamarrenak– deuseztatu zituen, zor publikoa murriztu zuen, baina nekazaritza-ekoizpena ez zen areagotu eta deforestazio larria eragin zuen. Gainera, 1851n Esparteroren gobernu progresista erori zenean, legea bertan behera geratu zen eta gobernuaren eta Elizaren arteko harremanak lehengoratu zituzten.

XIX. mendeko desamortizaziorik eraginkorrena Pascual Madoz iruinsemeak Ogasun ministroa zela abiatutakoa izan zen. Legea 1855ean onartu eta ezarri zen eta mende amaierara arte indarrean egon zen. Huraxe izan zen ondasun gehien salgai jartzea lortu zuen desamortizazioa. Baina ondasunen %30 baino ez ziren Elizarenak; desjabetutako ondarearen %50 udalena zen lehenago, eta beste %20, benefizentziarena.

Errepublikak kendu, Francok atzera eman

Espainiako II. Errepublikak ez zion Elizari jabetzei eusteko aukerarik eman. 1933ko Konfesio eta Erlijio Kongregazioen Legearen 11. artikuluak jabetza publikoa aitortu zien tenplu erlijiosoei, eraikin gehigarriei, errektore-etxeei eta horiek gordetzen zituzten altzariei, apaindurei eta orotariko artelanei. 12. artikuluak zioenez, aipatutako ondasunak “Eliza Katolikoaren ardurapean egongo dira, kontserbazioari, kudeaketari eta erabilerari dagokienez”. Baina “Elizak ezin izango du horien gaineko jabetzarik izan, eta esleitutako eginkizunetarako soilik erabiliko ditu”.

Ordea, 1946an, Francoren diktadurapean, Hipoteka Legea indarrean jarri zen eta, Estatuaren katolikotasunaren babesean, eskumen eta pribilegio ugari eman zizkion Elizari.

1978ko Konstituzioak estatu ez-konfesionala ezarri zuen eta izaera publikoa aitortu zien atzera elizei, baselizei, apaiz-etxeei, hilerriei eta halakoei.

Dena den, Nafarroan gertatutakoak agerian utzi duenez, Elizak baditu zirrikituak bere ondasunak ugaritzeko, bultzaka, gamelua jostorratzaren zuloan sartzen ahalegintzeko.
Nafarroako ondare publikoa txakur txiki batzuen truke
1998an PPren gobernuak Espainiako Hipoteka Legearen 5. artikulua ezabatzeko erabakia hartu zuen, kulturguneak erregistratzea debekatzen zuen puntua hain zuzen. Elizak, zirrikitu hori baliatuta eta lege horren 206. eta 207. artikuluek babestuta, Nafarroako eliza guztiak Jabetza Erregistroan inskribatzen hasi zen. 2007. urtean Nafarroako zenbait herritar Eliza burutzen ari zen kanpainaz jabetu ziren eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma sortu zuten Elizaren jokabidea salatzeko. Besteak beste, Escándalo monumental (Altaffaylla, 2009) liburua argitaratu dute.

206. artikuluak ondasunak erregistroan inskribatzeko pribilegioa ematen dio Elizari eta, 5. puntuaren oztopoa gaindituta, Elizbarrutiaren baimena baino ez zuen behar ondasunak bere izenean jartzeko. Hala, 1.000 eraikin baino gehiago erregistratu zituen, inskripzio bakoitzeko soilik 20 edo 30 euro ordainduta. Gainera, prozedura horrek ez dakar inskripzioak publiko egiteko eta argitaratzeko beharrik. Beraz, ondasun publikoak erraz pribatizatu zituen, herritarrek nahiz ordezkari publikoek ezertxo ere jakin gabe.

Elizako ordezkariek diote ondasunen erregistroa ez zutela irabazi-asmoekin egin “kudeaketa eraginkorragoa egiteko eta kristauen mesederako” baizik. Plataformako kideek, hainbat adituk eta abokatuk, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zein Auzitegi Gorenak emandako zenbait epaiek kontrakoa diote, ondasun horiek publikoak direla, alegia. Eta Nafarroako udal gehienek ere bat egin dute ekimenarekin. Altsasu, Berriozar, Burlata, Etxauri, Irurtzun, Leitza, Puiu eta Uharteko udalak izan ziren auzitegien bidea hartzen lehenak eta egun 117 udal ari dira berena den ondarea berreskuratzeko ahaleginetan.
Zer ondasun ditu Eliza Katolikoak?
Inork ez daki zenbatekoa den Eliza Katolikoaren ondare ekonomikoa. Elizak berak ez du jakitera ematen, eta orain arte behintzat ez dute horretara behartu, funtzionamendu diozesarrak babesten baitu. Datu zehatzik ezean, hona hemen zantzu batzuk.
Vatikanoaren urre altxorra, bereziki Amerikako kolonizazio garaian bildua, munduko handienetakotzat jotzen da, datu zehatzik jakinarazi ez arren. Espainian, Elizak higiezinetan du ondare nagusia. Galiziako Xornal egunkariak 2006ko abuztuan argitaratu zuenez: “Eliza 100.000 eraikinen jabe dela kalkulatzen da. Bestela esanda, Espainiako ondare historiko-artistikoaren %80 Elizarena da”. Komunikabide galiziarraren arabera Toledoko alde zaharreko zoruaren %70 Elizaren esku dago, eta Avilako, Burgosko eta Santiagoko auzune historikoetan ere antzera gertatzen da.

Espainiako Eliza, besteak beste, Inditex, Endesa, Banco Popular eta Telefónicako akzioduna da. Elizako goi-karguek sortutako Umasges sozietatearen bidez, burtsan inbertitzen du. Vatikanoak ere hainbat enpresa handiren akzioak ditu: General Motors, IBM, Disney... Horrez gain, Egoitza Santuak zerbitzu eta telekomunikazio enpresak, bankuak eta seguru-etxeak ditu, 12.000 milioi eurotik gorako balioa dutenak. Eta, hala ere, Vatikanoak ez ditu bere funtzionario gorenaren, Aita Santuaren bisitak finantzatzen.
Espainiako Estatuak eta Vatikanoak Espainiako Eliza Katolikoaren gai ekonomikoei buruzko akordioa sinatu zuten 1979ko urtarrilaren 3an, Elizaren finantzazio publikoa eta zerga-salbuespena zehazteko. Soilik Estatuko Aurrekontu Orokorretan, Espainiako Elizari 141 milioi eurotik gora egokitu zitzaizkion 2005ean. Hori gutxi balitz, urte horretako azaroan El País egunkariak argitaratu zuenez, orduko PPren gobernuak Apezpikuen Batzarrari beste 35 milioiko urteroko oparia egitea erabaki zuen, legez egokitutako dirulaguntzaz gain.

Datu zehatz gutxi daude Espainiako Elizak bere ondarea gordetzeko administrazio publikoetatik jasotzen dituen dirulaguntzei buruz, baina 2006an Ser irratiak Caja Madrid fundazioko txosten baten berri eman zuen. Txosten horren arabera, Elizak 2001ean udaletatik 106 milioi euro jaso zituen “ondarea kontserbatzeko”. Gainera, bost urte geroago Estatuak 2.500 milioiko laguntza eman zien hezkuntza zentro pribatu katolikoei. Guztia bilduta Elizak laguntza publikotan urtero 3.300 milioi euro inguru jasotzen dituela ondorioztatu dezakegu.

Eta, horrez gain, abantaila fiskalak ere baditu: besteak beste erosketengatiko BEZik, ondorengotza-zergarik eta dohaintza-zergarik ez du ordaintzen.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude