Chausinho
Irakurle fina dut laguna. Geroni ere zahartu ahala berdetu egiten ginela esan zidana bera. Berbena-ura ez hartzeko gero, nioen azkenekoan, eta tapa, konputagailuko postontzia ireki ordurako, irakurle lagunaren erantzuna. Bere herrialdean, bere etxean berbena-ura oherakoan hartzen dutela, ospitaletan ere ematen dutela... Nola liteke, baina? Berbena, geurean ahulgarri dena, harenean osasungarri? Harripeko aingiraren bat edo giltzaperatutako katuren bat bada hemen... Aingirarena edo katuarena, ezkutuko muturren bat...
Hasteko, berbena izenez zenbat landare ezagutzen da? Hamabi baino gehiago, hamaika. Katua giltzaperatzen dutenek hamar behinik badituzte: verbena, común, de olor, extranjera, fina, hedionda, macho, mayor, melindres, oficinal, olorosa...
Harripeko aingirari usaina hartzen diotenek, hamahiruren bat, mundu guztikoak: verveine, caraïbe, citronée, citronelle, d'Afrique, de Miquelon, des Indes, des jardins, du Pérou, hybride, odorante, officinale, puante, queu de rat, rugueuse...
Zientzia-izena Verbena officinalis duen landareari deitzen diogu euskaldunok berbena-belarra. Baita berdan-belarra, berberina, belberina, izusta, izurka, aistrika, belargorria, ihitzi-belar, orbanka, zezen-belar... Belar hau paparrean zuela azaltzen zen jendea santu handien jaien bezperetako ilunabarreko dantzaldietara. Hara dantzaldion berbena izenaren jatorria.
Neure ustez, gauean lotarakoan lagunari amak ematen zion berbena, han verveine citronelle deitzen dutena, gure Luisa-belarra da, Lippia triphylla. Arabiar tea ere deitzen dute. Dantzarako baino lasaigarria, sorgarria, min-kentzailea... eta logalegile aparta da.