Ez zituzten esklaboek eraiki

Egipto, orain dela 4.500 urte. Milaka pertsonek munduko hilobi ezagunenak, handienak eta iraunkorrenetakoak eraiki zituzten Keops, Kefren eta Mikerinos faraoientzat. Orain artean, historiako liburuek, literaturak, filmek nahiz komikiek Gizeh-ko piramideak esklaboek eraiki zituztela zioten. Baina Egiptoko kultura ministro Farauk Hosni-k langile askeen obra direla jakinarazi du berriki.

1990ean piramide inguruetan hilobi xumeagoak aurkitzen hasi ziren, Keops eta Kefren faraoien hilobiak eraikitzen ari ziren langileenak, hain zuzen. Tumulu horiek buztin lehorrezko adreiluz eginak dira, eta datazioaren arabera piramideen garai berekoak dira.

Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko zuzendari Zahi Hawass-ek esan du hilobiok erregearen hilobiaren ondoan eraiki zituztela eta, beraz, pentsaezina dela pertsona horiek esklaboak izatea. “Esklaboak izan balira, ez zuten beren hilobiak nagusiaren alboan egiteko eskubiderik izango”.

Hawassek dioenez, langile horien lan baldintzak nahiko onak ziren. Lan gogorra zenez, langileak hiru hilabetean behin txandakatzen ziren eta, hala ere, lan istripuak ohikoak ziren, aurkitutako hilobiak lanean hildakoenak baitira.

Egunero, deltako abeltzainek 21 behi eta 23 ardi bidaltzen zizkieten langileei (10.000 inguru). Horren truke, ez zuten zergarik ordaindu behar, proiektu nazional garrantzitsu batean laguntzen baitzuten.

Hilobietan aurkitutako informazio honek guztiak, Hawassen aburuz, piramideetako langile izatea oso lanbide balioetsia zela adierazten du, gaur arte kontrakoa pentsatu izan den arren.

Gizehtik gertu, Saqqara-n, beste bi mausoleo aurkitu dituzte orain dela gutxi. Hawassentzat, aurrerantzean oraindik ere aurkikuntza garrantzitsuak egin daitezkeela esan nahi du horrek. Egiptologia modernoak topiko batzuk baieztatzen eta beste batzuk hausten jarraituko du.

ASTEKARIA
2010ko martxoaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egiptologia
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Wasabia papiroak garbitzeko

Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Eternitatearen usaina

Antzinako Egipton, momifikazio prozesuan, zenbait organo ontzi kanopotan sartzen zituzten, eta hainbat substantziaz osatutako baltsamoak erabiltzen zituzten horiek kontserbatzeko.


Gela Berdeko hegaztiak

Duela 3.300 urte inguru, Meritaton printzesa, Akhenaton faraoiaren eta Nefertitiren alaba zaharrena, Tell al-Amarnako Iparraldeko jauregian bizi izan zen.


Eguneraketa berriak daude