Ni eta euskara. “Enpresetan, euskara planetan besteak beste, taldeak osatzen ditugu eta eskatzen diegu jaiotzetik euskararekiko dituzten bizipenak kontatzeko. Pentsatzen eta sentitzen dutena mahai gainean jartzeko eskatzen diegu, hizkuntzaren gaia ez baita agerian jartzen, tabua da. Aurreiritziak, lotsak, beldurrak atera nahi izaten ditugu eta ondoren sare berria eraikitzen saiatu. Ohikoena da bi komunitateen artean (euskalduna eta erdalduna) gai hori saihestea”.
“Ez didate euskaraz egiten”. “Perlak ateratzen dira bilgune horietan. Prozesua amaitu eta urtebetera zer moduz joan zen jakiteko bildu eta batek hala esan zuen haserre aurpegiarekin: ‘Euskara ikasten ari direnek egiten didate euskaraz, euskal hiztunek ez’. Eta euskal hiztunen erantzuna, ia-ia barkamen eske: ‘Ez nuen uste hainbesteko grina zenuenik’. Behin baino gehiagotan bilkura horietan konturatu dira albokoak euskara badakiela, eta urteak daramatzate lanean elkarrekin”.
Naturaltasunez. Lan munduko euskara planez gain, erakunde publiko zein enpresa pribatuentzat parte hartze prozesuetan aritzen da lanean Elhuyar Aholkularitza. Gaia hizkuntza ez duten jarduera taldeak dira, baina ezertan hasi aurretik hizkuntza mahai gainean jartzen dute: “Denek euskaraz dakiten ala ez galdetzen dugu. Hala ez bada proposatzen dugu norbera erosoen sentitzen den hizkuntzan aritzea. Tartean behin galdetzen dugu ea ondo moldatzen ari diren euskaraz ondo ez dakitenak, itzulpen laburrak ere egiten ditugu. Hizkuntzaren gaia mahai gainean jartzen dugu naturaltasunez, beldurrez bazoaz, zer edo zer gaizki egitera bazindoaz bezala, edo mesede eske bezala, parekoak hala jasotzen du. Alabaina, esaten baduzu bakoitzak erosoen sentitzen den hizkuntzan egin ahal duela zeinek esan behar dizu zer?”.