Gurpilak mastekatzen

Txiklea ona da marinelen hortzentzat, gosearentzat eta digestioarentzat, 1918ko iragarki honen arabera.
Txiklea ona da marinelen hortzentzat, gosearentzat eta digestioarentzat, 1918ko iragarki honen arabera.www.photobucket.com
New York, 1869. Thomas Adams (1818-1905) zientzialaria gurpilak egiteko material alternatibo baten bila ari zen lanean. Zehazki, Yukatan inguruan ohikoa zen Achras sapita zuhaitzaren erretxina erabili zuen jostailuak, euritako botak eta bizikleta gurpilak egiteko. Baina esperimentu horiek guztiek porrot egin zuten.

Baina Adamsek bazekien mexikarrek erretxina horri tzictli esaten ziotela eta mastekatu egiten zutela. Hain zuzen, Antonio Lopez de Santa Ana buruzagi mexikarraren idazkaria izan zenean izan omen zuen horren berri. Hala, tzictliari azukrea erantsi eta 1871ko otsailean salgai zen Adams’ New York Gum delakoa, hau da, lehenengo txiklea merkaturatu zen.

Mende asko ziren maiek eta aztekek txiklea hortzak garbitzeko erabiltzen zutela. Baina Frai Bernardino Sahagun historialariak XVI. mendean jaso zuenez, txiklea jende aurrean mastekatzea ez zegoen ongi ikusia, besteak beste, prostitutek, bezeroak erakartzeko, txiklea mastekatuz zarata egiteko ohitura omen zutelako.

Adamsen produktuak berehalako arrakasta izan zuen kontsumitzaile estatubatuarren artean eta, ondorioz, lehia ere azkar agertu zen. 1880an William J. Whitek menta zaporea erantsi zion mastekatzeko gomari eta Anna Held aktore ezaguna erabili zuen produktua iragartzeko. Adamsen kontraerasoa New Yorkeko metroan lehenengo txikle makinak jartzea izan zen. Baina 1891n William Wrigley Jr.ek mentazko txikleaz gain fruta zuku zaporea zuena ipini zuen salgai. Harvey Firestone ere saiatu zen negozio berrian sartzen, baina, Adamsen alderantzizko bidea eginez, azkenean gurpilak fabrikatzen lortu zuen arrakasta.

XX. mendeko gerra handiek, bereziki Bigarren Mundu Gerrak, txiklea mundu osoan zabaldu zuten. Txikleak gosea kendu eta estresa murrizten omen zuen eta, horrenbestez, egokia zen fronteko soldaduentzat. Gainera, urte horietan erretxina begetala material sintetikoek ordezkatu zuten eta produktua merkatu egin zen. Eta txiklea Europara iritsi zen.

Baina zuzenagoa litzateke soldadu estatubatuarren eskutik txiklea Europara itzuli zela esatea. Izan ere, duela urte batzuk orain arte aurkitutako txikle arrastorik zaharrena topatu zuten Suedian. Urki erretxina zati bat da, 9.000 urte ditu eta Harri Aroko gizaki baten hortz-haginen markak dauzka.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude