ARGIA.eus

2021eko martxoaren 02a

Leningradeko setioa eta Tolstoi

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2010ko otsailaren 14a
Leningrad, 1941eko irailaren 1a. Artilleria naziaren lehen granadek hiria jo zuten. Astebete geroago lehorreko komunikazioa moztu zuten eta hilaren 15erako hiria erabat inguratua, setiatua zegoen. Hitlerrek hiria hartzea erabaki zuen lehenik, gune estrategikoa izateaz gain, garrantzi sinboliko handia zuelako. Baina hiria hartuz gero, alemaniarrek beren gain hartu beharko zuketen 3.000.000 biztanle hornitzea eta elikatzea. Hitlerrek pentsatu zuen askoz merkeagoa eta eraginkorragoa izango zela Leningradeko herritarrak goseak eta hotzak hiltzea.

Urte bereko azaroaren 20an, sobietarrek Ladoga ibaia zeharkatzen zuen pasabidea eraikitzea lortu zuten, hirian elikagaiak eta bestelako beharrezko materiala sartu ahal izateko. Biziaren Bidea esan zioten pasabideari, baina ibaiaren izotz geruza hauskorraren eta alemaniarren erasoen menpe zegoenez, irtenbidea ez zen nahi bezain eraginkorra izan.

Hiriko usoak jan zituzten lehenik, ondoren katuak desagertu ziren Leningradeko kaleetatik eta arratoi populazioak ere nabarmen egin zuen behera. Azkenean, antropofagiara jo behar izan zuten. Eta hala ere, hiriko biztanleek ohiko kaloria kopuruaren %10 baino ez zuten hartu setioaren lehenengo urtean. Lehen negu hura, gainera, bereziki gogorra izan zen eta hotzak  milaka batzuk eraman zituen.

Stalinek (1878-1953), Bizitzaren Bidetik sartzen ziren jakiak eta erregaia nahikoak ez zirela jakitun, setiatuen arima elikatzea erabaki zuen: Lev Tolstoiren (1828-1910) Gerra eta bakea lanaren 100.000 ale inprimatu eta Ladoga ibaiaren beste ertzera eramateko agindu zuen. Liburuak ezin ziren jan, eta su emanda ere ez zuten bero handirik ekarriko. Baina Tolstoiren hitzek herriaren gerrarekin bat egiteko konpromisoa hartzen zuten gizakiak goraipatzen zituen.

Setioak ia 900 egun iraun zuen. Ofizialki 700.000 pertsona hil ziren, milioi eta erdi zenbait iturrire arabera. Eta azkenean Leningradek eutsi egin zion, literaturak horretan izan zuen garrantzia neurtu ezin daitekeen arren.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: II. Mundu Gerra

II. Mundu Gerra kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 14a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude