Ipurdia garbitzeko poesia

  • Nork esan zuen komunean xanpu potetako etiketak soilik irakurtzen zirenik? Eta nork poesia etxeko egongelan goxo-goxo etzanda soilik dasta zitekeenik? Komuna eta poesia ohoratzeko, hemen daukagu Poesia komuneko paperean Imanol eta Mattin Epelderen eskutik. Bi plazer mota bateratuta, plazer bikoitza lortzeko asmoarekin. Eseri komunontzian eta egin tira komuneko paper ilustratu honetatik. “Crackainean” egiteko prest al zaude?
Epelde
Hiru euskarritan bizi da Komuneko paperean: paperean, Interneten eta zuzeneko emanaldietan. Amaia Belardieta (CC-by)
Garai batean, orain ez urte asko, hainbat etxetako komunetan egunkari zaharren orri puskak egoten ziren eginbeharren ondoren ipurdia garbitzeko. Komun-saioak sobera luzatzen ziren ordurako albiste ez ziren notiziak irakurtzen. Egun apenas ikusten da egunkari zaharrik paretako iltzetik zintzilik, komuneko paperak hartu baitie leku. Hala ere, ezin uka daiteke komunean irakurtzen jarraitzen dugula. Xanpu poteetako etiketak, postontzian sartu dizkiguten publizitate orriak, egunkarietako gehigarriak edota Asterix eta Obelix-en azken abenturak oraindik komuneko denbora-pasa baitira. Komuneko plazera eskura daukagun edozein testurekin laguntzeko joera ez baita aldatu urteen poderioz.

Iragan abendutik aurrera ordea, edozein testu ez, poesiaz dastatzeko aukera ere badaukagu komunean. Komuneko paperean argitaratuta gainera. Imanol eta Mattin Epelde anai zarauztarren ekimenarekin “komuneko plazerei beste bat erantsiko diegu; guk diogun bezala, kakainean ez, crackainean arituko gara, crack dosi handi bat hartu izango bagenu bezala” azaldu du Imanolek. Komuneko plazera handia bada, poesiaren laguntzarekin areagotu egingo baita. Horretarako argitaratu dituzte komuneko paper ilustratu hauek, “literaturaz eta euskaraz gozatzeko”.

Komunean eta komunerako idatzita

Poemak idazten aspalditik hasi zen Imanol. Bertsolaritzan ibilitakoa, urte andana darama plazetan kantatu gabe, baina “errimetatik libratu eta solte idaztea” beti gustatu izan zaiola azaldu du. 2007ko urrian blog batean jarri zituen idatzi horiek, mundu guztiak irakurtzeko aukera izan zezan.

Hasieratik Komuneko paperean izena jarri zion Imanolek. “Komuna ohoratzeko modu bat izan zitekeela iruditu zitzaidan. Egia da askotan baztertu xamarra daukagula komuna; denok hitz egiten dugu logelaz edo jangelaz, baina ez komunaz”. Poema hauek, gainera, ez omen dira paper normalean idazteko modukoak. “Amorrazioz eta tristuraz betetako poemak dira asko, munduarekin haserre nengoen garaikoak” Imanolek azaldu duenez. Blogari izena jartzeko garaian, hortaz, Komuneko paperean ezin egokiago zihoakion.

2009ko maiatzean, errezitaldiak ematen hasi ziren. Mattin anaia musikaren arduradun, eta Imanol poemak taula gainera ekartzeko lanetan, ez zuten ohiko poesia emanaldia izatea nahi. “Errezitatu baino gehiago, poemak nola bizi ditugun adierazten dugu zuzenekoetan” azaldu du Imanolek. Hitzari musika gehitu diote, musika klasikoa, baita emanaldietarako espresuki sortutako doinuak ere. Eta musikari gorputz espresioa eman. Aspektu horrek, gainera, garrantzi handia hartzen du euren errezitaldietan. Imanolek dioenez, “esaten ari garen hori publikoarengana ahalik eta ondoen” iristeak kezkatzen ditu, “helburua jendea hunkitzea baita, ez daitezela geratu ezer ulertu ez izanaren sentsazioarekin”.

Eszenatokia komun bilakatzen dute errezitaldi bakoitzean. Zer egokiago? Hala, emanaldia komunontzi baten biran izaten da, komuneko paperez inguratuta eta komuneko giroan oinarrituta.

Hitzetik ekintzara

Komuneko paperean ekimena sarean zegoen, baita taula gainean ere. Baina proiektuak izaera propioa, berezkoa har zezan, zer gutxiago lan horiek guztiak komuneko paperean bertan argitaratzea baino? “Esaten da gauza guztien inguruan idatzia dagoela, eta orijinaltasuna forman bilatu behar dela. Bada, guk hori egin genuen, nolabait erakargarri egin eta beste modu batean blogetik aparte ia inork irakurriko ez zituen poemak sozializatu” azaldu du Imanolek.

Hasieratik zeukaten poemak komun paperean argitaratzearen ideia buruan, baina ez zuten bideragarria ikusten. Harik eta Imanol Agirrek, Zarauzko Garoa liburudendako semeak, animatu zituen arte. “Bera izan zen proiektua aurrera atera zitekeela sinestarazi ziguna” dio Imanol Epeldek. Horretarako, Ithaka Design-eko Gari Iruretagoienarengana jo zuten, diseinuaz eta ekoizpenaz ardura zedin.

“Proiektua proposatu zidaten unean, halako analogia bat etorri zitzaidan burura. Txikitatik Arantzazuko egutegia ezagutu dut sukaldean, eta goizero irakurtzen nuen pasarteren bat” oroitu du Iruretagoienak. Egutegi hura bezala, ekimen hau ere behin bakarrik irakurtzeko zerbait izango zen, funtsean. Horregatik, hasieratik asko gustatu zitzaiola onartu du. Baina zailtasunak nabariak ziren, testuak komuneko paperean argitaratzea ez baita ohikoena. “Lehen saiakerak hutsean geratu ziren; Txinan eta Japonian bila aritu ostean, hurbilagora jo genuen”. Colhogar eta beste komun paper enpresa batzuetan galdezka aritu ziren, baina denetan ateak itxita topatu zituzten. “Azkenean, beste behin ere, Google izan zen salbatzaile lanak egin zituena, eta Madrileko enpresa batekin egin genuen topo”.

Orotara 300 komun-paper ilustratu inprimatu zituzten, eta orain arte publikoaren erantzuna positiboa izan dela azpimarratu dute. Durangoko Azokan, esaterako, aurkezpena egin eta egun bakarrean 100 ale saldu zituzten.

Komuneko literaturaren partaide

Komuneko paperean poesia irakurtzea posible dela ikusi dugu, poesiak ipurdia garbitzeko balio duela ohartu garen bezalaxe. Orain arte komunetan maitasun mezuak, aforismoak, errebindikazio politikoak eta bestelako idatziak topatu izan ditugu. Tabernetan eta tren geltokietan, komun publiko guztietan literatura propioa egon badago. “Horretan inspiratu al garen? Horiek denak irakurrita dauzkagu, baina horien gehigarria izan liteke komuneko papereko poesia hau” hausnartu du Imanol Epeldek.

Poema hauek behin bakarrik irakurri ahal izango dira komun-papereko euskarrian. Hori arazo bihur liteke testuak gehiagotan dastatu nahi duenarentzat. Horregatik, 27zapata eta komunekopaperean helbideetan ere badaude Imanol Epelderen poemak, euskarri digitalean. Komunera behin eta berriro, egunero joaten garelako. Eta zergatik ez? Poema hauek ere behin eta berriro gozatzeko aukera ere egon badagoelako komuneko paperetik kanpo.
SKT Sekuentzia, komunean
“Komunean! Gauza asko dauzkagu komunean” abesten du SKT Sekuentzia taldeak WC kantuan. Eta kasu honetan ere, puntu komun bat daukate musika taldeak eta proposamen literario honek: Imanol eta Mattin Epelde anaiak. Aipatu abestia ere komunean daukate bi ekimen eta proiektu hauek, beste kantu eta poema batzuez gain. Hala ere, bi proiektu ezberdin direla argi utzi digu Imanolek.

Komunean daukate, baita ere, bi proposamen hauetan hitzak eta musika sortzen eta aukeratzen dituzten pertsonak. Imanol poesiaz arduratzen da, Mattin berriz soinu bandaz. Komunean agian gauza gehiegi dauzkate bi proiektu ezberdin izateko...

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude