Sei Argia Sari berri komunikazioaren aldarri

  • Txitxardin Beltxa, urtarrilak 29. Euriak ez du treguarik eman, baina bertara bildutakoek badute aterpea, lagunartera biltzeko arrazoia, hizketarako aitzakia. Argia Sariak 2010 dira. Euskal gizartearen eta kulturaren ordezkaritza zabala hor dago, euritik salbu, tan-tan pean, urteroko zitari hutsik egin gabe.
Argia Sariak 2010
2010eko Argia sarituak, ezker-eskuin. Zutik: Galder Gonzalez eta Nagore Vega (Grebaorokorra.info, Internet alorreko saria); Gotzon Garaizabal eta Mertxe Mujika (AEK-ko matrikulazio kanpaina, Publizitate saria); Jose Ignazio Ansorena, Txema Vitoria eta Xabier Otaegi (Txirri, Mirri eta Txiribiton, Merezimenduzko saria). Makurtuta: Fakun Aznarez (Grebaorokorra.info); Eriz Zapirain (Zai zoi bele, Telebista alorreko saria); Agin Rezola (Info7ko Bostetako diligentzia eta bertsolari txapelketako jarraipena, Irratia alorreko saria). Argazkian Itxaro Borda falta da (Prentsa alorreko saria).Dani Blanco
“Adiskideoook, lagunoook, lankideook, garbitzaileook, zikintzaileook, ipurdi milizkatzaileook...” “Mirri eta Txiribiton! Nahikoa da!”.

Ezin zuen beste modura izan, Txirrik bere bi lagunei errieta egin behar izan zien, eta horrela bukatu zen 2010eko Argia Sarien banaketa. Merezimenduzko saria merezita dutela ederki demostratu zuten Xabier Otaegik, Jose Ignazio Ansorenak eta Txema Vitoriak; berdin jartzen dutelako barrez nola haur bete frontoi hala kameraz betetako jatetxe dotore.

Urtero moduan, euskal kazetaritzako, kultur munduko eta gizarte nahiz politikako ordezkari ugari izan zen Txitxardinen Argia Sarien aurtengo edizioaz gozatzeko (ikusi hurrengo orrialdean). Horien artean sarituak, jakina, batzuk urduri, gehienak inoiz baino gusturago... Goiko argazkian dituzue aurtengo saridunak. Itxaro Bordak, Prentsako sariaren irabazleak, ezin izan zuen ekitaldira agertu, baina saria eman ondorengo bere inpresioak bideoz jarraitu ahal izan zituzten bertara joandakoek.

Saridun guztiek egin zituzten hitz batzuk eskerrak emanez edota beren ibilbidea laburbilduz, eta baten batzuek unea aprobetxatu zuten ziria sartu eta bromak egiteko. Agin Rezola Irratiko sariaren irabazleak, esaterako, ez zuen aukerarik galdu; hara zer bota zuen Info7ko kazetariak: “Lankideek esan didate gehiegi ez harrotzeko, gero harrokeria hori garesti aterako zaidala... Baina total, zer pagatu beharko dut, “argia”ren faktura?”.

Umorea eta giro alaia nagusitu ziren, beraz, aurtengo sarietan. Eta hori guztia errematatzeko, Argiako “koroak” emanaldia inprobisatu zuen, jatetxe osoa orfeoi erraldoi bilakatuz: Prentsa libre bizia beti Argia! / Gora prentsa zaharra eta berria...

Argia.com-en, zuzenean

Badira bizpahiru urte Argia Sariak bideoz ikus daitezkeela. Baina aurten beste urrats bat eman eta lehen aldiz zuzenean ikusi ahal izan da ekitaldi osoa Argia.com-en. Argiako lankideek, Jexux Mari Irazuren laguntzaz, saio berezia eskaini zuten sarean jarraitu ahal izateko: sarien banaketa, aurkezpenak, elkarrizketak... Paperezko prentsa eta Interneteko komunikazioa uztartzeko bidean pauso bat gehiago.

Arriskatzeak merezi duenean


Arriskua, originaltasuna, berritasuna, apustua... Aurtengo sariak emateko arrazoien artean behin eta berriz tartekatzen diren hitzak dira horiek. Beren lanean, ekimenetan eta proiektutan konfidantza izan eta askatasunetik jardun duten sei pertsona/talde saritu nahi izan ditugu, euskarazko komunikazioari egin dioten mesedea eskertzeko.


Prentsa idatzia: Itxaro Borda

Literaturaren ingurumarian Itxaro Bordak (Baiona, 1959) egindako lanak ezagunak zaizkigu. Bere langintzaren atal hori prentsan publikatutakoarekin uztartu izan du idazleak betidanik. Betidanik idatzi izan baitu astekari, hilabetekari edota egunkarietan, izan Argian, izan Berrian... Hain zuzen, azken hedabide honetan egunero argitaratzen duen zutabetxoari erreparatu diogu prentsa idatziaren Argia Saria emateko. Bere iritziak luma zorrotzez eskribitzen baititu, erreferentzia originalak eskaintzen ditu, modu askea erabiliz eta hizkuntza birsortuz. Galdetu diogu egunerokotasunak zer ekartzen dion: “Egunero mirakulu bat gertatzen da, plazer bat da. Batzuetan gaiak aurkitzea zaila zait, baina beti ateratzen da zerbait”. Bere esanetan, gaiak aurkitu behar horrek, iritzia azaldu behar horrek, “hurbiltasuna” ematen dio gertakariekin eta halako “permakortasun” bat norberaren bizitzari buruz. Honela esan digu baionarrak: “Lagun batek erraiten zidan, beti horrela idatziz norberaren bizia instrumentalizatzen zela, eta uste dut arrazoi zuela. Hori baikorra da enetzat bederen”.

Harriduraz hartu du saria, berak ez baitu idazten sariak irabazteko “ikusiz zein lekutik idazten dudan, bereziki Iparraldetik” dio Bordak. Hala ere, plaza librean, Argia eskertu nahi izan du, bai eta bere zutabea irakurtzen duten euskal herritarrak ere. Hala nola, alaba eta neskalaguna, idazten duenean bere “ezinegona nekez jasaten” dutelako.

Telebista: Eriz Zapirain

Ikus-entzunezko Komunikazioak ikasten hasi zen, betidanik gustatu izan zaiolako mundu hori, zehazki esateko, dokumentalena. Eta hara, mundu horixe bilakatu du ogibide Eriz Zapirainek (Donostia, 1974). Argian trebatu zen kazetaritza lanetan hiru urtez eta horren ondoren eman zuen pausoa ikus-entzunezkoetara, 2001eko Salda Badago izeneko proiektuarekin, karreran euskal rock erradikalaz egindako bideozko elkarrizketa batzuk baliatuz. Hain zuzen, proiektu hartatik sortu zitzaion Ez Dok Amairuren historia jasotzen duen Zai zoi bele dokumentala egiteko gogoa.

Dokumental horretan Zapirainek egindako lana saritu nahi izan du Argiak, besteak beste, gaur egun ez delako erraza patxadarekin, mimoz eta su baxuan egindako lanak aurkitzea telebistan edota ikus-entzunezkoen arloan. Lau urte pasa ditu Zapirainek proiektuarekin “ez esklusiboki, jakina”, baina lau urte, eta horrek arriskatzea esan nahi du, azken emaitzak merezi duela sinestea. Bidelagun hainbat pertsona izan ditu: Amets Arzallus aurkezle-gidaria, Juantxo Sardon eta Carlos Sedano kameralariak, Xabier Zapirain errealizadorea... “Eskerrak eman nahi nizkieke Orio Produkzioak-eko Unai Ibarbiari eta Martin Ibarbiari, apustu garbia egin eta ikusi zutelako dokumentala egin beharra zegoela. Beti izan dut haien babesa”.

Irratia: Agin Rezola

Argia Saria irabazitako beste batek bultzatu zuen Agin Rezola (Astigarraga, 1985) irratigintzaren mundura murgiltzera: Jon Telleriak. Kazetaritza ikasi eta Gaztesarea atarian aritu zen hainbat urtez, eta Euskadi Irratian bekadun ere bai. Ondoren Info7 Irratian informatiboak ematen hasi zen, baina Rezolaren esanetan beste zerbait egiteko gogoa zuen “informatiboetako zurruntasunetik” ateratzen zen zerbait, libreagoa, eta horren ondorioz Bostetako dilijentzia magazin saioari ekin zion, ordura arte egindako beste lanetatik guztiz ezberdina: “Askoz pertsonalagoa izan da, nire seilua darama, nirea den zerbait bezala sentitzen dut” dio esatariak.

Horrez gain, Info7n Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaz egindako jarraipena ere saritu nahi izan dio Argiak Agin Rezolari: “Irratiarentzat interesgarria zen, baina aldi berean Bertsozale Elkartearentzat ere bai, azken batean ez baitzegoen txapelketaz jarraipen zehatza egingo zion irratirik”. Sari honekin, kalean jendeak askotan esan izan diona baieztaturik ikusi duela azaldu digu Rezolak, lan ona egin zutela txapelketan zehar.

Internet: Grebaorokorra.info

Maiatzaren 21ean greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian euskal gehiengo sindikalak deituta: “Deialdia egin eta bost minutura sortu zen ideia” dio Galder Gonzalezek. Grebaorokorra.info webguneaz ari da. Twitterren eta Interneteko beste informazio kanaletan jendeak proposamenak egin eta tresnak baliatzen hasi zen egun horri jarraipen berezia egiteko: zuzeneko bideo emisioak, Twiterreko etiketa, irudiak... Pixkanaka, auzolanean eta kolektiboki garatutako proiektua sortu zen horrela. Emaitza ikusgarria izan zen: “Greba egin ez zutenek ere beren iritzia eman zuten, eztabaida gure webgunera ekartzea lortu genuen”
Grebaorokorra.infok erakutsi zuen hedabide txikiek, elkarlanean eta teknologia berrien laguntzarekin, posible dutela hedabide handiek ematen ez duten informazioa eskaintzea askoz baliabide gutxiago izanagatik ere, eta urrats bat izan zen bide horretan.

Orduan egindako lanak aurrera begira utzi du arrastorik: “Proiektu horretan parte hartu genuenok harremanetan segitu dugu eta orduan sortu zen sareak balio izan du, adibidez, Egunkarialibre.info webgunea sortzeko. Gainera, beste hedabideek guk erabilitako tresnei arreta jartzeko ere balio izan zuen” dio Gonzalezek.

Publizitatea: AEKren matrikulazio kanpaina

Ez zegoen beraien aurreikuspenetan horrelako saririk irabaztea, baina Mertxe Mujika AEK koordinatzailearen esanetan matrikulazio kanpaina on baten errekonozimendua izan da eta pozez hartu dute. AEK, euskara ikasteko biderik laburrena izenarekin publizitate koloretsua eta umoretsua egin dute: “AEKren ezaugarriak islatzen saiatu gara, hurbiltasuna eta kalitatea islatzen –dio Mujikak–. Euskaraz bizi, lan egin, maitatu eta ikasi daitekeela azaldu nahi izan dugu” Abadiñoko Dida komunikazio enpresarekin elkarlanean egin dute kanpaina, urte asko daramate beraiekin lanean, bi urtero egiten den Korrika eta bestelako ospakizun edo kanpainei oihartzuna emanez, eta feeling hori nabaritzen dela esan digu euskaltegiko arduradunak.

Matrikulazio kanpaina ondo joan zaio AEKri, Mujikaren hitzetan “faktore asko egongo dira matrikulak igotzeko, baina horietako bat aurtengo publizitate erakargarria izan delakoan gaude”. Dena den, horrelako ekimenak behin eta berriz egin behar direla ohartarazi du AEK-ko koordinatzaileak “jendeak badaki euskaltegiak hor daudela, baina beharrezkoa da hori bergogoratzea”. Horrez gain, bere ustez garrantzitsua da holako kanpainek euskararen sustapenerako eta zabalpenerako duten lotura azpimarratzea.

Merezimenduzko saria: Txirri, Mirri eta Txiribiton

Hogeita hemezortzi urte daramatzate Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Txema Vitoriak pailazoarena egiten. Hasieran Kixki Mixki eta Kaxkamelon eta gero, Txirri Mirri eta Txiribiton izenarekin. Kasualitatez hasi zirela kontatu diote Argiari, euskararen arloan umeei begirako ezer ez zegoelako, “basamortua” baizik. Euskara sustatzea eta bultzatzea zen giltza, eta lortu dute gaur arte zeregin horretan aritzea, haurrak eta ez hain haurrak umorearekin, bihurrikeriekin eta bromekin euskarara ekartzea.

Hain justu, 25 urte pasa dira euskal telebistan lehen aldiz agertu zirenetik, Don don kikilikon saioan, eta duela gutxi ospatu dituzte zilarrezko eztei horiek beren kolaboratzaile ugariren artean. Ez zen nolanahiko pausoa izan 1984 hartan eman zutena, ETB oraindik pixoihala jantzita zuela zebilen, baina hala ere ausartu ziren ordubeteko saioa egitera. Horregatik guztiagatik, merezi dutelako, Argia Sarietako bat hirukote honentzat izan da aurten.

Ikusi Argia.com-en:

* Ekitaldi osoa bideoz
* Ekitaldiko argazki galeria
Xabier Letona zuzendariaren hitzaldia
Hemen, zuen artean, badira Madrilgo Auzitegi Nazionalera atzera eta aurrera ibili zaretenak euskarazko egunkari bat sortzeagatik edo berau egiteagatik. Gaizkile gisa. Bada, jakin ezazue, hemen gure artean izatea ohorea dela guretzat.

Euskal gizarteak ere horixe bera adierazi dizue azken asteetan erakutsitako elkartasunaz. Buka dadila behingoz esperpentoa eta izan dadila benetako justizia esparru batean beharko lukeen moduan: absoluzioarekin eta horrek dakarren guztiarekin.

Eta prentsa eta kazetaritzaz jarraituko dut, baina oso ikuspegi desberdinetik helduta. Gaur egun kazetariak barra-barra doaz langabeziara, Estatu Batuetan, Espainian, Frantzian… Euskal Herrian ere ematen dira halakoak, jakina… Baina euskal prentsan ez horrenbeste, nik bederen ez dut pertzepzio hori, edo ez da oraindik publiko egin, edo ez da oraindik heldu, hori ere posible da, baina ematekotan ere ez dut uste besteen maila berean emango denik. Krisia bada hori da aurretik batzuk diru asko irabazi dutelako eta gaur egun ez delako horrela irabazten. Eta euskal prentsan ez da dirurik irabazten.

Bai, Geu Gasteiz itxi da, Nafarroan oso egoera larriak biziko dituzte batzuk, baina horietan krisiaz gain bestelako faktoreak ere badira, Nafarroaren kasuan politikoak esate baterako.

Orduan, nola egin aurre egoera horri? Modu ugari egongo dira, jakina, eta guk ez dugu formula magikorik, baina gustatu izan zaizkit ikusi ditudan bi hausnarketa:

Bata amerikar kazetari izar hauetako batena da, Jeff Jarvis, kazetaritzaren muinari heltzen dio eta diskurtso probokatzailea du. Esaten du, Internet eta teknologia berrien bultzadaren ondorioz, kazetaritza jadanik ez dela istorioak kontatzea bakarrik.
Nik uste dut horrek muina izaten jarraitzen duela: hau da, errealitatean dagoen zerbait jaso, norbere galbahetik iragazi eta hartzaileari eskaini. Baina Jarvisek badu arrazoirik ere, batez ere Internetek dakarren aldaketa guztiaz ari denean. Hala dio berak:
“Gure burua zabaltzen badugu, kazetariak erraztatzaile gisa ikusi ditzakegu, komunitatearen antolatzaile moduan, irakasle, administratzaile, iragazki, tresna sortzaile gisa, algoritmoen sortzaile gisa”.

Gu behintzat hor gabiltza ea nola asmatu papera eta Internetekoa uztartzen, eta apurka bada ere aurrerapausoak ematen. Gaur ekitaldi hau Internetez zuzenean eskaintzea ere aurrerapauso horietako bat da.

Eta eguneroko borroka horretan, kazetaria eta honek behar duen azpiegiturari buruzko azken hausnarketa bat. Interesgarria da gainera, erreflexioa datorren lekutik datorrelako. Enric Gonzalez da hausnarketaren egilea, El Paiseko kazetaria, azaroa bukaera arte egunkari horretan bost egunetan egiten zuen oso zutabe kritikoa eta orain Jerusalemera bidali dute korrespontsal gisa, mihi gaiztoek diotenez zigor gisa:

“Dagoeneko ezin gara enpresa handiekin fidatu, beste interes batzuk dituzte. Informazioa eskaintzen jarraitu ahal izateko kazetariak euren artean antolatu beharko dira, kooperatibetan, elkarteetan, edozein modutan”.

Erredakzioan ibili genuen atzera eta aurrera hitzaldi zati hau, eta pentsatu nuen ez gaudela gaizki posizionatuak.

Baina inpresioa dut bakarrik ahulak garela, topatu behar direla aliatuak eta bide horretan 2009an esperientzia polita izan genuela. Bertsoa.com, Info 7 eta Argia.com-en artean Hitzetik Hultzera telebista saioa egin genuen. Eta gero BECeko finala ere zuzenean eman genuen, ETBk bezala. Hiru txiki elkartu eta handienaren ondoan jarri ginen.

Eta hurrengorako utziko dut gaur egun, informazioari dagokionez, sarean dagoen kontraesan nagusietakoa. Sareak papera zokoratzen du, baina sareko informazioa nagusiki, oraindik ere, paperetik bizi da. Bistan da, denok ere badugu zereginik korapiloa askatzeko.

(Argia Sariak banatu aurretik emandako hitzaldiaren pasarteak dira honakoak.)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude