ARGIA.eus

2022ko urriaren 08a
To Shoot an Elephant

Erasoen pean, kameraren atzean

  • Gazan zegoen Alberto Arce kazetaria 2008ko abenduan, Israelek Berun Urtua operazio militarra abiatu zuenean. Bera izan zen han gertaturiko bonbardaketa, tiroketa eta erasoen nazioarteko lekuko bakarrenetarikoa, Israelek sarrera debekatu egin baitzien kanpoko kazetariei. To Shoot an Elephant dokumentala osatu du orain Arcek, erasoen pean zegoela kameraren atzean grabatutakoekin.
To shoot an elephant
To shoot an elephantTo shoot an elephant
2010ko urtarrilaren 17a
Urtebete da Israelek Gaza eraso zuela. Hamasek jaurtitako misilei erantzun behar ziela argudiatuta, 2008ko abenduaren 27an hasi, eta 2009ko urtarrilaren 18ra arte iraun zuten hiriaren aurkako erasoek. Hegazkinen, infanteriaren eta bonbardaketen ondorioz, 1.412 palestinar hil ziren Israelgo militarren eskuetan, eta hamahiru israeldar Hamasen misilen erasoen ondorioz. Bi aldeen jokaera salatzen du Nazio Batuen Erakundearen baitako Giza Eskubideen Batzordeak onarturiko Goldstone txostenak, baina bereziki gogor egiten du Israelen jokaeraren aurka. “Aurrez pentsatuta zeuden han gertatutako ekintza asko, eta neurriz kanpokoak izan ziren, arerio jotzea beharrean, ‘hura sostengatzen zuen azpiegiturak’ jotzea baitzuten helburu. Praktikan, itxura denez, biztanleria zibilaz ari ziren hori aipatzen zutenean”. Hori da txostenean ageri den ondorioetako bat.

Gutxi izan ziren, ordea, egoera hori bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten kanpotarrak, nazioarteko kazetariek debekatuta baitzuten Gazarako sarrera. Alberto Arce kazetari eta Free Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak lortu egin zuen, halere, bertan egotea, eta erasoen lekuko izan zen. Nazioarteko lekuko bakarrenetarikoa, gainera. Bera izan zen han gertatzen zenari buruz bertatik mintzatu zen gaztelaniazko ahots bakarrenetariko bat. Gertatua ikusi, kontatu, eta grabatutakoarekin osatu du To Shoot an Elephant (Elefanteari tiro) dokumentala, Mohammad Rujailah itzultzailearekin batera. Zinemaldiz zinemaldi dabil orain filma, eta Festival dei Popoli (Florentzia, Italia) jaialdian zuzendaririk onenaren saria ere jaso du.

Abuztuan Argian egindako elkarrizketan (2195. znbk), filma bukatu gabe oraindik, honela mintzo zen Arce: “Hamasen kontrako eraso selektiboak direla diote, polizi etxeen kontrakoak. Baina hiru aste horietan ikusi nuenak besterik dio, eta egin dudan dokumentalak horixe erakusten du (...). NBEren eskolak bonbardatu zituzten, aise identifikatzeko moduko ikastetxeak: erakundearen ikurrindunak, koordenada jakinekoak (...); meskitak (...); bonbardatu eta su eman zioten fosforo zuriz bertako ospitale handienari (...); su eman zioten, fosforo zuriz, NBEren elikagai biltegiari; Khabaliako errefuxiatu eremuko Alauda ospitalea, espainiar eta euskal kolaborazioak zuzenean ordaindu duena, bete-betean bonbardatu zuten, (...); Ilargi Erdi Gorriaren lau anbulantzia zartatu zituzten, zaurituak garraiatzen zituzten bitartean; frankotiratzaileek tiroka eraso zioten etxetik irten eta ihesi hasi zen jendeari; auzoetako ur-hoditeria suntsitu zuten bulldozerren bidez, argindar-zutoinak bota… Gazako itsas-portua txikitu zuten, zenbait hotel…”.

Hori da filmean ikusten dena. Heriotza lanean. Errukirik gabe. Zikin. Sekuentzia luzeetan. Arceren ikuspuntutik. “Errealitate puskak bildu nahi nituen”, dio, “ikuslea han egotea nahi nuen. Ikuslea gertatu zenaren barnean sartzea”. Ez da film erraza. Ez ikusteko, ezta egiteko ere. Teknikoki, adibidez, zaila izan zitzaion Arceri kameraren bateriak kargatzea ere, hiriko gune asko elektrizitaterik gabe egon baitziren erasoek iraun bitartean.

Arriskua ere bazegoen. Tiroak eta bonba hotsak entzuten dira etengabe Arcek gidatutako kameraren ezker, eskuin, aurre eta atzealdean. Hormen atzean izkutatzen ageri da behin baino gehiagotan. Korrika ihesi beste batzuetan. “Filma grabatzen joan ahala, hil egin ziren kamera aurrean agertzen direnetako batzuk”, dio Arcek.

Kameraren objektiboa garbitzen ageri da lehen irudietan Arce. Sekuentzia horretan baino ez da agertzen film osoan, eta ahotsa ere gutxi batzuetan baino ez zaio entzuten. Bere ikuspuntutik dago grabatuta, ordea, film guztia. Berak ikusitakoa ikusten du ikusleak, berak entzundakoa entzun. Hainbat ataletan dago banatuta dokumentala. Odolez zikindutako umeentzako txirristak ageri dira batean. Israeldarren eraso bat dela eta, hiru seme-alaba galdu dituen Hamda sendiaren ospitaleko bizipenak bestean. Medikuen aurkako tiroketak. Goiz edo berandu hil egingo direla jakin arren, lanean jarraitzen duten anbulantzia gidariak. Ateak itxita dituzten nazioarteko laguntza banatzeko guneak. Fosforo zuriak erretako etxe bat...

Latza izan zen eraso haietan bizitako egoera, eta latzak dira irudiak ere. Latzegiak?. “Zer nahi duzu, heriotza apaintzea?”, galdetzen dio dokumentalean Rujailah zuzendari-kideak telefonoaren beste aldean den kazetari bati, Internetez bidalitako argazkiak gogorregiak direla esaten dioenean. Arcek dioenez, dokumentalean zer sartu eta zer ez sartu erabakitzen ere nahikoa lan izan dute, grabatutakoen artean oso eszena gogorrak zeudelako. “Nola agertu heriotza publiko orokorrari?”. Hori zen Arcek editatzerakoan bere buruari egiten zion galdera. “Han bertan egotean neurria galdu egiten da”. Hala mintzo da etxea txikitu berri dioten emakume palestinar bat kameraren aurrean: “Jaten dugunean, edaten dugunean, lo egiten dugunean, heriotzaren esperoan gaude. Edozein unetan akaba gaitzakete (...). Hori da espero dezakegun bakarra; hil eta bakean gelditzea”.

Latza da irribarreen atzean dagoen errealitatea ere. Hori da “zergatik” izeneko atalean ikus daitekeena, behintzat. “Zergatik grabatzen gaituzu, jauna?”, galdetzen diote irribarrez behin eta berriz kameraren atzean dagoen Arceri kalean gora eta behera dabiltzan ume palestinar batzuek. “Zergatik, jauna?”. Eguneroko bizitzak ere egiten du bere bidea, noizbehinka, heriotza horren guztiaren artetik, eta bazkaltzen ageri dira batzuetan anbulantzia gidariak, elkarri piper min bat dela eta adarra jotzen...

Nazioartearen erantzunik ez

George Orwellen testu bat du oinarrian filmaren izenburuak, Shooting an elephant. Birmanian dago kokatuta istorioa. Polizia kolonial baten istorioa da kontakizunaren abiapuntua. Herri batean elefante batek kontrola galdu, eta herritar bat hil du. Azkenean, tiro egiten dio elefanteari poliziak. Hala egin behar zukeenik gehiegi sinetsi gabe, egiten dio tiro. Riflea hartzen ikusi dutenen, eta, beraz, tiro egingo duela espero dutenen aurrean barregarri ez gelditzearren. “Gero, noski, eztabaida amaigabe bat egon zen elefanteari botatako tiroari buruz. Jabea haserre zegoen, baina indiar bat baino ez zen eta ezin zuen ezer egin. Gainera, legalki, egin behar zena egin nuen, elefante zoro bat hil egin behar baita bere jabeak haren kontrola galduz gero, zakur zoratuekin gertatzen den bezala”.

Tiro eginda ere dirudiena baino zailagoa da elefante bat akabatzea. Hori da, dioenez, Arcek dokumentalarekin helarazi nahi duen mezua. Merke ateratzen dela ere esan nahi zezakeen, ordea. Ez legoke oso oker, Goldstone txostenean esaten dena esaten bada ere, nazioartean erantzunik egon ez dela ikusirik. Hala mintzo zen Arce Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, erakundeen isiltasunari buruz: “Nazioartean inork ere ez du ezer egiten Israelen jokamoldea geldiarazteko. Hortaz, nire ikuspuntutik atera dezakedan ondorioa denik eta zinikoena da: Gazan gerra krimenak filmatzen egon izanak, praktikan, zine jaialdiak bisitatzeko baino ez dit balio izan”.


Mundu mailako emanaldia

Gazan gertatu eta Arcek eta haren kamerak ikusi ahal izan zutena munduak ikustea da orain helburua. Mundu mailako emanaldia egingo dute, horregatik, hilaren 18an. Iruñeko Eguzki Bideoak kolektiboarekin plazaratu du Arcek dokumentala. Haiek dira ko-produktoreak, eta haiek dira mundu-emanaldi hori koordinatzen dabiltzanetako batzuk ere. Hamalau hizkuntzatara itzuli dute dagoeneko, eta emanaldia ahalik eta handiena izatea da asmoa. “Garaipen bat izango da nazioarteko isiltasunaren aurrean, baita ideiak hedatu eta sareak eraikitzeko bizkarrezurra ere”.

Creative Commons lizentziapean dago bideoa eskuragai eta, beraz, librea da hura kopiatu, banatu eta ikustea, egilearen izena agertuz gero, eta irabazi asmorik gabe eginez gero. DVD formatuan ere eskura lezake nahi duenak 12 euroren truke, eta, sei euroren truke emanaldi erraldoiaren parte hartu nahi duten erakunde, elkarte eta bestelakoek. Bi helbide daude horretarako: www.toshootanelephant.com gunea, edo toshootanelephant@eguzkibideoak.info e-posta. Webetik bertatik ere eskuratu daiteke dokumentala, eta aipaturiko bi aukera horiek dira emanaldian parte hartu nahi dutenentzako informazio gehiago lortzeko bidea.

18an gertatzen direnak kontatzeko, eta izandako eztabaiden nondik norakoaren berri jakiteko gune berezia izango du 18tik aurrera webguneak. Ikus-entzunezko edukien erabilera librea sustatuz, iazko bonbardaketak gogoraraztea da helburua.

Filmea hemen azpian ikus dezakezu euskarazko azpitituluekin:



Azkenak
2022-10-10 | ARGIA
Parke eolikoen kontrako martxa antolatu du Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak, urriaren 12an

Bergarako Elosua auzora ibilaldia egingo dute, hainbat herritatik abiatuta, Gipuzkoan azkenaldian ezagutarazi diren zentral eolikoen kontrako euren jarrera azaldu eta "gizarte gogoeta bateratua" eskatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


Euskal preso politikoak
Sakabanaketa amaitzear, baimenen blokeoa dator

Euskal gatazkak azken 60 urteetan utzi duen atal mingarrienetakoa da presoena. Denbora horretan 5.000 presotik gora egon dira Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan. Gaur egun ez dira 200era iristen, eta gehienak Euskal Herriko edo gertuko espetxeetan daude. Euskal... [+]


Glosa feminista posible da

Munduko hainbat tokitan tradizio luzeko jarduna da ahozko inprobisazioa eta, usadioa gaurkotzeko prozesuetan, tentsioak sortzen dira. Herrialde Katalanetako glosatzaile emakumeak antolatzen ari dira inprobisazioaren joko-arauak gorputz eta ahots ez-hegemonikoetara egokitzeko... [+]


Biziberritu proiektua
“Enpresetako soberakinei bizi berria eman nahi diegu, hezkuntza mundura ekarriz”

Biziberritu proiektuak haurrek hain ohikoak ez dituzten materialekin jolastea proposatzen du: enpresetan sortzen diren hondakinak. Larraitz Esnaola Illarretak eta Alex Barandiaran Arteagak daramate aurrera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko... [+]



Irakurrienak
ASTEKARIA
2010ko urtarrilaren 17a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude