Xabier Azkargorta

"Bizitzen erakusteak jokatzen erakusteak baino askoz errendimendu hobea dakar"

  • Ordubetean hiru kafe edan arren lasai hitz egiten duten pertsonak badaudelako.
Sustrai Colina
2009ko abenduaren 27a
Xabier Azkargorta
Xabier AzkargortaDani Blanco

Zer pasatzen zaio burutik lehen mailan debutatu berri duen gazte bati, belauna txikitu eta futbola utzi behar duela esaten diotenean?


Denetik eta ezer ez. Oso gogorra da ordura arteko ametsei uko egin behar izatea. Baina era berean, jabetzen zara futbola ez dela jokatzea bakarrik, badituela beste arlo batzuk, eta zure bizitza futbolik gabe irudikatzen ez duzunez, horietako batean murgiltzea erabakitzen duzu. Bizimoduak aurrera jarraitzen du beti, eta bertatik botatzen zaituzten arte, ezin duzu trenetik jaitsi.

Egun, idolatriaren idolatriaz, ematen du jokalari batzuen faltan ezingo garela bizi.


Denak egiten duelako zarata gehiago. Harrituta geratzen naiz ñimiñokeri batek aldizkari eta egunkari guztiak astebetean nola betetzen dituen ikusita. Nire futbol filosofia “nola bizi, hala jokatu” lemarekin laburbildu izan dut, baina futbolak heziketaren ispilutik alde egin ezin duen heinean, hori baino askoz gehiago da. Ni entrenatzaile hasi nintzenean, atzetik bi telebista izaten genituen gehienez, eta egungo lehen mailako mister-ek dozenatik gora dauzkate. Horrek huskeria oro hamabi aldiz errepikatzen dela esan nahi du, oihartzuna hamabi aldiz biderkatzen dela, eta heziketaren ispiluan zure burua ikusten segi ahal izateko oso argi eta kontsekuente agertu behar zarela beti.

Futbolak erakusleihoan jartzen dituen baloreak heziketaren ispilu dira?


Itsutzeko besteko dirdira duten balore horiek ez, baina futbola talde kirola den heinean, heziketa bide oso emankorra iruditzen zait edozein gaztetxorentzat. Futbolean hasi eta edozein ume jabetuko da ezin duela bakarrik bizi, kideak behar dituela laguntzeko, arerioak kontra egiteko, zelaian postua irabazteko taldekideekin ere lehiatu beharko dela, arau batzuk errespetatu behar dituela, arau-hauste bakoitzeko epaileak zigortuko duela, entrenatzaile eta zuzendariei kasu egin behar diela… Futbola gizarte eredu honen miniatura bat da, eta molde horretan hazi eta hezi direnak ez dute oztoporik izaten eguneroko bizimoduan txertatzeko. Arazoa zein den? Alineaziotik alienaziora tarte txikia dagoela, eta buru-egiturak gehiegi estutuz gero, futbol mundutik at galduta ibiltzeko arriskua dagoela. Baina, hala ere, nik aholkatzen dut, futbolak asko erakusten du.


Gaztetxoek, futbolaria ez, Messi edo Cristiano Ronaldo izan nahi dute, ordea.


Izar izan nahi hori ez dago kudeatzerik. Futbolari baten nortasunak hiru geruza dauzka. Nukleoan “ni”-a dago, bigarren geruzan taldekideak, eta hirugarrenean inguru osoa. Futbolariaren nortasuna ni-tik ingurura badoa ondo goaz, baina ingurutik ni-ra garatzen bada jai daukagu. Egungo gazte askok inguruko geruza horretan baino ez dute futbola bizi nahi, eta agente edo ordezkariak sartu direnetik, oso erraza da hori. Borroka nahi dutenean, agenteari adierazpenak egiteko esan eta kito. Horrek asko zailtzen du entrenatzaileak jokalari bakoitzaren ni-arekin egin dezakeen lana. Baina hor dago arrakastaren gakoa. Jokalari ororen ni intimoa, ni soziala eta ni publikoa garatuz gero, taldekideen geruza berez izango da atsegina, eta ingurua kontu pixka batekin tratatuz aise egingo duzu aurrera.

Baina puntako talde batek fitxatzen duen 12 urteko mutil koxkorrak zer ni klase eduki dezake?


Eraikuntza prozesuan daukana hankaz gora erortzen zaio. Ez ahaztu, batez ere Hego Amerikan eta Afrikan, 12 urteko mutila dela etxera ogia ekartzen duena. Aitari semeari esker eskaintzen diote lana, eta txanponak semeari esker datoz. Kontuz-kontuz ibili ezean, bere nortasuna errotik puskatu dezakeen protagonismoa hartzen du mutil koxkorrak. Zalantza asko ditut praktika horrekin, baina zorionez, gutxi dira oraindik. Askoz gehiago kezkatzen nau, 10 urterekin Realak fitxatzen duen azpeitiarraren kasuak. Taxilaria jarriko diote entrenatzera joateko, txuri-urdinez jokatzen hasiko da, baina auskalo zergatik, handik hiru urtera Lagun Onak-era bidaliko dute bueltan. Mutil horrentzako atzerapauso horrek ez dauka bueltarik, bereak eta bi entzun beharko ditu, eta gutxi dira aurrera jarraituko dutenak. Horregatik diot, talde profesionalek heziketa-arloan gehiago landu behar luketela bakoitzaren ni intimoa, eta entrenatzaileek 4-4-2 eta 4-2-3-1, horiez baino gehiago jakin beharko lukete.


Oso gutxi hitz egiten da frakasoaz.


Jendearentzat ezezaguna da, eta ezezaguna denez, beldurra dio. Horretaz gain, frakasoari lotutako beste gai bat dago, min emateko erabiltzen dela. Ez zaio beldurrik izan behar frakasoari, baina frakaso totala eta frakaso partziala bereizi behar dira. Frakaso partzialen kate bat baita bizitza, erori, irakaspenak atera, eta berriro zutitzea. Inoiz frakasatzen ez duen pertsona bat nekez izango da heldua, eta porrot bat aski izango du, betiko hondoratzeko. Hori da lehen mailako atean askori pasatzen zaiena. Horregatik frakasoaz hitz egin dezakegu, eta hitz egin behar dugu.

Gauza bera da frakasoa Bolivian, Japonian edo Euskal Herrian?


Bai, frakasoaren gune geografiko bakarra zure barrena delako. Pentsa, nik ustez frakasatu dudan leku zenbaitetan, arrakasta lortu dudan beste batzuetan baino lan hobea egin dut. Txilen, esaterako. Bi urteren ostean, azken bi urteak utzita alde egin behar izan nuen handik, baina banekien bi urte horietan jarritako oinarriekin, Txileko futbolak pixka batean gora egingo zuela, eta bai, txiletarrek eta denborak arrazoia eman zidaten. Horregatik ez zait gustatzen frakaso hitzaren erabilera. Har dezagun politika. Negoziazio luze baten ondoren haustura datorrenean denek hitz egiten dute frakasoaz, baina ez, frakaso horri esker helduko da hurrengo negoziaketa arrakastara. Baina jendeak ez du hori ikusi nahi, unean uneko arrakastari so bizi da, eta oihartzunaren atzean zer dagoen ikusteko ahalegin gutxi dago. Futbolari batek zelaira sartzen den momentutik partida bukatu arte zeregin bat daukala dio Menottik, eta nik diot, jaiotzen garenetik hil arte daukagula zeregin bat. Bestela, gaizki ari gara.


Bolivian egin zenuen frakasotik arrakastarakoa. Heriotza mehatxuekin hasi eta ministro izateko eskaerarekin amaitu zenuen.


Has nadin amaieratik. Gailurrean zaudenean alde egin behar duzula uste dut nik. Hala egin nuen Bolivian, eta esango nuke oraindik ere horregatik estimatzen nautela hainbeste. Nahiko argi neukan aldaketarako ordua zela. Mesias bat bihurtu nintzen. Eguneroko albistegian, presidenteak nire zitak erabiltzen zituen, irrati batera joan eta amek euren semea hezteko aholku eske hots egiten zuten… Irudika ezina eta batzuetan jasangaitza zen hura. Ordura arteko bidea ez zen samurragoa izan, ordea. Boliviatik deitu zidatenean, lehen mailako entrenatzailea nintzen Espainian, ondo nenbilen, baina beti pentsatu izan dut entrenatzaile batek bere nortasuna borobiltzeko Hego Amerikako esperientzia ezinbestekoa duela. Gogoan dut amari itsasoa zeharkatzera nindoala esan nionean “misiolari, ala?” erantzun zidala. Baina erronka kitzikagarria zitzaidan eta aurrera egin nuen. Baina, 1992an heldu nintzen ni, espainolen konkistaren V. mendeurrenean, eta horixe nintzen eurentzat, konkistara zetorren beste espainol bat.

Horretaz gain, heldu orduko ohartu nintzen, Bolivian futbolaria izatea azkenaren hurrena zela, mozkor, tranpati, zorpetu eta faltsu fama zeukaten denek, eta fama horrekin normala denez, futbolariek kaka baino gutxiago maite zuten euren burua. Fama hori aldatu eta bakoitzaren autoestimua igotzea izan zen gure lanaren funtsa. Horrek eraman ninduen heriotza mehatxutik Andesetako Kondor-aren ohorezko ikurra jasotzera.


Bizi den bezala jokatzen omen da futbolean, baina suposatzen dut desberdin bizi dela Bolivian eta Japonian. Hori nola integratzen du kanpotik datorren batek?


Bertan biziz eta begi-belarriak etengabe irekita edukiz. Boliviara joan eta ikusten duzu ia-ia jateko ere ez daukatela, oso bakartiak direla, autoestimu txikikoak, talde-lanik ez dagoela, puntualtasuna ez dela existitzen. Japonian aldiz, autoestimu ikaragarria daukate, futbolari baten aukera ekonomikoekin zeharo harrotuta bizi dira, izugarrizko errespetua diote heziketa eta hierarkiari, baina beti daude zer egin behar duten nork esango zain. Zuk hori integratzen duzu, eta ohartzen zara japoniar bati 10 km egiteko esan eta “zergatik ez 11?” erantzuten dizula, baloia modu jakin batean 200 aldiz jotzeko agindu eta “zergatik ez 300?” ematen dizula arrapostu, baina taktika lantzen hasi eta uneoro dauzkazula zuri begira zer egin jakin gabe. Bolivian berriz, fisikoki ikaragarri kostatzen zaie, baina taktikoki eta teknikoki berezko gaitasuna daukate, japoniarrak ez bezala futbolarekin jaio direlako. Horretaz gain, egunerokoan oso garrantzitsua den umorea dago. Entrenamenduan, ate aurrean bakar-bakarrik huts egiten duen aurrelariari “holaxe gustatzen zait, arriskua dagoenean baloia kanpora!” esan eta Bolivian tripaz gora lehertzen dira denak, baina Japonian txistea esplikatu arte ez dute barrerik egiten, eta behin esplikatuta, aurrelaria gaitzitu egiten da. Horregatik, hori guztia barneratu arte, hanka puntetan ibili behar duzu beti, errespetuz, galdezka, zer-suma, zer-gerta.

Denborak ezer erakutsi badit, bizitzen erakusteak jokatzen erakusteak baino askoz errendimendu hobea dakarrela da. 24 ordu dauzkagu bizitzeko, eta entrenamenduak bi baizik ez ditu irauten. Bi ordu horietan asko erakutsita ere, jokalariak 22 ordu dauzka dena ahanzteko, eta 24 orduko eskema batekin bazabiltza, entrenamenduko bi orenak propinan emango dizkizu. Horretan egiten dugu huts entrenatzaileok.


Zure diskurtsoak ez dauka zerikusirik Florentino Pérez-enarekin eta elkarrekin lan egindakoak zarete.


Florentinoren eredua beste bat da, baina oso gizon azkarra da, eta argi eta garbi banatzen ditu arloak. Lehen talderako lehen mailako izarrak baizik ez ditu nahi, baina badaki horretarako oinarri sozial bat behar duela. Formakuntza mailan ere bi eredu daude, lehen mailako futbolariak prestatuko dituena bat, eta mutil koxkorren bitartez Real Madrilen izena mundu guztian zabalduko duena bestea. Zuk kalkulu azkar bat egiten baduzu, Mexikoko gaztetxo batek dozena bat lagun mugitzen ditu inguruan, eta horrek esan nahi du, mutiko hori Real Madrilen eskolara joaten bada 12 real-madrilzale irabazi dituzula, eta hauek Espainiara etorriko direnean, Bernabeura joan eta Cristiano Ronaldoren kamiseta erosiko dutela. Harrigarria da baina futbola denetan dago, hasi parlamentu aberatsenetik azken puntako zoko pobreraino. Lurrikarak daudenean soilik aipatzen diren miseriaz betetako herrixketan ere beti agertzen da Real Madrileko kamisetarekin dagoen umetxo bat, eta orduan pentsatzen duzu, “nola arraio iritsi da kamiseta hori horra?”.

Zer parte du prentsak negozio horretan?


Entrenatzaile batentzat prentsa problema eta soluzioa da. Arrakastara bidean dena haizea alde jartzen izugarri lagundu zaitzake, baina bizkarra ematen badizu ez daukazu zereginik. Azken hamar urteotan asko aldatu da prentsa eta futbolaren arteko harremana. Oraintsu arte, medio batek sinpatia edo antipatia izango zion talde bati, baina orain prentsa negozioaren parte da. Batetik, zure prentsarekin batera nire taldeko kikarak saltzen utziko dizut kioskoan, baina hori ondo portatzen bazara bakarrik. Bestetik, prentsa kontrolatzen duten enpresarioak irudi eta telebista eskubideak kosta ahala kosta erosi nahian dabiltza. Horrek zer dakarren? Behin milioiak inbertitu ostean ezin dutela talde hori gaizki joaten utzi, partidarik irabazi ezean jendea gutxiago kateatuko delako, eta egunetik egunera negozioa pikutara joango delako. Garai batean, egin zenitzakeen bi elkarrizketa jarraian lehian zeuden bi irrati desberdinetan, ez zegoen inolako arazorik. Orain aukeratu beharra daukazu, eta horren arabera tratatuko zaituzte gero. Gaur egun, dena da nirekin ala nire aurka, dena zuria ala beltza, eta ez, gris asko dago bizitzan.
Nortasun agiria
1953ko irailaren 26an jaio zen Azpeitian. Athletic-en debutatzera iritsi zen arren, lesio baten ondorioz jokatzeari utzi eta entrenatzaile bezala egin da ezagun. Espanyol, Valladolid, Sevilla eta Tenerife entrenatu ditu Espainiako lehen mailan, Bolivia eta Txileko hautatzaile izan da, eta Japoniako Yokohama Marinos eta Mexikoko Chivas de Guadalajara ere zuzendu ditu. Horretaz gain, Real Madrileko Amerikako enbaxadorea eta atzerriko eskolen zuzendari ere aritua da.
OFF THE RECORD - Profesor
Halaxe hots egiten diote han eta hemen, eta berarekin bi hitz trukatzen dituenak, aise ulertzen du zergatik. Bere garaiko entrenatzaileak, onak, txarrak, bigunak, gogorrak, makalak, lagunkoiak, zigortzaileak... omen ziren, baina ez ei zegoen entrenatzaile mediatikorik. Orain, ordea, entrenatzaileek ere entrenatzailea beharko duten aroan sartzera goazela diote.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-25 | ARGIA
2017ko 'Pohang' lurrikara frackingak eragin zuela aitortu du Hego Koreako gobernuak

2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna ikertzeko izendatutako aditu taldea ondorio horretara iritsi denean.


2019-03-25 | Itzea Urkizu
Fatimetu Zenan: "Feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutakoa"

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Joan den martxoaren 8ko indar kolektiboa dario, oraindik, bere hitzei, eta feminismoa urte, herrialde, klase eta pertsona guztiengana iristeko modua aurkitu nahi du. Emakume sahararren nortasuna eta garrantzia plazaratzeko eguna antolatu dute bihar, herrian.


2019-03-25 | Txerra Rodriguez
Herri mugimendu hezeak

Allartean blogari txit handiari irakurri nion Txepetxek esan zuela militantzia “erotizantea” izan behar zuela, hau da, sormena eta gozamena dakarren militantzia, konpromisoarekin batera. Beste batean (non demontre? Tomas Villasanteri?) irakurri nuen herri mugimendu eraldatzaileak “hezeak” izan behar zirela.


2019-03-25 | Etzi.pm
"Erraustegiarekin hemendik urte batzuetara gertatuko da amiantoarekin gertatu dena"

Bego Zuza Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1960an. Bertan bizi da eta herriko gizarte mugimenduetan inplikatutako emakumea da. Zero Zabor taldeko kidea da. Argia aldizkariko lehendakaria da, baina ez dio karguari garrantzirik ematen. Ikusten dituen bidegabekeriei ematen die garrantzia gehiago. Halakoen aurrean, ez da hitz soiletan edo geldirik geratzen den horietakoa.


Ekozinemaldia 2019: aurten ere erauzketa-goseari hozka

Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegirada berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinitoaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora. (Ikusi Ekozimenaldiaren egitaraua osorik).


Sorgin izan, sorgin esan

Asteburu honetan, Sorgin Ehizaren Historiari buruzko I. Topaketa Feminista egin dugu Iruñeko Katakraken. Zuek lerro hauek irakurtzen ari zaretelarik, topaketan parte hartu dugunok Zugarramurdiko eta Sarako leizeetan egonen gara, hango museoak sorginei buruz helarazten duen mezuaren inguruan hausnartzen eta sorginen iruditeriarekin egiten den komertzializazioa salatzen.


Erabileraren aroa: begirada bat Ipar Euskal Herritik
MULTIMEDIA - solasaldia

Biarritzeko euskara teknikari Eneko Gorriren hitzaldia 2019ko Topaldian.

Hitzaldiaren sinopsia

Urteetako galtzearen ondotik, azken datu soziolinguistikoen arabera badirudi hiztun kopuru absolutua egonkortzen hasia dela Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Zenbaki ofizialek 2011 eta 2016 artean 100 hiztun irabazi ditugula agerian ematen badute, ez dute islatzen jendartean sakonki aldatzen ari den prozesu bat: gaitasunen eraldaketa, familia transmisioaren etenaldia, erabileraren... [+]


2019-03-25 | Uztarria
Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak izan dituzte gogoan

Pasaiako segadaren 35. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin zuten joan den larunbat arratsaldean Azpeitiko azoka plazan. Hamaika kasu, aldarri berbera lelo hartuta, aurtengo ekitaldian Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte.

 


Artea irekita

Mundu honetan mugarik ezagutzen ez duen bakarra kapitala dela dirudi. Gainerako kontuentzat araudi, kontrol, debeku eta zentsura neurriak non-nahi eta nolanahikoak dira. Ikuspegi honen beste lagin bat erakutsi du Eusko Jaurlaritzak azken egunotan: urtean 12 kultur emanaldi egiteko muga ezarri nahi zien taberna eta areto txikiei.


2019-03-25 | Amaia Ugalde
Hilekoa plazara, artelanen bidez

‘Hilekoa gorria ote’ erakusketan artista eta idazle feministek hilekoari buruz egindako lanak batu eta plazaratu dituzte. Elorrion izan du lehen aldia erakusketak, eta herriz herri zabaltzea da antolatzaileen asmoa.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude