Jon Urruxulegi euskalgintzaren alorrean lan ugari egindakoa da: euskara irakasle izandakoa, Zeruko Argiako kolaboratzaile ere bai, idazle gisa saiakera eta nobela landu ditu. Bere eskutik sortuak zituen Sinonimoen kutxa eta Euskal sufijazioaren kutxa lanak. Oraingoan berriz, hika hitz egiten ikasteko metodoarekin datorkigu. Txertoa argitaletxearen bidez kaleratu duen liburu honek hitanoa menperatu nahi duenari bidea leuntzea du helburu. Horretarako, eduki teoriko batzuez gain –alor gramatikoa, aditz-taulak eta antzekoak– hainbat ariketa-testu bildu ditu Urruxulegik, baita lexikoari buruzko oharrak eta interesezko bibliografia ere. Interesa badun/k, badakin/k!