argia.eus
INPRIMATU
Etxe eta ostatu
Jakoba Errekondo 2009ko azaroaren 25
Hydnophytum generoko alea.
Hydnophytum generoko alea.
Myrmechis, Myrmecodendron, Myrmecoides, Myrmeconauclea, Myrmecophyla, Myrmecopteris, Myrmecosicyos, Myrmecostylum, Myrmedoma, Myrmedone... Txingurri adierazten duen myrme hitz grekoa erro, sustrai edo zain duen landare genero asko dago. Polena inguratu eta loreak ernaldu. Ernaltze horretatik sortutako fruituetako hazien zabalkundea kudeatu eta ernatzen lagundu. Landareen aldran, badute bai txingurriek zer egina. Aipatutakoak dira ohikoenak, baina urriagoak eta ezezagunagoak diren lan bitxi askoak ere hartzen dituzte elkarren altzoan landareek eta txingurriek.

Gure piratak dabiltzan urrutiko itsaso haietara begira dauden baso tropikaletan lanean ari den lagun batek eman dit txingurrien etxe diren landareen berri. Ni txingurri eta zur gelditu naiz. Adi: Myrmecodia, Hydnophytum, Myrmephytum, Lecanopteris, Anthorrhiza, Squamellaria... Behinik behin 36 familiatako 103 generotako landareak txingurri-etxe direla badakigu. Etxe izango diren aparteko organoak garatzen dituzte, zain edo enbor barruko ganbaratxo antzeko hutsuneak, gehienetan. Landareak berak sortuak ez ezik, txingurri apopiloak berak zulatutakoak izan daitezke. Etxean txingurriak izatearen onura nagusiak bi ditu landareak: babesa eta bazka.

Izerdia zurrupatzen dion zorria dela, gaitza kutsatuko dion onddoa dela, hostoak moztu eta lapurtuko dizkion beste txingurri generoren bat dela, landarea erasotzen duen edozein aurkari akabatuko dute. Kimuak moztuaz edo dena delakoa eginez, ostatu ematen dien landarearen inguruan ez dute besterik hazten utziko. Txingurriak, bizi den ganbaratxo horietako batzuetan kakak, mindak eta era guztietako hondakinak utziko ditu, landareak gogotik baliatuko dituenak...