Benetako Albeniz

Isaac Albeniz
Isaac Albeniz (1860-1909) konpositore eta piano-jole katalana. Haren jaiotzaren eta heriotzaren urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Albenizen Urtearen barruan.
Kanbo (Lapurdi), 1909ko maiatzaren 18a. Isaac Albeniz konpositore eta piano-jole katalana hil zen nefritisak jota, Iberia (1905-1909) maisulana bukatu eta hilabete gutxira. Egun  batzuk lehenago Enrique Granados adiskidea bisitan joan zitzaion, eta pianoan bien lanak jotzen aritu ziren. Hil ondoren, Albenizen alargunak Azulejos senarraren azken obra amaitzeko eskatu zion Granadosi. Eta hain ondo bete zuen eskakizuna, ezen adituentzat ere zaila baita Albenizen lana non amaitzen eta Granadosena non hasten den antzematea.

Fauré-k, Debussy-k eta Granadosek berak eskatuta, hil eta berehala Frantziako Gobernuak Ohorezko Legioaren Gurutzea eman zion Albenizi, oro har, bizirik zen bitartean, hark musikari egin zion ekarpen berritzailea merezi bezala balioetsi ez bazuten ere.
Berriki haren heriotzaren mendeurrena izan da eta berehala 150 urte beteko dira Gironan jaio zela. Horregatik Albenizen Urtea antolatu eta hainbat ekitaldi jarri dira martxan. Albenizen konposizioei merezitako balioa emateaz gain, ekimen horien bidez, bere bizitzako hainbat legenda argitu nahi izan dituzte.

Batetik, egia da Madrilgo alkate Alberto Ruiz Gallardon eta Nicolas Sarkozyren emazte ohi Cécilia Ciganer Isaac Albenizen birbilobak direla. Egia da, halaber, aitarekin oso harreman txarra izan zuela konpositoreak. Bederatzi urte zituela kontserbatorioan matrikulatu zuen, eta musika munduan gora egin zezan gehiegizko presioa egin omen zion. Aita hil zenean, “ez dugu zertan nahigabetu” idatzi zion arrebari.

Albenizek berak kontatzen zuenez, haurra zela Cadizetik Buenos Airesera itsasontzian joan zen, eta txartela pianoa jotzearen truke ordaindu ahal izan zuen. Bada, horrek ezin du egia izan, garai hartan ez baitzegoen Cadiz-Buenos Aires bidea egiten zuen ontzirik. Adituen esanetan, musikariaren espiritu erromantikoak bultzatzen zuen horrelako istorioak asmatzera, baina bere obra saltzeko modu bat ere ba omen zen. Hala ere, bere obrak modernoegiak, berritzaileegiak ziren garai hartako publiko zabalarentzat, eta Albenizek ospe handiagoa lortu zuen piano-jole moduan, sortzaile gisa baino.

Albeniz hil eta 100 urtera haren sormen lanak entzun nahi dituenak ttiki.com/7921 orrialdean ditu eskura.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude