"Literatura ez den literatura egin nahi dut"

  • Hogei urteko ibilbideak ez dira kasualitatez egiten.
Patxi Zubizarreta
Patxi ZubizarretaDani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azken urteotan literaturaren ohiko bideekin nazkatu samar agertu zara. Etorri dira urak euren onera?


Nazkatua baino gehiago, gogaitua da hitza. Editoreek idazleak zirikatu behar dituzte eta nik ez nuen inongo probokaziorik sentitzen, ez nuen sintoniarik topatzen editore jendearekin. Lehenaz gain, are neure baitarago itzuli nintzen, bakarrik, nire kezka eta obsesioekin, bidaiderik gabe. Garbi ikusi nuen eguneroko eta urteroko Durangoko zurrunbiloan itsu-itsu sartuta zeudela, baina ez daudela epe luzera pentsatzera ohituta. Ez daude proiektu desberdinak kaleratzeko prest, oso gutxi dira arriskatzeko gertu daudenak. Nik ez dut betiko liburua betiko bilduman atera nahi. Ez dut, oso ona izan arren, jendeak ahanzturaren apalean gordeko duen beste istorio bat kontatu nahi. Orduko kezkak areagotu baizik ez zaizkit egin, baina ikasi dut horiekin bizitzen, eta lasai nago. Argitaletxeekiko sintonia handiegirik gabe jarraitzen dudan arren, argi daukat idazleak bertan goxo eginda gaudela, eta beste nobela bat egiten dugula, edo beste ipuin liburu bat, proposamen berritzailerik gabe.

Maila teorikoan, Anjel Lertxundik, Harkaitz Canok edo Manu Lopez Gasenik oso planteamendu interesgarriak egin dituzte, baina praktikara eramateko orduan herren gabiltza denok ere. Badakigu bihar-etziko literatura zatikatua izango dela, genero desberdinez osatutako miszelanea bat, baina ez dugu asmatzen, ez dakigu kezka horiek bideratzen. Ez da hemengo kontua bakarrik, alta. Oraindik idazle eta editore asko XX. mendean bizi dira.

Hortik dator zure azken lanetan liburuaz gaindiko ezer eskaintzeko grina?


Hori da nire obsesioa, nire oinarri teorikoa, baina orain idazten ari naizenak berritzailea izan nahiko lukeen arren, betiko liburua izateko aukera handiak dauzka. Betiko liburua idazterakoan ordea, egin litezke proba berriak. Esaterako, Jaime Rosales zinegileak pantaila bitan banatzen du istorioa aldi berean bi ikuspegitatik kontatu ahal izateko. Zergatik ez egin gauza bera liburuekin aldiro bi orrialde baldin baditugu? Zergatik jarraitu behar dugu ordena kronologiko bat? Zergatik ez dugu idazten, Mallarmeren gisan, bi orrialdeak bakartzat hartuz? Orain gogoan dudan liburuan, zati bati bukaeratik ekin nahi nioke, hastapenetik abiatu denarekin liburuaren erdialdean topo egin dezan. Saiakera horiek oro ez dira derrigorrezkoak, baina irakurlearekiko begirunez bakarrik, apustu berriak egin behar ditugula sinetsita nago.

Aukera berritzaile horiek aldatzen dute zure sortzeko modua?


Jakina. Jeans-ak Hozkailuan nobela idatzi nuenean nahita aukeratu nuen idazten ez zekien neska idazkari bat protagonistatzat. Gogaitua nago protagonista artistekin, idazleak diren protagonistekin, konbentzituta bainago idazleok gure baitara bihurtzen garela munduko gertakariei behar bezala zabaldu gabe. Hautu horrek asko mugatzen ninduen ni, ezin nituen errekurtso literario asko garatu, idazkera telegrafiko eta motzera kondenatzen ninduen. Protagonistak etengabe errepikatzen zuen “ez dakit nola esan”, eta gainera, idatzitakoa ezabatu egiten zuen. Jende batek liburua akatsez beteta zegoela esan zidan, baina ez, neskak bere buruari zentsuratzen zizkionak agertzen ziren ezabatuta, eta irakurleak horren berri bazuenez, jolas bat sortzen zen. Protagonista jakin bat, ikuspuntu zehatz bat, idazkera konkretu bat, hautatzeak nahitaez aldatzen du sortzeko modua. Eztia eta ozpina liburuan esaterako, oso hizkera jasoa darabil protagonistak, jasoegia adin horretako gazte batentzako. Beti onartu behar zaizkio literaturari fikzioa eta gezurra, baina nik gezurraren bitartez egia eta egiantzekotasuna eman nahi ditut, eta jabetzen naiz kasu horretan, idazle hasiberri baten luzitzeko gogoa baizik ez dagoela.

Zinemagile bati entzun nion behin, zinema ez zen zinema egin nahi zuela, eta horixe da, nik literatura ez den literatura egin nahi dut. Horregatik atera ditut azken liburuak apurtuak, zikinak, zirrimarrekin, argazkiekin...


Kasualitatea da haur eta gazte literaturari oso emana dagoen idazle batengandik etortzea ahalegin horiek?


Ez dakit artistikoki proposamen interesgarrienak haur literaturan ez ote dauden. Argitaletxe txiki, eskisito zenbait proposamen oso ausart eta interesgarriak egiten ari dira. Zentzu horretan, oso tristea iruditzen zait helduen literatura. Baina haur eta gazte literaturak beti du gutxiespen ukitu bat, merezitakoa neurri batean, oraindik ere badaudelako haurra irakurle heldugabetzat hartu eta istorioak lehengo Walt Disneyren erara planteatzen dituzten idazleak. Heldu askok, ordea, haurrak izan eta seme-alabekin berriz alfabetatzen hasten direnean eskapatu zaien mundu bat deskubritzen dute haur eta gazte literaturan. Oso klasiko ederrak dauzkagu, zoragarriak, eta egun ere, oso literatura ona idazten ari da.

Ni zorionez hasi nintzen haurrentzat idazten, eta eskerrak, haurrentzako idazteak ekonomikoki bizitza salbatu dit-eta. Eskoletara joaten naiz, nire liburuak itzultzen dira, eta horrek beste ezertan ausartzeko oinarri bat ematen dit. Gutxiespen horri ez diot beldurrik, ez naizelako haur-literaturara mugatzen. Esparru desberdinak jorratzen dituzten idazleak askoz sinesgarriagoak zaizkit.


Ez al duzu sarri haurrak tontotzat hartzen diren irudipena?


Bai, baina baita helduak ere. Batere iradokitzen ez duen literaturak, den-dena kontatzen duenak, irakurleak konkistatzeko bukaera on eta ponpoxoak borobiltzen dituenak, irakurlea tontotzat hartzen du, haurra ala heldua izan. Haurrentzat idaztea ez da batere samurra. Nola idatzi sinesgarriki lehen pertsonan, hamabi urteko neskatila baten larrutik? Uneotan gazte literatura da gehien kostako litzaidakeena, hizkera, bizipen eta kezka aldetik oso urruti nagoelako eurengandik. Sarri pentsatu dut zahar gehiegi ari garela gazte literatura idazten. Literatura zure kezka eta etsipenekin bat egiten duen bide-laguna da, ez erraz salduko den ondo idatzitako liburu bat.


Horregatik eskaintzen zaizkie haurrei gai mugatuko liburu politikoki zuzenak?


Oso gai gogorrak lantzen dituzten liburu bikainak daude haur-literaturan, baina interesik ez duen irakasleak nekez izango du euren berri. Gurasoen babeskeria ere geroz eta handiagoa da, eta irakasle asko ez dira ausartzen gidoitik irtetera, ez dutelako kexurik nahi, ez dutelako arazorik gura. Sinetsita nago literaturak alderdi etiko batzuk lantzeko balio dezakeela, ez baitezpada jarraitu beharreko ikuspegiak, idazleak ere askatasun osoa duelako bere jarrera eta pentsaerarekin bat egiten ez duten pertsonaiak eraiki eta erabiltzeko. Sarri pentsatzen dut oinarrizkoa den fantasia eta irudimenezko ahots hori ito egiten dugula eskolan. Oso gai delikatu eta konplikatua da. Zappingaren haurrak dira gureak, eta errealitatea elkarrekin lotuta ez dauden flashen bidez jasotzen dute, ezer ulertu gabe aurrera egiten ohitzeraino.


Eta zuk, hori dena jakinda, Pikolo argitaratzen duzu...


Eskolaz eskolako ibilbidean egokitu izan zait pikoloak ezagutzea. Nire haurtzaroan ere, kuartela jaiotetxetik gertu zegoelako, ikusi ditugu atentatuak, manifestazioak, barrikadak, eta zoritxarrez, herri honen kalterako, errealitate hori gehiegi luzatu da. Azken su-etenean, halakorik ez nuela idatzi beharko pentsatu nuen, baina tregua eten zen, eta Legutioko atentatua gertatu zen. Sarri-sarri pasatzen naiz Legutiotik, haurrekin batzuetan, eta jakina, haurrek galdetu egiten dute. Nire inguruko haur batzuk terroristetara jostatzen dira, ETA-koetara beste batzuk, eta hori ikustean heldu zenbait eskandalizatzen diren arren, halaxe da, hori da haurrek jasotzen dutena. Shin Chan bukatzean hasten da Teleberria eta atentatu baten berri edo Palestinako haur bat tanke bati besarkatuta ikusten dute. Ez dute ulertzen, ohitu dira ez ulertzera, baina galdetu egiten dute. Carmen Martin Gaitek zioen “erantzunik ez daukazunean, kontatu ipuin bat”, eta hori izan zen nire beharra, behar fisikoa. Nik askoz hurbilago bizi dut presoen errealitatea, baina iruditzen zait, alde horrek jaso duela bestelako babes bat, babes literario bat. Horregatik, distantziakidetasunik gorde gabe, istorio bat kontatu nahi izan dut, bakoitzak atera ditzan bere ondorioak.

Idazle askok Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatuz atera zituen bere ondorioak. Zuk urte polemiko hartan irabazi zenuen saria.


Zorionez ez ninduen gehiegi zipriztindu. Ordurako ito samar nengoen idazleen mundu endogamikoaz. Aingeru Epaltzak zioen gisan, onberegiak gara euskal kulturan, publikoki ez dago kritika gogorrik, inork ez du inor larrutzen. Sariak poz handia eman zidan maila pertsonalean, maila ekonomikoan ere bai, eta literaturara erabat emana hogei urte pasa eta gero, kontziente naiz inkontzienteki hartutako erabakiaz. Badakit sariak erlatibizatu behar direla, batzuk irabazi baditut ere, askoz gehiago baitira aurkeztu eta saritu gabe geratu zaizkidanak. Eta gogorra da. Oso. Batzuetan, behar ekonomikoa edukita sari batera aurkeztu eta ezer ez, beste batera saiatu eta esku hutsik. Jendeak hori ez daki, sariaren irudi mediatikoa dauka gogoan, baina errealitatea bestelakoa da. Horregatik egiten dut barre euskal idazleoi oso babestu eta lagunduak izatea leporatzen digutenean. Gehiegi erreparatu zitzaion polemika hari, baina uste dut gure benetako arazoa Euskal Idazleen Elkartean gertatutakoa izan zela. Oso garai kritikoak bizi ditugu, baina era berean aukeraz beteak, eta ez dakit aukera horiek baliatzen ari garen.

Ahalegin hori, hurbilen ditugun kulturetara hurbiltzen garena baino askoz gehiago hurbiltzean datza?


Bai, dudarik gabe. Idazleen mundua ez ezik euskal kulturgintza oso endogamikoa da oro har. Gasteizko alde zaharrera joatea baino ez dago kultura arabiarrarekin topo egiteko, baina badugu interesik kultura hori ezagutzeko? Amerikako Estatu Batuetako edizioaren %3a baizik ez da itzulpena, baina endogamia gaitz orokorra izateak ez gaitu salbatuko. Ni Zapateroren aholkularia banintz, eta benetako Espainia federal batean sinetsiko banu, medioetan askoz presentzia handiagoa edukiko lukete kultura katalan, gailego eta euskaldunak. Oso Espainia zentralista daukate gogoan, eta horrek nahitaez, zipriztindu egiten gaitu. Inork ez du inor ezagutzen, eta euskaldunok ere ez. Esango nuke katalanek hobeto zaindu gaituztela guk haiek baino. Baina ez dago kanpora atera beharrik. Egungo Gasteizek ez dauka zerikusirik orain 25 urte hartu gintuenarekin. Bere txikian euskara asko entzuten da, bereziki parkeetan, eta seinale ona da hori, baina ahalegin linguistiko eta kulturala ez dugu politikoki bideratzen asmatu. Ordiziara joan eta seinaleetan Vitoria ezabatuta ikusten dudanean, barre egiten dut, orain ere detaileari baizik ez diogula erreparatzen iruditzen zait. Uste dut oso aberasgarria dela, besterik ezean, paisaiaz aldatzea, mahastiak eta garia ikustea, baina gure belaunaldia Zazpiak Batetik 4x4ra pasa da, eta... Egia esan, herri honek periferiarekiko duen jarrera ez zait gehiegi inporta, ez noa hortik, herri hau txikia da, eta ia-ia toki berean ari gara denok.
OFF THE RECORD - The Man in the Moon
Idazle jendea lunatiko samarra dela dio estereotipoak. Ez dira gutxi beti ilargian daudela diotenak. Ez dut sekula halakorik sinetsi, baina zitatzen hasi, eta The Man in the Moon tabernan zitatu gintuen Patxik. Iskina batean topatu genuen bere koaderno, idazluma eta liburuekin. Bertan egiten omen du lan. Patuak egiak esaten jarraitzen ote du?
Nortasun agiria
1964ko urtarrilaren 25ean jaio zen Gasteizen bizi den ordiziar hau. Euskal Herriko Unibertsitatean euskal filologian lizentziatua, itzultzaile eta idazle oparoa da. Bere lan ezagunenen artean daude helduentzat idatzitako Jeans-ak Hozkailuan, Barrikadak edo Mundua lo dagoen bitartean, eta haur eta gazteentzako, Eztia eta ozpina, Pikolo edo Pantaleon badoa. Azken horrengatik jaso zuen Euskadi Saria 2006an.

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude