'Bi mutiko meloi eta mahats jaten' margolana (c. 1650) Municheko Alte Pinakothek-etik ekarri dute erakusketara.
Murilloren (Sevilla, 1617-1682) gaztaroko 50 obra inguru bildu ditu Bilboko Arte Eder Museoak, urriaren 19an hasi zen eta datorren urteko urtarrilaren 17ra arte iraungo duen erakusketan.
Garai hura funtsezkoa izan zen margolariaren karreran. 1640 inguruan, Murillok bere lehenengo arrakasta izan zuen, eta goranzko karrerari ekin zion. Hasierako garai hartan tenebrismoan eta naturalismoan oinarritutako obrak egin zituen, eta aurreko belaunaldiko maisuen, hala nola Zurbaran eta Riberaren eragina agerian utzi zuen, batez ere argien kontrasteetan eta materiaren tratamenduan.