ARGIA.eus

2020ko abenduaren 06a

Zer munduren gerra?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2009ko urriaren 18a
Orson Welles
Orson Welles
AEB, 1938ko urriaren 30a.  Milioika estatubatuar Chase and Sanborn Hour NBCko irratsaio arrakastatsua entzuten ari ziren. Saioa hasi eta hamabost minutura etenaldia egin zuten, eta entzule askok dialari eragitea erabaki zuten. Horietako batzuek CBS katea aukeratu zuten eta une horretan albistegi harrigarria entzutea egokitu zitzaien: estralurtarrak New Jerseyko parke batean lurreratu berri ziren.

Berez, albistegia fikziozkoa zen, ordubeteko irratsaioaren zati bat baino ez. Mercury Theatre on the Air saioan H.G. Wells-en The War of the Worlds nobelan oinarritutako irrati-nobela ematen ari ziren, Orson Welles zuzendari eta esatari zela. Wellesek, nobela moldatzean, albistegi forma ematea erabaki zuen. Besterik ez.

Baina irratsaioaren hasiera entzun ez zuten askok egiatzat jo zituzten esandakoak, ziur aski Wellesen proposamena oso berritzailea eta ezustekoa zelako garai hartako irratian, eta milioika pertsona izuak hartu zituen. Hori esan zuten, behintzat, urriaren 31ko egunkarietako titularrek. Gaur artean frogatu gabeko datuen arabera, sei milioi lagunek entzun zuten gau hartan CBSko saioa, horietatik 1,7 milioik egia zela pentsatu zuten, eta 1,2 milioi “benetan izutu” omen ziren –garai hartan NBC kateak 30 milioi entzule zituen batez beste–. Hurrengo hilabetean, AEBetako prentsan 12.500 artikulu argitaratu ziren gaiari buruz. Eta Adolf Hitlerrek berak gertakaria hitzaldi batean aipatu zuen, demokraziaren gainbeheraren eta ustelkeriaren froga gisa.

Gertaera gerora aztertu duten hainbat historialarik, ordea, bestelako gerra ikusi dute Munduen gerraren atzean: komunikabideen arteko gerra. Robert E. Bartholomew-ren ustez, herrialde guztian herritar gutxi batzuek baino ez zuten jokatu egunkariek deskribatutako histeriaz. Gerora frogatu ahal izan da polizia komisaldegietan ohikoa baino dei gehiago jaso zituztela irratiak esandakoa egia ote zen galdetzeko. Baina badirudi izua horretara mugatu zela.

Irratia euskarri berria zen, eta idatzizko prentsarentzat mehatxu larria zirudien, entzule kopurua egunetik egunera hazten ari zela kontuan hartuta. Hortaz, egunkariek konpetentziari eraso egiteko aukera baliatu zuten, eta anekdota puztu.
Baina Orson Wellesi behintzat ez zioten kalterik egin. Bere ospea izugarri hazi zen, Hollywoodetik eskaintza ugari jaso zituen eta, hiru urte geroago, prentsaren handiki baten istorioa kontatu zuen Citizen Kane maisu lanean.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak





ASTEKARIA
2009ko urriaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude