«Gaur egungo umeen fantasia-leku naturala ez da ipuina»

  • Idazlearen biografia: bazen behin eta sar dadila kalabazan.

    Zure haurtzaroan zein leku zuen ipuinak?


    Irakurritako ipuinak oso txikia, umetan irakurritako ipuinik ez dut akorduan. Egia da etxean amak ipuinak kontatzen zizkidala, Peru eta Mariren pertsonaiekin gogoratzen naiz. Baina ez nintzen liburu artean hazi.
Joxan Ormazabal
Joxan OrmazabalDani Blanco

Zure haurtzaroan zein leku zuen ipuinak?


Irakurritako ipuinak oso txikia, umetan irakurritako ipuinik ez dut akorduan. Egia da etxean amak ipuinak kontatzen zizkidala, Peru eta Mariren pertsonaiekin gogoratzen naiz. Baina ez nintzen liburu artean hazi.


Zeintzuk ziren fantasiarako zure ateak?


Neurez nahiko fantasiosoa nintzela uste dut. Irudimenarekin oso urrutira joaten nintzen. Mendi zoko batean dagoen baserri batean jaio nintzen: etxetik irten eta mendia baino ez zen ikusten alde guztietan. Eta beti pentsatzen nuen: “Zer ote dago hor beste aldean?”. Agian, orduan piztuko zitzaidan fantasia. Gogoratzen naiz goi haietara lehen aldiz joan nintzenean mundua ireki zitzaidala. Aitak esaten zidan: “Hura Zerain dek! Hura Gabiri!...”. Orduan ireki nintzen mundura. Gainerakoan, ez dago ni txikitan fantasiosoa izateko motibo berezirik.


Seminarioak eman zizun motiborik?


Saturrarango seminarioan niretzat oso inportantea den gauza bat ezagutu nuen: itsasoa. Ordura arte itsasoarekin kontakturik ez neukan. Donostian hamar-hamaika urterekin osaba-izeben etxean igaro nuen ikasturte hartan ere egia da itsasoa han zegoela, baina Duque de Mandas kalean bizi nintzen, eta handik itsasorik ez nuen ikusten, itsasoaren hotsik ere ez nuen entzuten. Saturraran izugarria izan zen: itsasoa ikusi, haren ondoan egon, bainatu, ohean sartu eta olatuak gora eta behera sentitu... Zirrara eragiten zidan, eta izugarri pentsatzen nuen gauza bati buruz: nola itsasoa ez zen inoiz gelditzen. Pentsatzen nuen “ni joango nauk orain etxera, oporretan, baina itzultzean berriz martxan egongo duk”. Nik alde egitean itsasoak gelditu egin behar zuela iruditzen zitzaidan. Gero azaldu zizkiguten mareak eta ilargiaren eragina. Baina, hala ere, niri beti misterio bat iruditu izan zait itsasoa.


Inoiz izan al zenuen apaizteko asmorik?


Jakina baietz. Apaiz egin eta misiotara joan, jendeari on egin, arimak salbatu... Hori dena serio hartzen genuen guk! Baina gure garaian, sartu bezala, trumilka ateratzen ginen seminariotik. Irten, munduan esperientziak izan... Eta gero ia inor ez ginen berriro bueltatu.

Zu 50eko hamarkadan izan zinen haurra. Gaur egungo haurrek irudimenerako joera bera mantentzen dute?


Asko ibiltzen naiz eskolaz eskola, eta esan dezaket umeek ondo pasatzen dutela ipuinekin. Baina etxean eta kalean beste mundu bat bizi dute, irudiaren mundua: telebista, bideo-jokoak, ordenagailua... Denborarik ere ez dute irudimenera jotzeko. Eskoletan fantasia mundu klasikoa eskaintzen zaie haurrei. Betiko ipuinek zerbaitengatik funtzionatzen dute, baina fantasiazko mundu hori baino gehiago interesatzen zaie beraien etxeetako geletan ordenagailuan aurki dezaketena. Gaur egungo umeen fantasia leku naturala ez da ipuina. Fantasia klasikoa oraindik eskaintzen da, baina indar handiagoa duten esparruak daude, batez ere, telebista eta Internet. Eta horiek asko eragiten dute fantasiaren munduan.


Murriztu egiten dute?


Oraingo haurrak 12 urterako parrandan hasten dira. Adibide txikia baino ez da, baina beste gauza guztietan ere aurrerago doaz: lehenago uzten zaio haur izateari. Ereduetan, erreferenteetan, dago gakoa. Gaur egun nondik datoz ereduak? Elizatik ez, gure garaian zetozen bezala. Non daude ereduak? Eskolan? Bai. Etxean? Baita ere. Baina asko eta asko telebistatik eta Internetetik etortzen dira. Kantuetatik ere bai... Gaur, 12 urteko haur bati lotsa ematen dio Maritxu nora zoaz abesteak, gaurko kantuak rocka, punka, rapa dira. Oso gaztetan hasten dira estilo jakin bateko musika entzuten, eta musika horrek berekin darama mezua, izaera jakin bat. Ereduak horiek dira gaurko umeentzat.


Baina zuk haurrentzat idazten duzu!


Bai, eta argi dut irakasle izan ez banintz ez nukeela ipuinik idatziko. Zarauzko ikastolan mundu bat deskubritu nuen. Konturatu nintzen haurrei ikaragarri gustatzen zitzaiela ipuinak entzutea. Liluratuta gelditzen zirela edozein istoriorekin. Eta orduan hasi nintzen probak egiten. Ipuin asko idazten nituen hurrengo egunean gelan irakurtzeko, erreproduzitu eta banatzeko...


Hasieran ipuinak inprobisatu egiten zenituen, ezta?


Bai, asmatu egiten nituen. Irakasle hasi nintzen aurreneko urtean arazoak izan nituen haurrekin. Denak builaka aritzen ziren eta ezin nituen kontrolatu. Pentsatzen nuen “nolabait menperatu behar ditut ume hauek”, baina ez nuen asmatzen. Gogorra izan zen. Baina, behin esan nien, txintxo egonez gero eskolaren amaieran ipuin bat kontatuko niela. Eta nire harridurarako isildu egin ziren. Hamar minutu eskas izan nituen ipuin bat pentsatzeko. Bat-batean, ume batek esan zidan: “Hamar minutu falta dira jolasaldirako, kontatu ipuina!”, eta kontatu nien. Ez zen ona izango, baina ipuin bat kontatu nien. Eta inpresionatu egin ninduen haurrengan izan zuen eraginak. Zur eta lur utzi ninduen isiltasun hark, arreta hark. Umeak mantsotzeko ahalmen hark. Hori izan zen nire aurkikuntza, eta geroztik beti idatzi izan dut.

Zer erakutsi dizu ikastetxetik ikastetxerako ibiliak?


Haurrek magnifikatu egiten dute idazlearen figura. Hori desmitifikatu egin behar litzateke. Gehiegi goratzen da idazlea, bere izen abizenekin eta obrarekin. Askotan esaten didate: “A, zu al zara Joxan Ormazabal? Nik uste nuen beste era batekoa zinela... Nik uste nuen gazteagoa zinela... Nik uste nuen ez zenuela bizarrik”. Tira, hori ere fantasia da. Umeek, normalean, antzeko galderak egiten dituzte: “Zenbat denbora behar duzu liburu bat idazteko? Zenbat liburu idatzi dituzu?”. Dena da zenbat, zenbat, zenbat. Galdera topiko xamarrak egiten dituzte gehienean, baina tarteka ateratzen dira perlak. Ikastetxe guztiak ez dira berdinak, eta nik, badaezpada beti eramaten ditut ipuinak, igarkizunak, poemak, txisteak... Galderarik ez badago eta katxondeo giroa sortzen bada, bi aukera daude: edo haserretu eta alde egin, edo haurrek une gustagarri bat pasa dezaten ahalegindu. Horretan saiatzen naiz ni. Eta oso polita da haur txikiak etortzen zaizkizunean “nik idatzi egiten dut” esanez. Eta poema bat igual ekartzen dizute, edo ipuintxo bat... Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak ere asko kezkatzen ditu. Ipuin bat asko gustatzen bazaie, pertsonaia bat barrura sartzen bazaie, egia izatea nahi dute. Neuk asmatua dela esanez gero desengainua sentitzen dute.

Ipuina ahoz aho transmititu den literatur generoa da. Hori galdu da ia?


Gero eta denbora gutxiago daukagu denok, bai kontatzeko bai entzuteko. Ez dakit gauetan zer gertatzen den etxeetan ume txikiak oheratzen dituztenean. Beharbada hori izango da momenturik posibleena gurasoek haurrei ipuinak kontatzeko. Oraindik kontatzen al dizkiete? Ez dakit. Nik kontatzen nien neureei txikiak zirenean eta oso esperientzia ona daukat, oso-oso ona. Gu, umetan, gauero egoten ginen beheko suaren inguruan, eta han beti izaten zen ipuinak edo kontuak aditzeko tartea: familiakoak, ingurukoak, gertatutakoak... Behin zahar bati galdetu nion: “Zuek ez al zineten aspertzen telebistarik ez zen garaian? Zer egiten zenuten afalondoan? Guk? Suari begira egon”, erantzun zidan. Baina hori ahaztu! Hori bukatu zen. Orain bada fenomeno berri bat: ipuin kontalariena. Transmisiorako bide bat da, gutxienez. Ez da transmisio natural-naturala ere agian, eta gauzak galtzen dira bidean, baina lehengoa ez da posible, eta, posible ez bada, zertan abiatuko gara ezinezkoaren atzetik?


Zer da fantasia zuretzat?


Fantasia lagun ona da. Txarra ere izan liteke. Bere esparrua behar du fantasiak, eta ez adin muga baten barruan bakarrik. Hezkuntzan, txikitan dena da fantasia; baina haurrak adin batera iristen direnean iturri hori erabat ixten zaie, eta orduan hasten dira “gauza serioak”: azterketak, notak... Fantasia, poesia, esna amets egitea... niretzat gauza bera da, bizitzan laguntzen duen zerbait, pertsona guztiok behar duguna, eta ez umetan bakarrik. Ez dut uste egokia denik umetan fantasiatik neurri gabe elikatzea eta handitan erabat kentzea. Fantasia imajinatzea da, amets egitea. Fantasiaren mundua elikatu egin behar da, elikatu barrutik, ze hor egosten da fantasia, gure barruan.


Kulturatik kulturara, asko aldatzen dira ipuinak?


Gehiago dute berdinetik desberdinetik baino. Estruktura eta mezu aldetik ipuinak antzekoak dira leku guztietan. Gaur egun politikoki zuzenak diren mezuak daude modan: emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gogorkeriaren kontrako mezuak... Baina hori ere dosifikatu egin behar da, mezu horiek disimuluan eman behar dira, elegantziarekin, ze, batzuetan, ipuinak baino, manifestuak dirudite. Lehen, mezuak emateko beldurraren teknika erabiltzen zen, umea beldurtu egiten zen jokabide batzuk eragiteko. Hala zen Sacamantecasen ipuinetan-eta. Gaur egun beldurra ez da heziketarako modu ontzat hartzen, are gehiago, beldurraren kontrako ipuin asko daude. Beldurra kentzeko ipuinak daude. Lotsa kentzeko ipuinak daude. Konplexuak kentzeko ipuinak daude. Badago liburu bat Lotara joan aurreko ipuinak izenekoa. Egileak espezialistak dira: pedagogoa bat, psikiatra bestea... eta ipuinak idatzi dituzte, ipuin gidatuak. “Zure umea oso urduria dela? Irakurriozu ipuin hau eta lasaituko da”. Ipuin horiek umearen arazo jakinetara daude zuzenduta. Eta hori asko saltzen da, jendeak hori nahi du. Nahiz eta jakin milagrorik ezin dela egin. Gizartearen isla da, edozerentzako soluzioa nahi dugu, eta berehala. Baina nik, ipuin bat irakurtzean, ez dut eman nahi duen mezuan pentsatzen. Gustatzen zait? Ez zait gustatzen? Hori galdetzen diot nire buruari. Nik, egia esan, nahiago dut mezuetatik urrundu, mezuak kontzienteki emateko ariketa horretatik behintzat. Nik ez dut mezuak emateko idazten.


Heriotzari buruz idatzi izan duzu, adibidez. Nola kontatzen zaio heriotza haur bati?


Amona bizikletan liburuan heriotza azaltzen da, baina oso modu arin eta umoretsuan. Egia esan, nire asmoa ez zen heriotza planteatzea, nik amona planteatu nahi nuen. Normaletik kanpo zegoen amona bat aurkeztu nahi nuen nik. Bizikletan ibiltzen zen amona ausart bati buruzko ipuina idaztea bururatu zitzaidan. Baina gero pentsatu nuen “eta amonak zergatik hartzen du bizikleta?”, eta erabaki nuen aitonak deitzen ziolako hartzen zuela. Aitona hilda zegoela eta azaldu egiten zitzaiola hil eta gero, uraren gainean ibiltzen zela fantasma bat bezala... Heriotza azaltzen da, baina ez zen nire asmoa.

Osasuntsu dago euskarazko haur literatura?


Lehen, itzulpenarekiko orain baino askoz ere morroiago ginen. Aldaketa handiena bertako produkzioaren ugaritzea izan da, baina egia da urte askotan sentitu dudala beti betikoak ari ginela haur literaturaren munduan: Anjel Lertxundi, Atxaga, Txiliku, Mariasun Landa, Xabier Mendiguren, ni... Gero Patxi Zubizarreta iritsi zen, gazteagoa, eta oso interesgarria izan zen hura azaltzea, gainera ia erabat horretara dedikatzen dena. Oso positiboa. Baina kezka izan dut behar hainbateko segida ez ote datorren, ikusten dira batzuk, baina erreleboa behar da. Pentsa daiteke gaur egun 20 urte inguru dituzten gazteek ondo hornituta behar dutela euskara, literatura eta prestakuntza aldetik. Lehen begiratuan ematen du errazagoa behar duela orain idazle izateak, baina badaude kontrako faktoreak, eta esango nuke orain lehen baino zailagoa dela idazle izatea. Horregatik, ez nago ziur idazleen erreleboa ondo ematen ari den. Guk erretiratzen joan behar dugu, guk modaz pasa behar dugu eta etorri behar dute beste batzuek modan jarriko direnak; hori da legea.

Irakurle gisa, zein izan da zure eboluzioa?


Ni bastante garaiz irakurzaletu nintzen, Saturraranen. Niretzat oso inportantea izan den pertsona bat ezagutu nuen han: Juan Mari Lekuona. Hark ireki zidan euskal mundurako eta literaturarako atea: poemak-eta haren bidez deskubritu nituen. Eta Saturraranen literatura ematen onak ziren. Gazteleraz irakurtzen genuen. Eta gero 19-20 urte neuzkala euskal literatura hauspotzen hasi zen, hasi ziren idazleak martxan, eta beti izan dut zaletasuna. Gerora, Elkarreko editore lanaren ondorioz asko irakurri behar izan dut. Gogoz kontra ere bai, baina, orain, lanera joaten ez naizen honetan aurkitu diot benetako gozamena irakurketari. Askatasunetik. Ez daukat dena irakurtzeko obsesiorik, etxean dauzkadan liburuetatik tiraka ari naiz, eta irakurzaletasuna areagotzen ari zait lasaitasunaren baitan. Inongo obligaziorik gabe. Umeei zera esaten diedanean asko harritzen dira: “Zuek orain ikasketak egingo dituzue, maiteminduko zarete, ezkonduko zarete edo ez, baina zahartuko zarete, seguru asko zahartuko zarete, eta zahartzen zaretenean beharbada moteldu ere bai pixka bat, eta zahar asko aspertu egiten dira, eta telebistari begira jartzen dira eta marmarka aritzen dira beti gauza bera ematen dutela-eta...”. Eta haiek ere baietz esaten dute, zaharrak aspertuta ikusten dituztela. Eta esaten diet: “Orduan badakizue ze gozamena izango den besaulki batean eseri eta irakurtzea? Zoragarria izango da!”. Aho bete hortz geratzen zaizkit. Normala. Baina niri ari zait iristen adin hori, eta osasunak laguntzen ez badit liburuek lagunduko didate.

Beti haurtzarora begira egon ondoren, zahartzaroak kezkatzen zaitu?


Ezetz nola esango dut, ba. Ilusioarekin ikusten dut. Kezka bai, baina badaukat esaldi bat neuk asmatutakoa; ez dut inon idatzi baina nire fantasia mundu horretan sortutako esaera da: Zahartu egin nahi dut gazte sentitzeko. Beldurrak beti daude: osasun aldetik, familia, umorea galtzea, sufrimendua. Neure zahartzaroak, bestela, ez nau gehiegi kezkatzen. Nik, orain nagoen mahai honetan, onartuta daukat, oso ondo onartuta, hemendik alde egin behar dela, bere garaia ezkero erretiratu egin behar dela. Garaia iristen denean, gutxi gelditzen zaizula ohartzean, ez dakit zer izango den. Niri ere hasi zaizkit ajeak azaltzen. Mina hemen, molestia han... Hasi naiz hori dena sentitzen, baina imajinaziotan, nik uste!


Idazlea erretiratzen al da inoiz?


Ez. Idazten dut. Gutxi xamar ari naiz produzitzen, baina beti daukat buruan kateatzen zaidan zerbait: argumentu bat, pertsonaia bat... Lehengoan, adibidez, esaldi bat etorri zitzaidan gogora: “Zer nahi duzue kontatzea? Nik entzun dudan zerbait ala nik ikusi dudan zerbait?”, dio ipuin-kontalariak. Eta umeren batek erantzun: “Zergatik ez duzu kontatzen zuk sekula entzun eta ikusi ez duzun zerbait?”. Hori idatzita daukat, orain pentsatu behar dut ze gauza izan daitekeen ipuin kontalari horrek sekula ikusi eta entzun ez duena. Hori nahikoa dut egun batzuk entretenituta pasatzeko.


Off the record, kontatuko ipuin bat? (Barkatu kapritxoa).


Orain dela gutxi nire ezagun bat hil da Zegaman; Xebas zuen izena eta oso gizon alaia zen eta kantaria, baita gaixotasun larri batek harrapatu zuen garaian ere. Hura hil eta ondorengo egunetan ipuin hauxe bururatu zitzaidan. Eta berari eskaintzen diot.
Nortasun agiria
Joxan Ormazabal Zegaman jaio zen 1948ko uztailaren 21ean. 12 urterekin Saturrarango seminarioan sartu zen, eta Donostiakoan gero. Zarauzko ikastolan eta Beasaingo Alkartasuna lizeoan aritu zen irakasle. Astoa ikusi nuen idatzi zuen. 1981ean Elkar argitaletxean hasi zen lanean Haur Literaturaren alorrean. Liburu asko idatzia, gehiago itzulia eta are gehiago editatua. Joan zen udaberrian hartu zuen erretiroa editore lanetik. Buruak ez dio idazle lanetik erretiratzen uzten.
Off the record
«Xebas zuen izena. Gizon alaia, kantu zalea, lagunartea gustatzen zitzaiona. Zenbat jolas ez ote zuen egin haurrekin bera bizi zen auzoko lorezain izan zen garaian! Uraren mangerarekin busti-busti eginda bidali ohi zituen askotan haurrak etxera.

Kontua da, artean oso zaharra ez zela, minbiziak harrapatu zuela Xebas. Asko sufriarazi zion gaixotasunak. Baina, hala ere, umoretsu azaltzen zen beti, eta askotan kantari. Erosketak egitera joaten zen dendan izugarrizko kantu saioak egiten zituen gaixotu eta gero ere. Jende guztia harriturik uzten zuen Xebasen umoreak eta kantagureak.

Baina halako batean, heldu zitzaion mundu honetatik joateko garaia. Hil baino pixka bat lehenago lasai bizitzeko esan zien etxekoei, bera ere lasai zihoala mundu honetatik-eta.

Dena dela, haren lagun batek ezin zuen sinetsi Xebas hil zenik. Iruditzen zitzaion kantari egon behar zuela zegoen lekuan. Eta hilerrira joan zen goiz batean. Aurkitu zuen Xebasen hilobia, eta ezkerreko belarria jarri zuen han, marmolari erantsi-erantsi eginda. Eta hantxe adi-adi zegoela, eskuineko belarritik abesti baten doinua entzun zuen: Bautista Basterretxe

Xebasen hilobitik oso hurbil, altzifre-arbola baten puntan, txori bat ari zen Bautista Basterretxe txirulika abesten».

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude