argia.eus
INPRIMATU
Irakurleak galdezka: Ukenduak
Jakoba Errekondo 2009ko irailaren 23a

Aupa Jakoba. Aurrean dut duela gutxi ilenaz idatzi zenuen artikulua. Duda bat sortu zait horretaz: ukenduak egiten direla diozu... Nola egiten dira, ez ilenenak bakarrik, baina, oro har, ukenduak? [Pablo Sastre Forest. Donostia].
Kaixo, Pablo. Ukenduak egiteko era errazena eta zabalduena da hau, batez ere belarrak eta landareen zati bigunak erabiltzen direnekoa. Belarrak, olioa eta argizaria dira osagaiak. Belarrak sendagaiak ditu, olioak sendagai horiek hartzen ditu eta argizariak gorputza ematen dio ukenduari.
Litro bat oliba olio, 125 gramo argizari eta belarrak, berdetan 300 gramo inguru eta lehorrak 60 gramo. Belarrak kazola batean jarri eta olioz estali. Olioa ahal den irakin apalenean hiru bat orduz eduki (belarrekin batera sustraiak edo azalak izanez gero zortzi ordura arte eduki daiteke). Ondoren iragazi eta olioari argizaria erantsi eta bertan urtu. Ondo nahastu, berriro iragazi eta potoetara. Hoztu ahala loditu, gogortu eta erabilitako landare nahasketaren araberako kolorea hartuko du.