Imanol Galfarsoro

"Independentzia prozesuak eratzen du independentziaren subjektua"

  • Slavoj Zizek (en/es/fr) pentsalariaren ideiak baliatuz, Imanol Galfarsororen (Aretxabaleta, 1960) Subordinazioaren kontra (Pamiela) saiakerak kritika zorrotza egiten die Bernardo Atxagak eta Joseba Zulaikak Euskal Herriko egoera politikoaz egindako hainbat irakurketari. Kultur-aniztasun militantearen aldekoa, liburuan independentzia politikoaren garrantzia azpimarratu du, euskaldun etniko izateari uzteko bide gisa.
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2009ko irailaren 27a
Imanol Galfarsoro
Imanol GalfarsoroDonna Lucy

Diskurtso multikulturalistaren uholde betean, liburu honek presa lana egin nahi duela dirudi.


Ez nuke esango Subordinazioaren Kontra kontentzio dikea izateko bokazioarekin idatzi nuenik. Liburutxo hori kokatzen da azken bizpahiru hamarkadetan isil-misilean landu den testuinguru intelektual berri batean, orain loratzen ari dena. Berriro ere, borrokaren, hegemoniaren eta antagonismoaren hizkuntza kritikoa lau haizetara barreiatzen ari da.


Bestelako diskurtso politikoa, beraz.


Gaur egun diskurtso multikulturalista ofizialak diferentziaren administrazioa dakar, desberdintasunaren kudeaketa aditua. Horregatik dira egokiak, gaur egun, bizi-tankera berezien –etnikoak, sexualak...– aldeko identitate-fragmentazio eta proliferazioaren politika postmodernoak. Horregatik kabitzen da diskurtso hori egungo erregimen global, liberal-demokratiko, kapitalista eta post-politikoan; politikarik gabeko politikan oinarrituriko gizarte ondo kudeatuaren nozioan laburtzen da. Slavoj Zizeki jarraituz, politikaren kulturalizazioan oinarritzen da.

Zizekek Violence (2008) liburuan ezartzen duen bezala, kontua zera litzateke: “Gaur egungo hainbeste arazo, zergatik sumatzen dira intolerantzia arazoak balira bezala, eta ez esplotazio edo bidegabekeria gisa? Zergatik da proposatzen den erremedioa tolerantzia eta ez emantzipazioa; borroka politikoa, edo baita borroka armatua ere? Berehalako erantzuna kultur-aniztasun liberalaren oinarriko operazio ideologikoan dago: politikaren kulturalizazioa. Ezberdintasun politikoak –desberdintasun politikoek edo esplotazio ekonomikoek kondizionatzen dituzten desberdintasunak– naturalizatu eta neutralizatu egiten dira, eta toleratu behar diren diferentzia ‘kultural’-tzat antzematen”.

Baina diferentzia kulturalak izan, badira… Baztertu egin beharko genituzke eztabaida publikotik?


Nire kritika ez da multikulturalismoaren kontra oro har. Esan nahi dut garai batean bazegoela, eta oraindik ere badago, halako kultur-aniztasun militantea, diferentzia kulturala politizatu eta unibertsalizatzen saiatzen dena. Zentzu honetan, beste liburu batean [Kultura eta identitate erbesteratuak. Nomadologia subalternoak, Pamiela 2005] sumatzera eman nuen jada, norberaren identitate kultural eta sozialak –jenerozkoak, sexualak, klasea...– harreman aberats eta problematikoetan lardaskatuta daudela hainbat mugimendu sozialen borrokekin batera –ekologismoa, feminismoa...–.

Euskal Herrian, esaterako, askapen mugimenduak gai eta jarrera horiek guziak oso berezkotzat bizi izan ditu azken hiruzpalau hamarkadetan, eta oraindik ere ditu bizitzen. Ondorioz, gaur egungo zenbait diseinuzko ezkertzale aurrerakoi bakedunei zera bota behar zaie aurpegira; bat: pluraltasuna, mestizajea, errespetua eta halakoak hitz fetitxe bihurtzeaz gain, guztiz zaudete harrapatuta multikulturalismo neo-liberal post-politikoaren eremu humanista akritikoan; eta bi: gu geuk, aldiz, mestizajearen eta heterogeneitatearen gaiak, esate baterako, edota unibertsaltasuna eta partikulartasunaren arteko harremanari buruzkoa, aspalditik ditugu jorratzen, eztabaidatzen, borrokatzen… Gure bigarren “natura” osatzen dute.

Liburuan zera diozu: “Batailatxo ideologikoren bat edo beste irabazteak ez dakar berez politikoki gauza bera gertatzen denik (…) marra batetik harago (gu) entretenitzeko iskilu bilaka daitezke”.


Hegemonia politiko eta sozial berri baten aldeko borrokan, askapen mugimendua oinarritzen da uka ezin daitekeen borondate kolektibo batean. Jakina da, halaber, marra edo muga zehatz bat eratzen dugula bi talde antagoniko nagusi identifikatuz. Askapen mugimenduak bultzatzen duen identitate herritarra, gizartearen zatiketa dikotomiko konkretu baten bitartez sendotzen da, bi eremu guztiz eta zeharo laburtezin eta inkonpatible izendatuz.

Askatasunaren aldeko diskurtso politiko oso bat oinarritzea etsaiarekiko bereizketa zehatz horretan, aldebatekoia dela esan liteke; baina gatazka politikoa ez da batere balizkoa: benetako indar zapaltzaile eta indar askatzaileen arteko borroka hegemoniko zehatz batean dago antolatua.

Gatazka hor egonda, ordea, bestelako errealitateak ere badaude…


Gertatu izan dena zera da: azken hiruzpalau hamarkadetan diferentzia partikular batek –borroka nazionalak, alegia–, bera baino gehiago den osotasunaren ordezkaritza asumitu izan duela, kondentsazio prozesu baten bidez. Figura erretorikoa, hemen, sinekdokea izan da. Zehaztapen larregietan sartu gabe, askapen mugimendua aktore historiko moduan konfiguratu da aldarrikapen herritar eta demokratiko batzuen inguruan. Aldarrikapen herritarra –independentzia eta sozialismoa– eta aldarrikapen demokratikoak –mugimendu sozialak, identitate-politikak, borroka feminista, gay eta lesbianen eskubideen aldekoa, ekologista, anti-arrazista…– desberdinak dira. Hala eta guztiz ere, batzuk besteen isla dira: aldarrikapen herritarra gizartean barne-muga antagonistiko zehatza artikulatuz gauzatu da, gure kasuan estatu zanpatzaileen eta Euskal Herria bere osotasunean ordezkatzen duen askapen mugimenduaren artean ematen dena. Aldarrikapen demokratikoek, berriz, diferentziaren logika dute oinarri, eta makina bat borroka partikularretan gauzatzen dira.


“Egia (...) perspektiba-distortsioek dakarten antagonismoaren benetako izaera da” diozu pasarte batean. Euskal Herriko politikaz idaztean, gehiegi errepikatzen den akatsa da ikuspegi “objektibo”-ak bilatu nahia?


Egia egon badago; ez dagoena da inpartziala den egiazko errealitaterik edo jakintza objektiborik. Egia egon badago, gainera, dena erlatiboa ez delako. Egia ez da, maiz joera pluralista erdikoietan aurreratzen den bezala, erdian-edo kokatzen den multiplo komun gutxienekoa, makina bat jakintza eta ikuspuntu desberdin eta balio bereko antzemanez lortzen dena. Alderantziz, egia perspektiba distortsioetan ematen den egia bera da: ez “gaineko”, “kanpoko” edo “erdiko” perspektiba “neutral” alderdigabekotik ematen den azaleko egia, itxuraz distortsiorik gabekoa; ezta distortsio askoren arteko fruituak nahastetik sortzen den koktel pluralista modukoa ere.

Funtsezko azken egiarik ez dagoela dioen ikusmen “pluralista”-erlatibistak, berdin desegin nahi du askapen mugimenduaren mami eraldatzaile benetakoa, azalduz gureak “balizko” gatazka batean murgilduta dauden independentziazale “autodenominatu” eta “ustezko” batzuen efektu ideologikoak direla. Eta bitartean, sinesten dute beraien hizkuntza garailearekin –edo kolaboratzailearekin–, hainbat jarrera zibilizatu eta moderatu, eta zenbait kontzeptu “neutral” eta “ez-ideologiko”-ren jabe direla –operazio ideologiko bat, par excellence–.


Horren aurrean, zuk subjektibotasun engaiatuaren alde egiten duzu.


Independentzia lortzeko prozesuan garrantzitsuena, metahizkuntza politiko-objektibo baten ezintasuna da. Independentziaren subjektuak ez du prozesua bideratzen distantzia objektibo baten bitartez. Independentziaren prozesuak berak eratu eta gauzatzen du independentziaren subjektua. Beraz, ezinezko da jakitea independentzia garaiz edo sasoiz lortzeko zein den une edo momentu egokia.

Horregatik, independentziaren prozesua errepikatu eta errepikatu egin behar da garaipenaren baldintzapenak sortuz, eta independentziaren subjektu eta eragilearen itxaropenak –nire itxaropenak, alegia– honetan dirau: ekin eta jarrai, are, hutsera jaurti beharrez gero ere, gauzak ondo aterako baitira; independentziaren aldeko errotiko zeinu arriskutsuak burutuz, ondorio posible guztiak argi ikusteko gauza ez banaiz ere, arriskuak hartzeko eragiletasuna erakusten dut, gero dena ondo aterako denaren esperantzarekin… Fanatikoa, ez da hala? Autoritarioa! Seguru asko. Baina ez zait batere axola. Niri, oraindik ere, Rosa Luxemburgen “espontaneismoa” atsegin zait, hor nonbait bere metaforizitate eraginkorrean.


Baina espontaneismo hori ez al dago kontraesanean askapen mugimenduaren abangoardismoarekin?


Ez. Abangoardiosmoaren salaketa hori lehoi buztan izan nahi bainoago sagu buru direnen partetik datorrelako soil-soilik, beste inondik ere ez; gainera, gai zein arrazoiketa osagarri ezagun bezain bigun batzuk erabiliz: pluraltasuna, heterodoxia, “demokrazia”-ren inguruan... Espontaneismoak, bestalde, ez du lidergoaren beharra ukatzen, ezta diziplina edo antolakuntzaren balioa ere. Afrikako Kongresu Nazionala plurala zen eta espontaneoak ziren helburu zehatz baten bidean sortzen zituzten hainbat borroka modu, baina inork ez du gero esango Hego Afrikako askapen mugimendua abangoardista eta ortodoxoa zenik, edo Nelson Mandelaren buruzagitza intolerantzian oinarritzen zenik.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-09-30 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Gernikako Estatua 2.0

2018-09-30 | Mikel Asurmendi
Daniel Olzomendi, Euskal Elkargoko kontseilaria
"Ez etorri bigarren etxe bat erostera, partekatu bizitza gurekin erosi gabe"

Izura-Azme, 1974; Oztibarre, Baxenabarre. Herri horretako auzapeza da. Euskal Elkargoko Turismo, Natura eta Ondarearen kontseilaria. Biologia eta geologia irakaslea Baionan: “Politikan aritzea ez da aise, ez bazara politikari profesionala bilakatzen bederen. Nik nahiago dut ene lanpostua atxiki, orduak tipituz, eta independente izan ene pentsatzeko eta egiteko moldetan”, erran digu. Hartara, 2020an bere karguen aldia bukatzen bazaio, irakaskuntzara itzuliko da denbora osoz, gustura... [+]


2018-09-30
Elkar topatzea

“Esan izan da hantustea dela musika klasikoa. Nork imagina zezakeen zintzarriak, txalaparta, txirula edota ttun-ttuna entzutea Vivaldiren partitura batean... Beharbada ustez urrun dagoena, benetan hurbil dago. Ea egotea den elkar entzun eta ulertzeko gakoa! 4 sasuak ia ia sedukzio jolas bat da. Bertan, hizkuntza arrotzak maitatu eta musika-tresna oso ezberdinak erakarri egiten dira”.


Mugikorra eskolan, zertarako?

Ez naiz ni debeku zalea, baina entzun diet ikastolen elkarteko eta eskola publikoko hainbat ordezkariri mugikorrak eskolan debekatu ordez haurrei sakelakoa egoki erabiltzen erakutsi behar zaiela, pedagogikoki tresna bikaina dela eta ikastetxe bakoitzak erabaki beharreko zerbait dela, eta galdera ugari geratu zaizkit airean.


2018-09-30 | Z. Oleaga
Mamadou Oury Diallo
"Nire bizitza beste askorena da"

Mamadou Ouryren bizitza oztopo lazgarrien kate baten eta horiek gainditzearen lekukotasuna da. Jaiotzetiko pobrezia Ginea Konakryn, Europara bidaia pateran, Almeriako plastikozko itsasoa, Arabako adingabeen zentroetako tratu txarrak eta kanporatze saiakera ilegalak, bizileku-baimena lortzeko ezin konta traba. Lekukotasun hau milioika pertsonaren historia konpartitua da. Atzo bezala, gaur ere bai.


Hamar urte krisian
Kasino globalaren pitzadurak hor jarraitzen du

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothersek kiebra onartu zuenean paradigma eta uste asko ere hondoratu ziren berarekin. Atzeraldi Handia-ren hasiera izan zen, nahiz eta finantza kapitalismoa aspaldi zebilen sistema irrazional baten mamua begiztatzen etxe-orratz distiratsuetan islatuta. Agintariek, egoera bideratu beharrean okertu egin dute: jendea ari da krisia pagatzen eta bankuek jarraitzen dute erruleta arriskutsuaren jokoan.


Martin Orbe. Abadea ere torturatua
"Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian"

Martin Orbek bazuen lagun bat, Eusebio Martija, inoiz hari zelan zegoen galdetu eta “Ederto, xehetasunetan sartu gabe”, Martini erantzun ohi ziona. Xehetasunetan sartu gabe Martin Orberen bizia ere: hierarkiatik aparteko apaiza, irakaslea, torturatua, Zamorako kartzelan egona, Gogor taldekoa, UEUren gidari… Xehetasunetan sartzera egin dugu, Orberen lagun Martija hark ez bezala. Nola esango nizuke, bada?


2018-09-30
Martin Orbe Monasterio (Errigoiti, 1934)

Abade Zeanurikoa, hogei urtez. Gogor taldekoa. Espainiako konkordatu kartzelan preso eduki zuten 1969tik 1972ra Zamoran. Gordin kontatuak ditu torturak Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) eta Apaizak ere torturatuak (Intxorta 1937, 2017) liburuetan. Espetxetik irten eta, berriz atxilo hartu baino lehen, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Udako Euskal Unibertsitatea gidatu zuen 1976tik 1983ra. UEUren Merezimendu saria jaso zuen 2012an. Euskaltzain ohorezko ere bada. Abade irauten du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude