Juan Kruz LakastaJosu Santesteban
Egiako Porrontxoen aurretik, festetan inork presoen argazkiak erakusten baditu diru laguntzarik gabe utziko dituela ohartarazi die Donostiako Udaleko gobernu talde sozialistak Jai Batzorde herrikoiko kideei.
Preso baten argazkia publikoki erakustea terrorismoa gorestea ote den oraindik erabakitzeko dute epaileek. Ezker abertzalearen ingurukoa izatearen batere susmagarri ez den Grande Marlaska jujeak, kazetari batek horretaz galdetu diolarik, erantzun adierazgarria eman dio: “Ekintza bat sozialki onartezina baina penalki garrantzirik gabea izan daiteke”.
Erabakia ezagutzera itxoin gabe, Eusko Jaurlaritza berriaren aginduz, Ertzaintzak presoen argazkiak erakutsi dituzten ehunka herritar identifikatu, atxilotu, salatu ditu. Eta hori guztiori gutxi bailitzan, orain herritarrei polizia lanak egitea exijitzen ari zaie, haien lagunak, ezagunak, auzokoak zelatatzea, ez ditzaten presoen argazkiak erakutsi.
Bistan da ezker abertzale tradizionaleko zenbait sektore indarkeriaren gorestea eta presoekiko elkartasuna bereizten dituen marra gorrian mugitu izan direla. Alta, bistan da, halaber, ETAren indarkeriaren kontra egonda, Ertzaintzaren gehiegikerien, presoen eskubideen urraketaren, politiko eta kazetarien espetxeratzearen, alderdien legez kanporatzearen aurka ere egon zaitezkeela. Eta bistan da jarrera horiek guztiak kriminalizatzea zuzenbide estatuaren mugak finkatzen dituen marra gorria txikitu egiten duela.
Garai txarrak askatasun zibiletarako, eskubide politikoetarako, adierazpen askatasunerako. Baina Eusko Jaurlaritza berriarentzako ere. Krisi ekonomiko alimalekoaren erdian, maniobrarako tarte gutxi. Hala, zigorgabetasunaren aurkako gurutzada haizatzen ari da haren jardueraren bandera bakartzat. Baina distrakzio maniobrak funtzionatzen segi dezan, hedabideak elikatu behar. Eta Gargantua aseezinok egunetik egunera gero eta gehiago eskatzen dute. Zein ote hurrengoa, ogia erosi aurretik indarkeria gaitzetsi behar izatea?
Bazka klase hori askoz irensgarriagoa da Madrilgo boto-emaileentzat hemengoentzat baino. Han sinets dezakete presoen argazkien ondoan ageri diren guztiak terrorismoaren goresleak direla. Hemen, nekez. Hemen denek dakite ezker abertzale tradizionalak ez ezik EAJk, Aralarrek, EAk eta EBko zenbait buruk presoen eskubideen aldeko manifestazioekin bat egin izan dutela, indar guztion artean EAEko boto-emaileen erdia baino gehiago ordezkatzen dituztela eta beraz Lopezen gobernua esaten ari dena dela herritar gehienak terrorismoaren goresleak direla. Juan Luis Zabalak idatzi bezala, ETA, ETA eta ETA: ETAkoa naiz, ETAren kontra nago eta ez dut baterako zein besterako batere gogorik.