Malenkonia goxoa


2009ko irailaren 13an
Katixa Agirre
Katixa Agirre
Garai batean, turistak “oraindik ez ditut argazkiak errebelatu” erantzun zezakeen, “zer moduz Salou?” edo “gustatu al zaizu Paris?” galdetzen ziotenean. Gaur egun, ez dago errebelatze momentura itxaron beharrik. Errebelatu ere, ez dakit norbaitek egingo duen, argazki dendak makal ikusten ditut behintzat azken urte hauetan. Argazkigintza digitalari esker argazkiak –lekuak– bertatik bertara gozatu daitezke. Edo borratu, txotxolo samar ikusten badugu geure burua. Garai bateko desfasea –leku batean egon/leku bat gozatu– amaitu egin da, edo murriztu.

Nire uda ere berezi samarra izan da, Alegrantziaren herri honetan. Lanaren etika kalbinistaren pean pasa ditut azken bi hilabete hauek, bulegari ordutegiarekin (nine-to-fiver esaten diete ni bezalakoei).

Ez dadila inor hunkitu, arren: astebeteko oporralditxoa ere hartu nuen, abuztu hasieran. Kotxe bat alokatu eta lau lagun on the road jarri ginen. Ordu gehienak autoan igaro genituen, baina tarteka jaitsi, gauza izugarriak ikusi –parke nazionalak, hondartzak, desertuak, kanoiak, kasinoak– eta argazkiak egiten genituen. Zientoka. Niri bateria amaitu zitzaidan arte.

Autoan, gizonak beti esertzen ziren aurrean, eta gu, emakumeok, atzean. Gizonek mapa eta kotxeari noizean behinka pizten zitzaizkion argi-seinale asaldagarriekin jarduten zuten bitartean, guk irratiko abestien gainetik kantatzen genuen, inongo preokupaziorik gabe.

Alboan neraman adiskidea berritsua zen oso, eta talentu berezia zuen besteen ahotsak eta azentuak imitatzeko. Barrezka jartzen ninduen bost minutu oro. Behin, ordea, paisaian kontzentratuta nengoela, isilik denbora gehiegi zeramala konturatu nintzen.

Harrituta, erdi-kezkatuta ia, lagunari begiratu nion: bere argazki-makinari begira zegoen, ateratako argazki bakoitza errepasatuz. Kopetilun zegoen. Bat-batean burua altxatu eta nire begirada harrituari erreparatu zion. Gizonengana zuzendu zuen begirada gero, eta inguruko paisaiari azkenean. “Ai, ama, hemen zaudete oraindik!” esan zuen. “Argazkiei begira lelotu eta halako malenkonia sartu zait, pentsatuz ze bidaia polita egin dugun, eta zenbat botatzen zaituztedan faltan”. Lau egun gelditzen zitzaizkigun oraindik bidaia bukatutzat eman eta elkarrengandik banatzeko.

Arinduta sentitu zen nire laguna bere burua kotxe hartan, errepide luze horietan berriz kokatu zuenean? Jarri zuen aurpegiagatik, ezetz esango nuke. Malenkonia sentimendu goxoa izan baitaiteke askotan, eta aukera askekoa. Bere argazki-makinaren pantailari begira oroitzapen pertsonalizatuak zituen, irudi bakoitzaren atzetik zer ezkutatzen zen, kasuan kasu imajinatu edo asmatu zezakeen. Baina errealitatean supituki erorita, koadrotik kanpo ere bizi beharra zuen. Eta bere bidaideak, faltan bota beharrean, agoantatu behar zituen.

Prentsaren mekanismoak direla eta, nire ttakunkada berri honek ere geroan kokatzen nau, artikulu honek argia ikusiko duenerako Alegrantziaren herria utzita, Impasse Histerikoaren herrian (hemen ezagutu dudan jakintsu baten hitzekin esanda) bueltan izango bainaiz. Malenkonikoki bukatu beharko nuke beraz nire lerro hauek, Alegrantziaren herrian bizitako guztia (bulegari ordutegia eta etika kalbinista barne) gogora ekarriz. Baina egun batzuk gelditzen zaizkit oraindik, artikulu honek Atlantikoa zeharkatzen duen bitartean. Limonada prestatzera noa beraz. Garratz gustatzen zait.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude